Larrialdi Legea indargabetu egin du Egiptoko Junta Militarrak

Mubarak presidentea kargutik kendu ondoren ere, legea erabili dute militarrek hainbat protesta isilarazteko

Erredakzioa
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Egipton 1981etik indarrean egon da Larrialdi Legea, eta atzo utzi zuen bertan behera Junta Militarrak. Hori jakinarazi du Mohamed Askar Indar Armatuen Kontseilu Nagusiko bozeramaileak, baina edozein istilu ez dela ondoriorik gabe geratuko gaineratudu: «Indar armatuek segurtasuna bermatzen jarraituko dute, eta zorrotzak izango dira legea betetzen ez dutenekin».

Otsailean Hosni Mubarak presidentea kargutik kendu eta gero herrialdearen gidaritza behin- behinean hartu zuten militarren konpromisoetako bat izan zen legea indargabetzea, baina irailean berriz jarri zuten indarrean, liskarrak saihesteko aitzakiarekin. 1981ean, berriz, Anuar al-Sadatek jarri zuen indarrean, eta Mubarakek jarraipena eman zion eskubide zibilen debekuari. 2010ean bi urte luzatzea erabaki zuen.

Segurtasun indarrei botere gehiago ematen zien legeak, hala nola prentsa eta elkartzeko askatasuna debekatzeko eskubidea edota eskubide zibil eta politikoak kentzekoa. Egiptoarrek berez ezin izan dute taldean egon, arriskutsua zelako. Urteetan zibilen kontra aritzeko arma eraginkorra izan da legea, eta otsailean hasi zen matxinadaren protesta asko geldiarazteko erabili dute. Hain zuzen, lege horren pean atxilotu dituztenetatik 188 preso daude oraindik, eta Human Rights Watchek eskatu du «lehenbailehen» aska ditzatela egoera horretan atxilotutakoak.

Legebiltzarrean

Atzo ziren legea eztabaidatzekoak legebiltzarrean, eta hori baino lehen hartu dute erabakia, Mohamed Askarren iritziz, militarrei dagokielako erabakia hartzea, ez legebiltzarrari. Anaia Musulmanen Justizia eta Askatasuna alderdia legearen kontra azaldu da, baina militarrek argi utzi dute ez dela haien eskumena. Azkenaldian bi erakundeen arteko ezinikusiak agerikoak izaten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.