igandea
Korsika: Abenduaren 12an hasitako gose greba bertan behera utzi zuten Errepresioaren Aurkako Batzordeko zazpi kidek. Korsikako presoak uhartera eramatea eskatzen zuten grebalariok. Korsikako Lurralde Asanbleak ahobatez salatu zuen presoen sakabanaketa aurreko ostegunean.
astelehena
Bretainia: Karibeko uharte bateko bandera zeraman ontzi bat Bresteko kaiara eraman zuten atoian, petrolio biltegiak itsasoan legez kanpo garbitu izanagatik.
asteartea
Sardinia: Forza Italiako Erromako Legebiltzarreko kide baten etxearen kontrako erasoa egin zuten Oristano herrian. Dinamitaz osaturiko lehergailu batek eztanda egin zuen Ignazio Manunza diputatuaren etxebizitzaren atarian. Komunismoaren Aldeko Nukleo Proletarioak (Npc) taldeak hartu zuen bere gain erasoaren erantzukizuna.
asteazkena
Eskozia: Irlandar Armada Errepublikanoari IRAri laguntza eman izana leporatuta, sei urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Michael Dickson eskoziarrari. Erresuma Batuko Armadan soldadu zebilen Dicksonek parte hartu zuen 1996ko ekainean britainiarrek Osnabrucken (Alemania) zuten base militarraren aurkako erasoan, fiskalen arabera.
osteguna
Galizia: Espainiako Legebiltzarrean eserleku bat gutxiago izango du Galiziak, Madrilgo Gobernuak, azken erroldaren datuak erabilita, eginiko birmoldaketaren ondorioz. Pontevedrak galdu du eserlekua. Egun zortzi ordezkari dituzte galiziarrek Espainian.
ostirala
Gales: Eskoletan arazoak sortzen dituzten ikasleak artatzeko Galesen diru gehiago emateko eskatu zion Cardiffi NUT Cymru sindikatuak.