Las Vegasko tiroketaren ondoren, armen kontrola hizpide dute AEBetan

Trumpek esan du «agian» armen gaia tratatu beharko dela, «baina ez orain». Demokratek armen kontrola areagotzeko eskatu dute

Donald eta Melania Trump Washingtonen, atzo goizean, Las Vegaserako bidaia abiatu aurretik. JIM LO SCALZO / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Las Vegasen (Nevada, AEB) 59 pertsona hil eta 500dik gora zauritu zituen Stephen Paddocken kasuak mahai gainean jarri du,berriz ere, armen kontrolaren inguruko eztabaida AEBetan. AEBetako presidente Donald Trumpek, ordea, ekidin egin du armen gaiaz hitz egitea. AEBetako presidentea Polizien eta larrialdi zerbitzuen lana goraipatzera mugatu da, eta agerraldi guztietan errepikatu du egileak «gizon ero bat» izan behar zuela. Atzo izan zen Trump Las Vegasen, tiroketaren biktimekin eta segurtasun indarrekin hitz egiteko. Washingtondik irten aurretik berarentzat «oso egun tristea» zela adierazi zuen presidenteak. Halere, herenegun egin zituen su armen eztabaidaren inguruko adierazpen bakarrak. «Agian, momenturen batean» eztabaida mahai gainean jarri beharko dela esan zuen, «baina ez orain».

Barack Obamak, presidente zela, armak eramateko eskubidea mugatzearen alde hitz egin zuen, baina emaitzarik lortu gabe. Trumpek, ordea, gogor kritikatu zuen bere aurreko kargudunaren jarrera. NRA Erriflearen Elkarte Nazionala Trumpen alde agertu zen hura presidentegai zela, eta, kargua lortzean, «Etxe Zurian lagun bat» zutela adierazi zion horrek armen aldeko elkarteari. NRA armak eramateko eskubidea mugatzearen aurkako lobby nagusia da, eta milioika dolar bideratzen ditu armak eramatearen aldeko Konstituzioaren bigarren emendakina babestera.

Alderdi errepublikanoko agintari askok bat egiten dute NRAren jarrerarekin, eta gaia jorratzea saihestu dute egunotan. Horregatik, alderdi demokratatik, azken urteetan legea aldatzearen alde agertu dena, lege proposamenak «blokeatzeaz» akusatu dituzte errepublikanoak. Presidentegai izaniko Hillary Clintonek NRAri «aurre egin beharra» azpimarratu du, «horrelakorik berriz gerta ez dadin». Kongresuko demokraten taldeak ere—gutxiengoa dira— agerraldi bat egin zuen atzo, armen kontrola areagotzea eskatzeko. «Zenbat hildako dira beharrezkoak kongresua esnatzeko?», adierazi zuen Elijah Cummings kongresistak.

Guztira, Paddockenak liratekeen 49 su arma aurkitu ditu Poliziak, hiru lekutan banatuta: tiro egiteko erabili zuen Mandala Bay hoteleko gela, Mesquite herrian —Las Vegastik 130 kilometro ingurura— zuen etxea, eta bere izenean dagoen beste jabetza bat, Nevada iparraldean.

Donald Trump AEBetako presidente denetik gertatu den lehen sarraskia da. Lehena, baina herrialdearen historia garaikideko hilgarriena. Aurretik, Obama presidente zela gertatu ziren azken urteetako sarraski handienetako batzuk. Azkena 2016ko ekainean, Orlandon. Erasotzaile batek 49 pertsona hil zituenLGTBI komunitatea bildu ohi den Pulse lokalean. Hura zen, igandekora arte, AEBetan gertatutako sarraskirik handiena.

Egunean 90 hildako

Egun, ehun biztanleko, 88 arma daude AEBetan, NBEren droga eta delituen aurkako bulegoak 2012an argitaratutako txosten baten arabera. Eta arma horien guztien erdiak biztanleen %3ren esku daude. Su armen biolentzia ekiditeko Brady kanpainaren arabera, 33.000 inguru dira urtero AEBetan su armekin hiltzen direnak, egunean 90 baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.