Las Vegasko tiroketaren ustezko egileak 42 su arma zituen hotelean eta etxean

AEBetako inoizko sarraskirik handieneko hildako kopurua 59ra igo da. Etxe Zuriak adierazi du ez dela garaia armen kontrolaz eztabaidatzeko

Iosu Alberdi.
2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Igandeko Las Vegasko (Nevada, AEB) tiroketan ustez 59 pertsona hil eta 527 zauritu zituen gizonak, Stephen Paddockek, 42 su arma zituen guztira. Horietatik 23 tiro egin zuen Mandala Bay hoteleko gelan zituen, eta beste hemeretzi bere etxean, Mesquiten —Las Vegastik 130 kilometro ingurura dagoen herria—. Horrez gain, Poliziak hainbat nitrato amoniako kilo aurkitu ditu Paddocken autoan. Lehergailuak egiteko erabili ohi da material hori.

Erasotzaileak Mandala Bay hoteleko 32. pisutik egin zuen tiro, handik 350 metro ingurura ospatzen ari zen Route 91 Harvest country musika jaialdiko 22.000 ikusleen aurka. Poliziaren arabera, egileak bi gailu zituen bere arma erdiautomatikoan, arma automatiko baten moduan tiro egiteko. Era horretan, AEBetako historia garaikideko sarraskirik handiena eragin zuen.

Clark konderriko —Las Vegas han dago— sheriff Joseph Lombardok adierazi du Paddockek Poliziaren SWAT segurtasun indar bereziei tiro egiten igaro zituela bere azken uneak. «Ondoren, uste dugu bere buruaz beste egin zuela, gu gelara sartu aurretik», azaldu du.

Ikertzaileek lau eszena nagusitan fokuratu dute ikerketa: Mandala Bay hoteleko erasotzailearen gela, jaialdia ospatu zen gunea, bere etxea, Mesquiten, eta bere izenean dagoen beste jabetza bat, Nevada iparraldean.

Paddockek, ustez, Mesquite herriko denda batean erosi zituen armak. Dendak berak mezu bat igorri du Paddock hango bezero zela baieztatzeko. Mezuan adierazi dute «lege guztiak» bete zirela armak saltzeko garaian, eta inoiz ez zuela arrazoirik eman buru arazoren bat zuela pentsarazteko.

Igandean, ustez, Paddockekin hotelean emakume bat egon zela zabaldu zuen Poliziak. Lombardok adierazi duenez, AEBetatik kanpo dago, baina haren inguruko ikerketa bat abiatu dute, erasotzaileari inolako laguntzarik eman zion argitzeko.

EI Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen tiroketaren egiletza, baina, astelehenean FBIk egin bezala, atzo Lombardok ere baztertu egin du «nazioarteko terrorismoarekin» zerikusirik izatea.

Prentsaurreko berean, konderriko agintari Steve Sisolakek herritarren laguntza eskertu zuen: «Sei eta zortzi orduko ilarak daude odola emateko zentroetan».

Trumpen isiltasuna

AEBetako presidente Donald Trump, bien bitartean, Puerto Ricon egon zen atzo, Maria urakanak eraginiko kalteak gertutik ikusten. Gaur, berriz, Las Vegasera bidaiatzekoa da, hango segurtasun neurriekin bildu eta tiroketako zaurituekin hitz egiteko.

Asteleheneko prentsaurrekoan egin bezala, atzo ere, tiroketa «gizon ero» baten lana dela adierazi zuen Trumpek. AEBetako presidenteak uko egin dio Mandala Bay hotelean aurkitutako 23 su armen inguruan hitz egiteari, eta Poliziaren lan «azkarra» goraipatzera mugatu da, horien lana «mirari» gisa definituz.

Presidentetzako bozeramaile Sarah Sandersek azaldu du «goiz» dela armen kontrola areagotzeko legediaz hitz egiteko: «Uste dut eztabaida hori aurrerago egin beharko litzatekeela». Halere, Sandersek gogorarazi du Trump presidentea armak eramatearen «defendatzaile sutsua» dela.

Alderdi demokratako legegile ugarik «armen kontrolaren aldeko legeak blokeatzea» uzteko eskatu diete errepublikanoei, igandeko tiroketaren ondoren. Trump, ordea, NRA Erriflearen Elkarte Nazionalaren alde agertu zen 2016ko hauteskundeetan. NRA armen kontrol handiagoaren aurkako presio talderik garrantzitsuena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.