Amerikako VII. Goi Bileraren atarian eta Txiletik bueltatu berritan erantzun ditu Esteban Antxustegik (Donostia, 1957) BERRIAko galderak. Latinoamerikara joan-etorrian ematen du urtea, eta hango errealitate «plurala» gertutik ezagutzen du. Baikor da AEBen eredu hegemonikoaren kontra Latinoamerikako herrialdeek azken boladan hartutako bideaz. Filosofia Politikoko irakaslea da EHUn.
Zer-nolako giroa igartzen duzu?
Momentu honetan dena puri-purian dago Latinoamerikan. Aldaketarako gogo handia igartzen da, eta amaitua dago jada orain arte erreferentzia gisa hartutako Ipar Amerikarekiko paternalismo zurruna. Jendea ohartu da ezin duela orain arte bezala segitu. Ekonomikoki, orobat, indartzen ari dira herrialdeak. Inoiz baino polarizatuago ikusten dut Latinoamerika: sumatzen dut errealitate dezenteko lurraldea dela, ez bakarrekoa.
Goraldia sentitu duzu inguruan?
Aukera izugarriak ikusten dizkiot Latinoamerikari. Gaur-gaurkoz, AEBek ezin diezaiekete lehengo politikei eutsi; ez da posible. Eta Latinoamerikan orain ekin diote burujabe izateko protagonismoa barneratzeari. Kapitalismoa erabat hankaz gora dago, eta AEBak ez dira lehen zirena: iraganean, nolabaiteko begirune batekin begiratzen zitzaion Latinoamerikatik. Baina gaur egun sortzen ari diren mugimenduek garbi dute burujabe izateko haiek gidatu behar dutela bidea, AEBetatik at. Egitasmo berriak sortzen ari dira behin eta berriro, etengabe. Beti egongo dira, ostera, AEBetako morroi segitu nahi duten sektoreak, noski.
Hegemoniari uko egiteko prest al legoke AEBetako Gobernua?
Politika horiek ez dute zentzurik uneotan; badakite Washingtonen ere. AEBei ihes egiten die Latinoamerikako egoerak. Zergatik? Latinoamerikak bere etorkizunaren kontzientzia hartu berri duelako.
Garapen instituzionala falta da?
Hor dago hutsunea: sentipen hori ez dago egitasmo politiko baten pean. Politika liberalak egiten ari dira leku batzuetan, baina ekonomikoki funtzionatu egiten dute. Proiektuak pluralak dira, AEBen ezinbestekotasuna kolokan jartzen dutenak. Ideia leundua dago.
Eta nolako bilkura espero duzu?
Zaindari rola jokatuko dute AEBek, barneratuta baitute ezin diotela eutsi joera hegemoniko horri; saiatu arren, ezin dutela. Ezintasuna antzematen zen lehen Latinoamerikan: proiektu politiko komun baten beharra, AEBen kontra. Irudipena dut oraintxe proiektu denek gai ikusten dutela beren burua; harro daudela, dagokiena aldarrikatzen dutela, iraganeko konplexuez gaindi. Latinoamerikako gizartea bizirik dago. AEBetako mamua desagertu eta beldurra uxatuta, AEBak baino gehiago da.
Esteban Antxustegi. Filosofia Politikoko irakaslea
«Latinoamerikan garbi dute beren geroaren gidari izan behar dutela burujabe izateko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu