Frantziako Gobernuak Korsikari autonomia emateko proiektuari buruzko iritzia eman zuten atzo korsikarrek erreferendum bidez, eta egitasmoaren aurkakoak izan dira irabazle. Estu-estu ibili dira aldekoak eta kontrakoak: hain zuzen ere, autonomia proiektuaren aldeko bozkatu du %49,02ak, eta, kontra, berriz, %50,98ak. Beraz, puntu eskas batera ere ez da iristen aldekoen eta kontrakoen arteko aldea, baina diferentzia txiki hori nahikoa izan da Korsikak lehengo estatus berarekin —bi administraziotan banatuta, eta Frantziari erabat lotuta— jarri dezan bermatzeko.
Jean-Pierre Raffarin Frantziako lehen ministroa zein Nicolas Sarkozy Barne ministroa atsekabetuta agertu dira emaitzarekin, azken batean, beren Gobernuak bultzatutako proiektuak porrot egin baitu. Dena den, erreferenduma Gobernuarentzat loteslea ez den arren, emaitza errespetatu egingo dutela ziurtatu dute.
Atsekabea agertzearekin batera, Sarkozyk ohar zorrotza egin die abertzaleei: "Zigorrik gabeko garaiak" amaitu direla esan du, nolabait, errepresio bolada gogorra iragarriz.
Abertzaleak ere —batik bat, Corsica Nazione mugimenduaren inguruan biltzen direnak— atsekabetuta azaldu dira erreferendumaren emaitzarekin;independentziarak bidean aurrera egiteko "aukera historiko" bat galdu dela azpimarratu dute.
Ezezkoak irabazi izanaren arrazoiak bilatzen hasita, asko eta konplexuak direla dioe analistek. Izan ere, alderdi nagusiak —Gobernuko zentro-eskuina, PS eta Corsica Nazione— alde ziren, eta, hala ere, ez dira proiektua aurrera ateratzeko gai izan. Ildo horretatik, iragan ostiralean Yvan Colonna militante abertzale ezaguna atxilotu izana ezezko botoaren sustatzaile izan dela uste dute batzuk. Hau da, Frantziako Gobernuaren egitasmoak erabat asetzen ez zituen abertzaleak haserretu egin direla Colonnaren atxiloketarekin, eta ez dutela autonomiaren alde bozkatu.
FLNCk ere Colonnaren atxiloketa salatzeko egin ditu bart gaueko atentatuak. Claude Erignac Korsikako prefektu zenaren hilketa leporatzen diote Colonnari. 1998an hil zuten Erignac.
Erreferenduma Korsikan
Lau atentatu izan dira bart, autonomiari ezezkoa esan zaion gau berean
Udako lau apartamendu suntsitu dituzte bart gauean Tiuccian, Korsika hegoaldean, lehergailu bidez. Kalte materialak handiak izan badira ere, inor ez da zauritu atentatu horietan etxe guztiak hutsik baitzeuden. FLNC Korsikako Askapen Nazinoaleko Fronteak hartu ditu erasoak bere gain, eta Yvan Colonna atxilotu berri duten "abertzalearen omenez" egin dituela nabarmendu du. Autonomiari buruzko erreferendumean ezezkoak irabazi duela jakin eta ordu batzuren buruan jazo dira atentatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu