Mahoma karikatura batean irudikatzea leporatu diote LeMan aldizkariari. Ilustrazio hori musulmanen sinesmenekiko errespetu falta gisa interpretatu dute, eta, ondorioz, Istanbulgo Fiskaltzak ikerketa judiziala ireki du aldizkariaren aurka. Lau dira atxilotutako langileak: erredaktoreburua, diseinatzaile grafikoa, zuzendari instituzionala eta marrazkilari bat. Istanbulen herritar asko atera dira beren ezinegona adieraztera.
«Odola eta mendekua», «Gora xaria legea» eta halako aldarrikapenekin gerturatu dira protestariak LeMan aldizkariko Istanbulgo egoitzara atzo gauean. Izan ere, joan den astean, komunikabide satiriko horrek argitara eman zuen Israelen eta Iranen arteko gatazkaren inguruko irrimarra bat, bi gizon musulman irudikatuz Israelek bonbardatutako hiri batean. Tentsioak sortzearen arrazoia: askoren ustez, bi gizon horiek Moises eta Mahoma profetak dira.
Mahoma profeta Islameko figura sakratuenetako bat da, eta hura irudikatzea guztiz debekatuta dago erlijioan. Haren karikaturak eta edonolako errepresentazioak «mehatxua dira balio erlijiosoentzat eta bakearentzat», Yilmaz Tunc Turkiako Justizia ministroaren esanetan. Beraz, LeMan-eko irudia profetaren irudikapen gisa interpretatu izanak haserrea eta gatazka eragin ditu Istanbulen.
Nahiz eta karikaturak mezu politikorik edo irainik ez eduki, hainbat dira LeMan aldizkaria ixteko eskatzen ari direnak. Istanbulgo Fiskaltzaren ikerketa judiziala aurrera doa, eta aldizkariko lau langile atxilotuak izan dira, Turkiako Zigor Kodeko 216. artikulua urratzea leporatuta; “balio erlijiosoen kontrako irain publikoak” jorratzen ditu.
Hala ere, komunikabideak esan du «gaizki-ulertu bat» izan dela. Aldizkariaren arabera, ilustratzaileak Israelek hildako musulman bat irudikatu nahi zuen karikaturan, zapaldutako herri musulmanaren zilegitasuna nabarmenduz. Irrimarrak inola ere ez diola Mahoma profetari erreferentziarik egiten azpimarratu du LeMan-ek ohar batean: «Ez dugu onartzen egozten digutena, ez dagoelako gure profetaren irudikapenik. Asmo gaiztokoa izan behar da karikatura horrela interpretatzeko».
Aldizkariaren ospeak eta haren aurrekariek tentsioak sorraraztea erraztu dute. 1991n sortu zuten LeMan, eta ezaguna da bere satira politikoengatik; sektorerik kontserbadoreenek jopuntuan izan dute luzaroan, bereziki Frantziako Charlie Hebdo aldizkariari 2015eko pareko gatazkan emandako babesaren ondoren.
Turkiako Gobernuak agertu du «lotsagabe horiek» legearen aurrean erantzun behar izango dutela, eta, Turkiako hedabideek jakinarazi dutenez, Fiskaltza Nagusiak gestioak hasi ditu aldizkariaren zenbaki hori konfiskatzeko eta sare sozialetako kontuetarako sarbidea blokeatzeko.