Udaberriko ekinokzioarekin batera ospatzen dute Kurdistanen Newroz urteberriko jaialdia, martxoaren 18 eta 24 artean —egun handia herenegun izan zen—. Turkiak, baina, ospakizunak egitea debekatu die aurten ere haren menpeko kurduei, eta istilu gogorrak izan dira egun hauetan Kurdistan iparraldean eta Turkiako hainbat hiritan. Kurdistango Firat News agentziak jakinarazi duenez, iragan larunbatetik asteazkenera bitarte 679 lagun atxilotu ditu Turkiako Poliziak.
Ankarak martxoaren 21a baino lehenago deituta zeuden elkarretaratze guztiak debekatu zituen; baina Firat Newsen arabera, iragan igandean milaka lagun atera ziren karriketara debekuari muzin eginez. Martxoaren 21aren aitzineko igandean ospakizun handiak egiteko ohitura dute kurduek. BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiak 130 ekitaldi inguru antolatu zituen, eta hainbatetan istiluak sortu ziren Polizia horiek bertan behera uzten saiatu zenean. Gertakari larrienetakoa iragan larunbatean gertatu zen Turkiako hiri handienean, Istanbulen. Poliziak Haci Zengin BDPko ordezkaria hil zuen, negar eragiteko gas pote batekin buruan kolpatuta, eta alderdi horretako diputatu Mulkiye Birtane ospitalera eraman zuten zaurituta.
Urtea hasi denetik 2.945 kurdu atxilotu ditu Poliziak, TIHV Turkiako Giza Eskubideen Fundazioak emandako datuen arabera. Batez bertze, egunean 36 lagun atxilotu dituzte, beraz. Martxoa, amaitu ez den arren, hilabeterik gogorrena izan da, 1.095 kurdu atzeman baititu Poliziak hiru astetan. Otsailean 693 lagun atxilotu zituzten, eta horietako 178ri badaezpadako espetxealdia ezarri zieten.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak, ordea,BDPren bizkar paratu du egoera, eta Newrozen izandako istiluen erantzukizun osoa leporatu dio alderdiari, baita Istanbulgo manifestaziokoak ere, han hil baitzuen Poliziak Zengin. BDPri egotzi dio karrikak «gudu zelai» bilakatzea, eta PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiak, berriz, Newroz jaialdia «pozoitu» duela erran du Erdoganek. Lehen ministroak kurduei eskatu die ez diezaiotela BDPri babesa eman, eta horren ordez Erdoganen AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiaren alde egin dezatela.
Hamabi hildako borroketan
Erdoganek jakinarazi du ere Kurdistan iparraldeko Cudi mendietan erasoaldiarekin jarraituko duela Turkiako armadak, «azkenera arte». Iturri ofizialen arabera, atzo sei polizia eta PKK-ko bertze sei gerrillari hil ziren eremu horretan izandako borroketan. Aurten gerrillaren aurka egindako operazio handiena da. Normalki armadak egin ohi ditu gisako erasoaldiak, baina Poliziako eliteko taldeak ari dira oraingoan.
Lau egunetan 679 kurdu atxilotu ditu Turkiako Poliziak, Newrozen harira
Kurduen urteberriko ospakizunak debekatu zituen Ankarak; Erdoganek BDPri egotzi dio istiluak sortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu