Auzitegi Militarrak 2013an emandako epaiaren antza du Marokoko Helegite Auzitegiak 24 sahararren aurka ebatzitako zigorrak. Gdeim Izikeko kanpalekua desegin zutenean, 2010eko azaroan, han zeudenak kanporatzera joandako 11 poliziaren hilketan parte hartu izana leporatzen diete, eta auzitegiek zigorrak ezarri dizkie, lau urtekoak txikienak, bizi osokoak gogorrenak. Salatu dutenez, Poliziak eta militarrek epaitegia inguratu dute, eta ez diete sartzen utzi auzipetuen senideei.
Akusatuetatik bi aske geratu dira. Izan ere, epaitegiak sei urte eta erdiko zigorra ezarri dio Deich Dafi, eta lau urte eta bost hilabetekoa Bakay Arabiri; ordea, biek denbora hori baino gehiago igaro dute kartzelan, eta, beraz, zigorra betea dute. Gainontzeko auzipetuei hogei urtetik bizi osora arteko zigorrak jarri dizkiete.
Hassanna Aalia izan zen lehen epaiketan auzipetuetako bat. Epaiketa egin zutenean Euskal Herrian bizi zen, eta asilo politikoa eman diote gerora. Hark behin baino gehiagotan salatu izan du epaiketa politikoa dela 24 sahararren aurkakoa, besteak beste, Rabaten ari direlako epaitzen Aaiunen —Mendebaldeko Saharan— gertatutako zerbait: "Marokok ez dauka Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasunik".
Bermerik gabe
Aalia ez da, baina, auziaren sinesgarritasuna zalantzan jarri duen bakarra. Nazioartean kanpaina bat bultzatu dute gobernuz kanpoko hainbat erakundek, salatzeko auzipetuek torturapean deklaratu zutela. Besteak beste, hori izan zen Epaitegi Militarraren ebazpena bertan behera uzteko arrazoietako bat.
Gdeim Izikeko Duintasunaren kanpalekua erresistentziaren ikur bilakatu zen. Aaiun hiriburuaren kanpoaldean milaka haima ezarri zituzten sahararrek, autodeterminazioa aldarrikatzeko. Azaroaren 8ko goizaldean, ordea, militarrek indarkeriaz desegin zuten kanpalekua. Marokoko militarrek, helikopteroekin eta autoekin sartu, eta dena suntsitu zuten. Hurrengo egunetan borroka gogorrak izan ziren hirietan, eta, ordutik, haimak eta ikurrak guztiz debekatuta daude.
Marokok 1976an inbaditu zuen Mendebaldeko Sahara. Fronte Polisarioarekin 1991n sinatutako su-etenaren baldintza, erreferenduma egitearena, ez du bete.