Le Penen alabak hartu du lekukoa Frantziako Fronte Nazionalaren buruzagitzan

Heldu den urteko presidentetzarako bozetan botoen %16,5 eta %18 artean lortuko duela diote inkestek

2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Marine Le Pen (Neuilly-sur-Seine, 1968) izango da hemendik aurrera Frantziako FN Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdiko presidentea. Kargu horretan, aitari hartu dio lekukoa; Le Penek berak sortu zuen alderdia1976. urtean, eta eskuin muturrari bultzada handia eman dio urteotan; presidentetzako hauteskundeen bigarren itzulira iritsi zen 2002an. Alabak marka hau hauts lezakeela ageri dute inkestek.

Tours hirian ostiralean hasi zen Fronte Nazionalaren 14. Kongresua. Amaieran, hots, gaur bertan, iragartzekoak ziren alderdiko 24.000 kideen botoen emaitzak; atzo, baina, garailearen izena filtratu zen hedabideetara. Gaur egiaztatzekoak diren datu horien arabera, Marine Le Penek FNko alderdikideen botoen %67 inguru bereganatu ditu. Eskuin muturreko indar politikoaren buruzagitzara lehiatu den beste hautagaiak, Bruno Gollnish presidenteordeak, beraz, botoen herena inguru eskuratu du. Politika adituen arabera, emaitza horiek alderdiaren batasuna bermatuko dute, are seguruago Gollnishek jarraitzen badu presidenteorde karguan.

Marine Le Penek abantaila erabakigarri bat bazuen lehiaketa horretan garaile irteteko: aitaren sostengua. Izan ere, gaur egun, 82 urtetan, Jean-Marie Le Penek itzal handia du oraindik eskuin muturreko alderdikideen eta jarraitzaileen artean. Agerikoa dairaganeko kontua dela 1998an Bruno Megret orduko idazkari nagusiak beste hautagai baten alde egitean sortutako barne gatazka. Haatik, FNren presidentetzarako Le Penen alabak Gollnishi gailentzearekin belaunaldi berri bat agintean jartzen ari dela nabarmendu dute politika adituek.

FNren itxura «leundu»

Azken urteotan telebista kateetan eta zabalera handiko hedabideetan egin dituen agerraldietan, Marine Le Pen saiatu da FNren itxura «leuntzen». Hala, «laikotasunaren» eta «errepublikaren balioen» defentsa aldarrikatzen ibili da berrikitan, gai horiei erabateko arbuioa agertu dietelarik beti FNren hasierako osagaietarik izan diren kristau integrista edo tradizionalistek zein erregetiarren mundutik etorritakoek.

Informazio hedabideetan gero eta handiagoa duen presentziari esker, Marine Le Penen arrakasta handitu egin da azkenaldian. Marianne astekariak aste honetan plazaratu duen CSA inkestaren arabera, Marine Le Penek bozen %18 lortuko luke heldu den urteko presidentetzako hauteskundeen lehen itzulian, PS alderdi sozialistako hautagaia Dominique Strauss-Kahn izango balitz eta %17 Martine Aubry izango balitz. Gauzak horrela, aitak 2002an lortutako botoen %16,8ko marka gaindituko luke. Ez litzateke, haatik,bigarren itzulian egongo, honetan lehiatuko bailirateke bakarrik Nicolas Sarkozy jarduneko presidentea eta sozialisten hautagaia.

Jean-Marie Le Penen alabak arrakastarik izanik ere, CSA inkesta honek berak nabarmendu du erantzuna eman duten herritarren %74k eskuin muturrekotzat jotzen dutela eta %59k arrazistatzat. Hala eta guztiz ere, galdekatuak izan diren frantses herritar horien iritzian, Marine Le Pen «adoretsua» da —%71k hala ikusten dute—, baita «modernoa» ere —horrela jotzen dutelarik erantzuleen %47k—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.