Iragan igandean CiUko hainbat buruzagik Bartzelonako galdeketan independentziaren alde bozkatu eta hiru egunera, independentzia aldarrikatzeko lege proposamenak Kataluniako Legebiltzarrean aurrera egitea eragotzi du CiUk. Haren 62 diputatuak abstenitu egin ziren atzoko saioan, bi fronteen artean igeri egin eta SI Solidaritat Catalana per la Independenciaren proposamenari bidea ixteko. Bazekiten beraien abstentzioak PSC, PP eta Ciutadans alderdien osoko zuzenketen onarpena bermatuko zuela. Hori horrela, 49 diputatuk egin zuten lege proposamenaren kontra; ERC eta SIko hamahiru diputatuek eta SItik ateratako Joan Laportak alde, eta CiUko eta ICVko 72 diputatuak abstenitu egin ziren.
Legebiltzarrean saioa hasi baino lehen baieztatu zuen Francesc Homs Kataluniako Gobernuko eledunak abstenitu egingo zirela: «Ez gara makurtuko gaizki moldatzen diren eta elkarrekin bi hilabete ere iraun ez duten lau diputaturen aurrean». Hala ere, SIk eginahalak egin zituen CiUren asmoa aldatu eta lege proposamena aurrera ateratzeko. Alfons Lopez Tena SIko eledunak akordio eskaintza egin zion posta elektroniko bidez Artur Mas presidenteari, lege proposamenaren artikulu bat ezabatzea eskainiz. Izan ere, artikulu horrek Kataluniako independentzia legealdi honetan aldarrikatzera behartuko luke gobernua. Alferrik izan zen, ordea, SIren ahalegina.
Ondo neurtutako joko bikoitza erabili du CiUk azken asteotan independentziaren inguruko auzian. Orain alde, orain kontra. Une honetan, CiUk Espainiako Gobernuarekin 1.450 milioi euroko lehiakortasun funtsaren inguruan lortu beharreko akordio fiskalean jarri du bere muga subiranista. Eta Oriol Pujol alderdikideak esan duenez, ez dute baztertu akordio fiskala bultzatzeko galdeketa egiteko aukera.
Erregearen pare
Dena dela, lan nekeza izan zuen Masek Legebiltzarrean batzuen eta besteen aurrean bere alderdiaren abstentzioa azaltzeko. «Gehiengo zabalak bilatu behar dira horrelako autodeterminazio eskubideak ezartzeko», esan zuen. Uriel Bertran SIko diputatuak «bloke espainolistarekin» ez lerratzeko eskatu zion, baina Masek esan zuen «inkoherentea» litzatekeela bere alderdiak lege proposamena babestea, hauteskunde programan ez baitzuen independentziarik proposatu.
Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPko presidenteak iragan igandeko galdeketa independentistan parte hartu izana leporatu zion Masi. CiUren «inkoherentzia» salatu zuen PPk, legezko baliorik ez duten erreferendum independentistetan baiezkoa emateagatik eta eztabaida Legebiltzarrera iritsi denean abstenitzeagatik. «Presidente izateaz gain, herritarra ere banaiz, eta herritar gisa botoa emateko eskubidea dut, erreferendum bat egiten denean erregeak bozkatzen duen bezala. Ez didazue eskubide hori kenduko», erantzun zion Masek.
Horrez gain, Parlamentu kanpoan istiluak izan ziren asteartegauean. SIren ehun jarraitzaile inguru bildu ziren lege proposamena onartzeko eskatzeko; Udaltzaingoak, ordea, hustu egin zuen ingurua, eta kateatuta zegoen lagun bat atxilotu. Azkenean, Parlamentu aurrean igaro zuten gaua SIko hiru diputatuk eta beste bi alderdikidek.
Independentziaren Legeak amaitu du bere bidea, baina independentziaren aldeko olatuak aurrera segitzen du. Plataforma independentistetako hainbat kidekerreferendum lotesle batera deitzea proposatzen duen herri ekimen legegilea erregistratu zuten atzo Kataluniako Parlamentuan. Legebiltzarreko Mahaiak erabaki beharko du orain eztabaida ganberara eraman ala ez. Iaz, hirukoaren legealdian, Legebiltzarreko Mahaiak atzera bota zuen antzeko herri ekimen legegile bat.
Herrialde Katalanak. Independentziaren Legea
Legebiltzarreko ateak itxi dizkio CiUk Independentziaren Legeari
Artur Masen alderdiko 62 diputatuen abstentzioak PSC, PP eta Ciutadansen kontrako botoak irabaztea bermatu duGaldeketa lotesle bat izan dadin, herri ekimen legegile bat erregistratu dute Parlamentuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu