Ez du eztabaida itxitzat eman, baina Espainiaren mendeko autonomia erkidegoen eskumenak ugaritzeari buruz zalantzak dituela aitortu du Rafel Catalak. "Ez dakit eskumenak zabaltzeko garaian gauden, edo elkarlaneko eta elkarkidetzako tresnak indartzeko garaian, edo, are gehiago, gobernu zentrala politika publiko oinarrizko batzuk berriro bere gain hartzeko momentuan".
Eskumen batzuk beharbada "zabaldu" litezkeela aitortu du, edozein moduz, Espainiako Justizia ministroak. "Ez dugu eztabaida hori mahai gainetik kendu". Baina segidan erantsi du: "Autonomien estatua tinkotzeko garaian beharbada zentzua zuten politika batzuek agerian jarri dituzte, orain, disfuntzionalitateak, eta baita ondorio disonanteren bat ere".
ETAren bukaerari buruz, Catalak uste du "ondo konplexua eta ñabarduraz eta zailtasunez betetako" prozesua dela. Euskal presoen inguruan urratsak egiteko baldintza gisa, aipatu du "ETA desagertzea, armak entregatzea eta taldea desegitea" ezinbestekoa dela. "Hori da bide bakarra, eta hori da datozen garaietan espero dugun gauza bakarra".
"Legez kanporatzeak ez daude mahaiaren gainean"
Belgikan dauden politikariek eta kartzelan daudenek beren eskubide politikoak osorik dituztela azaldu du Catalak, eta abenduaren 21eko hauteskundeetan hautagai gisa aurkezteko inolako arazorik ez dutela. Eskubide hori kentzeko "denborarik" ez dagoela erantsi du gainera. Erantsi du independentistek eragindako "ordena konstituzionalaren asaldura" konpontzea ahalbidetuko dutela hauteskundeek.
Gainera, Catalak zehaztu du gobernuak ez duela alderdi politikoak legez kanporatzeko "inolako planteamendurik". Argi esan du: "Ez dago mahaiaren gainean". Espainiako sistema politikoaren defentsa egin du, eskubide politikoak eta adierazpen askatasuna "bermatuta" daudelako: "Espainian posible da errepublikanoa edo independentista izatea, eta demokrazia honetan bizitzea eta parlamentaria izatea, baina arauen barruan".
155. artikulua, abenduaren 21 arte
Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena abenduaren 21ean bukatuko dela seguru agertu da Justizia ministroa. Egun horretatik aurrera, Katalunian gobernu berria eratuta —nahiz eta independentista izan— arazoa konpondu egingo da, Catalaren esanetan. Artikuluaren ezarpena "moderatua eta zuhurra" izan dela nabarmendu du.
Zehazki aipatu du abenduaren 21aren ondoren gobernu independentista bat sortzeak ez duela esan nahi berez, 155.ari segida emango zaionik, artikulu hori ez baitute ezarri arrazoi ideologikoengatik, baizik eta Kataluniako Gobernuaren bere betebeharrak urratu dituelako.
Belgikako justiziari eta Puigdemonti buruz ere hitz egin du Catala ministroak. Haren hitzetan, ezin dira konparatu Auzitegi Nazionaleko magistratuak hartutako erabakiak eta Belgikako epaileak hartutakoak. Hala ere, Belgikan dauden Kataluniako Gobernuko bost kideak atxilotu eta entregatzeko aginduak "bukaera ona" izango duela ziurtatu du: "Orain Espainiatik kanpo dauden pertsona horiek auzitegi espainiarren aurrean aurkeztuko dizkiete azkenean".