Lehen agintaldian bezala, Trump agudo hasi da gobernua aldatzen

Trumpek Michael Waltz Segurtasun Kontseiluko aholkularia kargugabetu du, eta NBEko enbaxadore izateko proposatu. 'Signal auziaren' erantzule izan zen, eta 101 egun besterik ez ditu egin karguan.

Michael Waltz, apirilean, artxiboko irudi batean. CHRIS KLEPONIS / EFE
Michael Waltz, apirilean, artxiboko irudi batean. CHRIS KLEPONIS / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko maiatzaren 2a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak kide leialak nahi ditu gobernuan, eta ez du duda-mudarik egiten esanei men egiten ez dietenak kaleratzeko orduan. Haren lehen agintaldian (2017-2021) AEBetako beste edozein presidenterenean baino kaleratze eta dimisio gehiago izan ziren, eta dagoeneko hasia da urtarrilaren 20az geroztiko gobernuan moldaketak egiten. Promes egin zuen agintaldiko lehen ehun egunetan behintzat ez zuela inor kenduko gobernutik; bada, atzo egin zuen lehen kargugabetzea Trumpek, agintean ehun egun bete eta biharamunean: Michael Waltz Segurtasun Nazionalerako aholkularia kendu zuen kargutik.

Waltz AEBetako armadako kide izan zen lau urtez 90eko hamarkadaren amaieran; 2000 eta 2002 bitartean, indar berezietako ofiziala ere izan zen Afganistanen, Ekialde Hurbilean eta Afrikan; bestalde, Ordezkarien Ganberako kidea izan zen 2019tik Trumpek kargua hartu arte, eta azken hiru hilabeteetan Trumpen gobernuan egon da. Waltzen ibilbidea goraipatu du AEBetako presidenteak, azpimarratuz «nazioaren interesak lehenesteko gogor lan egin» duela, eta iragarri du Nazio Batuen Erakundean AEBen enbaxadore izateko proposatuko duela. «Elkarrekin, nekaezin jarraituko dugu borrokan AEBak eta mundua berriro ere seguru bihurtzeko», esan du Truth sare sozialean.

Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak hartuko du Waltzen lekukoa, behin-behinean. Rubiok baino lehen, pertsona batek bakarrik izan ditu bi karguok aldi berean: Henry Kissingerrek, Richar Nixonen eta Gerald Forden agintaldietan (1969-1974; 1974-1977).

Trump Etxe Zurian den aldiro, kargugabetzeak eta izendatzeak ohikoak dira Segurtasun Nazionalerako Kontseiluan. Lehenengo agintaldian, Trumpek lau aholkulari izan zituen, eta badago Waltzek baino gutxiago iraun zuenik: 2017an, Trumpek kargua hartu eta 24 egunen buruan, Michael Flynnek dimisioa aurkeztu zuen, Errusiarekin kolaboratzea egozten baitzioten.

Waltzek ere zalaparta eragin zuen iragan martxoaren erdialdean, Signal auziagatik. Hain zuzen, talde bat sortu zuen mezularitza aplikazio horretan, Yemengo huthien kontrako AEBen bonbardaketei buruz hitz egiteko. Hartan sartu zituen, besteak beste, Marco Rubio, Pete Hegseth Defentsa idazkaria, Susan Wiles kabineteburua eta Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako ordezkaria, baita The Atlantic aldizkariko zuzendari Jeffrey Goldberg ere, zeinak talde horretako elkarrizketak filtratu zituen.

Waltzek bere gain hartu zuen horren erantzukizuna, eta, azkenean, hilabete pasatxoren buruan kaleratu dute. Dena den, Signal auzia gertatu baino lehen ere begiz joa zuten aholkulari ohia: diplomaziarako tonu oldarkorregia izatea leporatzen diote —noiz-eta Trumpek hitz egiteko prestasuna azaldu duenean Ukrainako gerraren eta Iranen programa nuklearraren inguruko negoziazioetan—, eta, beraz, Trumpek Rubiori eta Witkoffi eman die arlo horren ardura. Gainera, Make Amerika Great Again mugimenduak Waltzen kontra egin du, Trumpen ildo ideologikotik gehiegi aldentzen delakoan.

Horrek bide eman dio Trumpi, martxo erdialdetik hona, Segurtasun Nazionalerako Kontseilua nahieran moldatzeko: Laura Loomer eskuin muturreko aktibista Trumpekin bildu zen apirilaren hasieran, hedabideen arabera, presidentearekin leialak ez direnen zerrenda bat eman zion, eta Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko hogei langile inguru kaleratu ditu gaurdaino. Azken kargugabetzea Waltzena izan da.

Aholkulari ohiaren kaleratzea urardotzen saiatu da, Nazio Batuen Erakundeko enbaxadore izateko proposatu baitu Waltz, nahiz eta Etxe Zurian egon den aldiro presidenteak gogor egin duen erakunde horren kontra: lehen agintaldian, Unesco Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundetik, UNHRC Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseilutik eta OME Osasunaren Mundu Erakundetik atera ziren AEBak; are, Joe Biden AEBetako presidente izandakoak (2021-2025) atzera AEBak OMEn sartuta ere, Trumpek berriz atera zituen bere bigarren agintaldiaren lehen egunean.

Trumpen gobernukideek ere presidentearen alde egin dute. «[Trumpek] Signaleko kontuagatik Waltz kaleratu nahi izan balu —kontu absurdoa izan da, portzierto—, besterik gabe egingo zukeen», esan zuen atzo J.D. Vance AEBetako presidenteordeak Fox News katean, elkarrizketa batean. «Beste kargu bat eman dio. Horixe besterik ez da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.