Euren kabuz aurkeztuko dira, ez dute bat egingo beste talde independentisten zerrendekin. Hala iragarri du CUPek gaur bertan. Mireia Veia diputatu ohiak adierazi duenez, egun bizi duten egoerak bultzatuta hartutako erabakia izan da, "zaila" baina beharrezkoa. "Egunetik egunera preso politiko gehiago ditugu, atxilotu gehiago".
"Salbuespen egoera batean gaude errepresioari dagokionez. Hori salatzera gatoz, eta Espainiari esatera gu bakean uzteko eta gure jendea espetxeratzeari uzteko", ohartarazi du Veiak, eta iragarri du ez dela euren asmoa Espainiaren gobernabidea bermatzea. Ezohiko batzar politikoan hartu dute erabakia, eta ohar baten bidez eman diete horren berri militanteei.
Espainiako Estatuaren egonkortasuna bermatzeko prest dauden indar independentisten aurrean, deia egin die Veiak 78ko erregimenaren aurka dauden eragile politiko eta sozialei euren hautagaitzarekin bat egin dezaten.
CUP ez zen aurkeztu apirileko bozetara, militantziak hala erabakita, baina orduko hartan ere hauteskundeetan parte hartzearen aldekoa zen alderdiko zuzendaritza. Hala, blokea osatzen duten alderdietako batek, Poble Lliurek, Albano Dante Fachinen En Comu Podemekin batera aurkeztea erabaki zuen. Baina bien artean osatutako Front Republica zerrendak ez zuen lortu Kongresuan ordezkaritza izateko gutxieneko %3a.