Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Katalunia

Bat ez etorrita hazteko asmoz

Bozetan aritzeko aukeraz eztabaidatu du CUPek, baina ez aurkeztea erabaki du. Koalizioaren bi adar nagusietako bat da Poble Lliure, eta parte hartuko du, Front Republica hautagaitzan integratuta.
Albano Dante Fachin Front Republica koalizioko zerrendaburua —ezkerrean—, alboan Guillem Fuster (Poble Lliure) eta Muriel Rovira Esteva dituela (Pirates de Catalunya), Front Republica aurkezten, martxoaren 15ean.
Albano Dante Fachin Front Republica koalizioko zerrendaburua —ezkerrean—, alboan Guillem Fuster (Poble Lliure) eta Muriel Rovira Esteva dituela (Pirates de Catalunya), Front Republica aurkezten, martxoaren 15ean. QUIQUE GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2019ko apirilak 21
CUP inoiz ez da aurkeztu Espainiako Gorteetako hauteskundeetara. Planteatu ere ez du egin bere ibilian. Aurten, aldiz, horri buruz eztabaidatu dute Kataluniako koalizio antikapitalistaren barruan. Azkenean, baina, ez parte hartzea erabaki zuen, joan den martxoaren 10ean egindako Kontseilu Nazionalean: 37 boto ez aurkeztearen alde, eta 20 alde. Erabakia hartu ondoren Mireia Boya eledunak nabarmendu zuenez, ez dago baldintza «beharrezkorik» hautagaitza «egiazki apurtzailea eta estatua transformatuko duena» izateko. Poble Lliure alderdikoek, ordea, ez dute analisi horrekin guztiz bat egiten. Kataluniako ezker independentista biltzen duen koalizioaren bi adar nagusietako bat da Endavant erakundearekin batera, eta CUP bozetan egotea nahi zuen. Hala adierazi zuen alderdiaren Kontseilu Nazionalak. «Baina, aldi berean, gu alderdi politiko bat garen heinean, eta modu autonomoan eta burujabean jokatzen dugunez, erabaki genuen gure militantziaren barruan parte hartzeari buruzko debate bat hastea», azaldu du Mireia Caldes bozeramaileak (Vilassar de Mar, Katalunia, 1986). Eta militanteek «aho batez» onartu zuten datorren igandeko hauteskundeetara aurkeztea. Martxoaren 12a zen. Hori jakinarazi eta ordu erdi geroago CUPek argitaratutako oharra ez zen lagunkoiegia izan. «Bat ez etortzeek eta kontraesanak onartzeak haztea dakarte. Honek guztiak debatea eragiten badu, primeran», argudiatu du Caldesek.

Front Republicaren zerrendako laugarrena izango da Caldes hauteskundeetan. Izen hori du Poble Lliurek, Pirates de Catalunyak, eta Albano Dante Fachin Podemen idazkari nagusi izandakoaren Som Alternativa alderdiak osatutako koalizioak. Dante Fachin bera da zerrendaburua, eta, inkesta batzuek diotenez, Espainiako Kongresuan jarleku bat lortzeko moduan da.

Caldesek argi utzi nahi du, halere, «maila instituzionalean» CUP marka izan dela beti Poble Lliureren apustua. «Gure debate eta posizionamenduen berri zuen CUPek. Are gehiago: Poble Lliureko militante batzuk, Albert Botran eta Nuria Alcaraz, esaterako, CUPen Idazkaritza Nazionalekoak dira». Prozesuaren gardentasuna aldarrikatu nahi du alderdiaren bozeramaileak.

CUPek kaleratutako komunikatuak hautsak harrotu zituen, baina. Oharraren arabera, Poble Lliurek hartutako erabakiak «ondorioak» izan ditzake « batasun herrikoiaren eraikuntzan». Jakinarazten du, era berean, eragiten diola gaur egun arte ezarritako «harremanen esparruari». Caldesentzat, halere, mezu horretan ez dago inongo ohartarazpen zantzurik. «Erabaki politiko bat hartzen denean, batzuk ados daude, eta beste batzuk ez... Kanpotik esan ziguten 'gogorra' zela komunikatua, baina nik ez nuen hala interpretatu. CUPek, une horretan, posizio politiko bat agertu beharra zeukan». Bozeramaileak ez zuen bere burua «estu hartu», CUPekoekin hitz eginda zeudelako, eta haiek ulertzen zutelako Poble Lliure burujabea zela bere kabuz posizionatzeko. Areago joan da: «CUPek ez zuen erabaki parlamentuan hari babesa ematen dioten taldeek ezin zirenik bozetara aurkeztu».

Kontseilu Nazional ezohiko batera deitu zuten antikapitalistek. «Ondorioak? Ez dago ezer, baina CUPek ez du abstentzioa eskatuko», nabarmendu du Caldesek. Etorkizunari begira, iruditzen zaio Poble Lliurek hartutako erabakiak ez diela koalizio barruko harremanei eragingo: «Harremanak onak dira. Hori bai, CUPek eskatu zigun CUP proiektua ez dinamitatzeko, edo ez oztopatzeko, zerrendan ez jartzeko hautetsiak edo koalizioaren idazkaritza nazionaleko kideak». Poble Lliurekoek horri buruz eztabaidatu zuten, eta «zuzena» iruditu zitzaien.

Hiru ardatz Madrilerako

Katalunian «ezohiko egoera bat» dutelako erabaki du Poble Lliurek Madrilen egoten ahalegintzea. «Ezin dugu jokatu ezer gertatuko ez balitz bezala. Preso politikoak dauzkagu, erbesteratuak... Ez dago normaltasunik, gobernu eraginkor bat ere ez dago Katalunian, hankak eta eskuak lotuak dituelako».

Gobernatuko ez duenez, «programa bat» proposatu beharrean, «esku hartze politikorako» bide bat proposatzen du Front Republicak. «Hiru legitimitatetan oinarritzen da. Mahai gainean jarri behar dira; ez dira ahaztu behar, ez eta, norbaitek esan bezala, hemendik urte batzuetarako utzi behar ere». Hiru «legitimitate» horiek dira 2017eko urriaren 1eko erreferendumeko «herritarren agindua»; herrien autodeterminazio eskubidea; eta Kataluniako nazioaren burujabetza. Horiek dira Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren balizko inbestidura bat babesteko marra gorriak. «Kongresuan sartzeak eskaintzen digun bozgorailua baliatzeko aukera dugu. Bada bozgorailu bat gehiago salaketarako».

Eta Sanchezek ez baditu «bermatzen» hiru eskaerak, Front Republica gobernabidea blokeatzeko prest dago. Eskuinak eta eskuin muturrak osatutako ardatza Moncloara iristen bada Kataluniako prozesu subiranistaren egoerak okerrera egingo duela dio PSOEren idazkari nagusiak, azkeneko hamar hilabeteotan Espainiako Gobernuko presidente izan denak. Mamu hori haizatu du. «Xantaia hori egin nahi du. 'Kontuz, eskuina datorrela...'. Baldin badator, ez da gure erantzukizuna. Agian, zuk zeuk [Sanchezek] eragin duzu zenbait politika aurrera ez eramateagatik», nabarmendu du Caldesek.

Gobernabidea bermatzeko erantzun beharreko galdera zein den argi dago, haren hitzetan. «Aitortzen dugu Kataluniako eta estatuko beste herrien autodeterminazio eskubidea? Bai ala ez. Hortik aurrera hitz egingo dugu edo ez». Front Republicaren zerrendako laugarrenak ez du ahazten PSOEren oniritziarekin ezarri zuela PPk 155. artikulua Katalunian. Horrekin guztiarekin lotuta, estatuko indar independentistek eta subiranistek «ekintza batasuna» bultzatu beharko luketelakoan dago. «Ez dugu bakarrik egon nahi. Elkarrekin asko dugu esateko eta egiteko».

Estrategian dago «aldea»

Hasteko, dena den, kongresuan ordezkaritza lortzeko botoak jaso beharko dituzte igandean. Pentsatzen du «baietz», CUPen bozkatzaileen botoak jaso ditzaketela. «Esango nuke beste jende askok, beste boz batzuetan, Comukoei edo ERCri eman ziela botoa...». Caldesen ustez, «inork» ez du hartu Front Republicak planteatzen duena egiteko «konpromisoa». Neurri batean, behintzat, Front Republicaren antzera mintzo da JxC Junts Per Catalunya, eta esaten ari da Sanchezek autodeterminazio eskubidea onartzen ez baldin badu, ez duela presidente inbestituko. «Badago desberdintasun bat», zehaztu du Front Republicaren hautagaiak: «Haiek [JxCk eta ERCk] ez dute estrategiarik. Inondik ere ez dut esan nahi independentistak ez direnik, edo independentziaren alde ez daudenik, baina aldea, gurekin, estrategia da. Igual, presoen gaian zentratzen ari dira. Oso inportantea da, baina ez da bakarra. Presoek eta erbesteratuek bizitza normala egin ahal izango dute, Kataluniako errepublika bat dugunean».