Lehen hiruhilekoan 208 pertsona hil dituzte Haitin

Herrialdeak urtarriletik martxora bizi izan duen egoera ikertu du Haitiko Giza Eskubideen Defentsarako Sare Nazionalak; besteak beste, bandek 64 emakumeri sexu erasoak egin dizkiete. Etxeratze agindua datorren asteazkenera arte luzatu du gobernuak.

Martxoaren 12an, hainbat hildako lurperatzen, Port-au-Princeko hilerri batean egindako hobi batean. JOHNSON SABIN / EFE
Martxoaren 12an, hainbat hildako lurperatzen, Port-au-Princeko hilerri batean egindako hobi batean. JOHNSON SABIN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 11
12:00
Entzun

Haiti kaosean dago murgildurik. Azken urteetan ezegonkortasun politikoa izan da nagusi. 2021eko uztailaren 7an, sikario talde batek Jovenel Moise Haitiko presidente ohia hil zuen zazpi tiroz, eta, ordutik indarkeriak gora egin du herrialdean. Aurten, baina, bandek beste urrats bat egin dute. Joan den otsailaren 29an, zenbait bandak koalizio bat osatu zuten, Viv Ansanm —euskaraz, batera bizi—; eta, iragan martxoaren 4an, larrialdi egoera ezarri zuen gobernuak. Testuinguru horretan kaleratu du RNDDH Haitiko Giza Eskubideen Defentsarako Sare Nazionalak herrialde horretan duten biolentzia egoeraren inguruko txostena. Haitiren «hondamenezko» egoera aztertu dute urtarriletik martxora. Denbora tarte horretan gutxienez 208 lagun hil dituztela jakinarazi dute.

GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek denbora darama gisa bereko txostenak argitaratzen. Aurtengoak, Euskal Herrian goizaldea zenean argitaratutakoak, baina, zeresan berezia eman du Jimmy Cherizier Barbecue —Poliziako agente ohia da— buru duen banden koalizioak triskantza sortzen ari baita herrialdean. Haitiko bandek «iraultza» egiten ari direla esan izan dute behin baino gehiagotan, haien ekintzak justifikatze aldera. GKEak, ordea, ez ditu iraultzailetzat; are gehiago, «gaizkiletzat» definitzen ditu behin eta berriz txostenean. Hilketez gain, emakumeen aurkako sexu indarkeria erabili izana leporatzen diete gaizkile taldeei. Hiru hilabeteotan, gutxienez 64 emakumeri eta neska adingaberi sexu erasoak egin dizkietela salatu dute. Txostenean ohartarazi dute, hala ere, datua «askoz handiagoa» izan litekeela.

Bandek gizartea kontrolatzeko hamaika bide dituztela adierazi du GKEak: «Haitiar guztiek lurralde nazionalean askatasunez zirkulatzeko duten eskubidea urratu eta ondasunen eta zerbitzuen zirkulazioa oztopatzen dute, herrialdean zehar ezarri dituzten bidesarien bitartez». «Talde armatuek» guztira hamahiru bidesari ezarri dituztela ohartarazi du RNDDHk. Horiek «estortsiorako mekanismotzat» dituztela dio txostenak.

Agintariekiko harremanak

Banden ekintzen ondorioz herrialdean dagoen egoera ausazkoa da, GKEaren aburuz. Izan ere, agintariei leporatu die «urteetan elkar adituz» jardun dutela bandekin batera: «Bandek ez lukete inoiz hainbesteko indarrik izango herrialdeko agintariekin eta zenbait enpresarirekin urteetan elkar aditzeak eta harremanak eraiki izan ez balituzte».

Joan den martxoaren 22an Presidentetzako Kontseiluko kideak izendatu zituzten, trantsizioari bide egiteko. Horrek, herrialdean zehar indarkeria baretu zuen. Izan ere, «gerra zibila ez hasteko», Barbacue-ren eskarietako bat zen Ariel Henry Haitiko lehen ministroak dimisioa ematea. Behin-behineko gobernuak emandako pausoak, baina, ez dituzte begi onez ikusi bandek, eta barearen ostean ekaitza etorri da. Iragan astelehenean banden eta Haitiko Poliziaren arteko borrokak berpiztu ziren, batez ere herrialdeko hiriburuan.

(ID_13769376) -FOTODELDÍA- HAITÍ CRISIS
Haitiko Polizia Nazionaleko kide bat, banden aurkako liskar piztu berrietan, astelehenean, Port-au-Princen. MENTOR DAVID LORENS / EFE

Gauzak horrela, behin-behineko lehen ministro Michel Patrick Boisvertek erabaki dut etxeratze agindua beste aste batez luzatzea. Neurri horrek Mendebaldea probintzian —Port-au-Prince hiriburua han dago— jarraituko du indarrean, datorren asteazkeneko 18:00ak arte; hortaz, departamenduko herritarrak ezingo dira gauez kalera irten. Larrialdi egoerak ekarri zuen neurria hiriburuan luzatzea ez da zoriz hartutako erabakia. Izan ere, Port-au-Princeren %80 bandek kontrolatzen dute.

RNDDH ez da Haitiko egoera salatu duen bakarra. Iragan martxo bukaeran, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi mandatari Volker Tuerk ere herrialdearen egoeraz mintzatu zen. Haitin oraindik «herritarrek hautatutako» gobernurik ez egotea kezkagarria dela esan zuen. Ez zen izan Tuerkek egin zuen salaketa bakarra: «Haitik egoera lazgarrian egon arren» nazioarteak armak bidali izana arbuiatu zuen, eta, arma horiek uhartean ez sartzeko, «enbargo gogorragoa» ezartzeko eskatu zuen.

Indarkeria egoerak gogor jo ditu haitiarrak. Hainbat GKEren aburuz, iragan otsailetik banden eta Poliziaren arteko liskarrak direla-eta, 30.000 lagunek baino gehiagok beren etxetik alde egin behar izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.