Liskarrak herrialde arabiarretan

Lehen ministroaren dimisioa eskatu dute Jordanian berriz ere

Abdala II.a erregeak, protestarik ez izateko, neurriak ahalik eta azkarren hartzeko eskatu dio gobernuari

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Hirugarren astez segidan, ostiraleroko otoitzen ostean, milaka herritar kalera atera dira Jordanian Samir Rifai lehen ministroaren dimisioa eskatzeko. Erreforma politikoak eta ekonomikoak exijitu dituzte. Izan ere, orain arte gobernuak hartu dituen neurriekin ez ditu manifestarien eskariak bete.

Ostegunean, protestek etenik ez zutela ikusiz, Abdala II.a erregeak gobernuari lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu zion. Legebiltzarreko kideekin bildu zen liskarren inguruan hausnartzeko, eta oraintxe neurri ausartak eta garbiak hartu behar dituztela azaldu zien.

Oinarrizko produktuen prezioak jaisteko diru laguntzak ematea adostu zuen duela kasik bi aste Jordaniako Gobernuak eta hainbat erregairi zergak kentzea ere onartu zuen. Erreforma politiko, sozial eta ekonomiko sakonagoak nahi dituzte, ordea, jordaniarrek. Herritarren eskariak betetzeko ahaleginean gobernuak huts egin duela diote manifestariek. Besteak beste, Hauteskunde Legea aldatzeko eskatu dute. Abdala II.ak bat egin du eskariarekin, kaosa saihesteko asmoz. Izan ere, oposizio islamiarrak lege hori hartu zuen azaroko hauteskundeak boikotatzeko arrazoi gisa. Dena den, oraingoz ez du Rifai agintetik kentzeko asmorik iragarri, azken asteotan herritarrek behin eta berriz eskatu dioten arren.

Oraingoz, Jordaniako protestak baketsuak izan dira, inguruko beste herrialdeetan ez bezala.

Ganutxiren dimisioaren zain

Tunisian baretu da egoera apur bat, manifestari askok kalean jarraitzen duten arren. Atzo bertan, Tunisiako Gobernuaren egoitzaren aurrean bildutako jendetza indarrez sakabanatu zuen Poliziak. Bederatzi pertsona ospitalera eraman behar izan zituzten, agentziek emandako datuen arabera. Burdin hesiak ere jarri dituzte manifestariei plazarako sarbidea eragozteko.

Izan ere, plaza horretan dago Mohamed Ganutxi lehen ministroaren bulegoa, eta bertan bildu dira 3.000 pertsona inguru igandeaz geroztik, haren dimisioa eskatzeko. Poliziak elkarretaratzea desegin aurretik, Ganutxik manifestarien ordezkarien eskaerak entzuteko prest zegoela iragarri zuen.

Zine El Abidine Ben Ali erbesteratutako diktadorearen agindupean hamaika urtez izan da Ganutxi lehen ministro. Orain, diktaduraren gainbeherarekin, aurreko gobernuko ministro guztiek kargua uztea nahi dute herritarrek. Ostiralean Ben Aliren garaiko ministro pisutsuenak kargugabetzeko neurria iragarri zuen Ganutxik berak. Behin-behineko gobernu berria eratu dute iraganeko erregimeneko agintariak kendu ostean. Ganutxik, baina, bere postuan jarraitzen du.

Egoera, orokorrean, baretu egin da ministro gehienen kaleratzea jakinarazi zutenetik. Batzuek, UGTT Tunisiako Langileen Batasun Orokorra sindikatua barne, onartu dute Ganutxi gobernuan gelditzea bozak antolatu bitartean, eta Tunis hiria «normaltasunera» itzultzen ari dela diote informazio agentziek. Askok, ordea, ez dute amore emango hura ere kargutik kendu arte, eta protestekin jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Manifestari gehienak Tunisiako landa eremu pobretuetatik joan dira hiriburura, Sidi Buzid eta Kaserin eskualdeetatik batez ere. Hain zuzen ere, leku horietan hasi ziren istiluak, eta errepresioa bereziki gogorra izan dahan.

Ganutxik, berez, hitzemana du datozen hauteskundeen ondoren politikagintza utziko duela, «trantsizioa boz garden eta demokratikoz» egin ondoren. Hauteskundeak sei hilabete barru izango direla diote, baina oraindik ez dute egunik zehaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.