Lehenbiziko aroa ixteko bozak

NBEren misioak Ekialdeko Timor utziko du parlamenturako hauteskundeen ostean, bakea bermatuz gero

Lehenbiziko aroa ixteko bozak.
mikel rodriguez
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Iragan martxoaren eta apirilaren artean presidentetzarako hauteskundeak egin ondoren, parlamentua hautatzeko bozak egin zituzten atzo Ekialdeko Timorren. Bi prozesuen kanpainak bakean joan dira, eta, gatazkarik lehertzen ez bada, NBE Nazio Batuen Erakundeak Ekialdeko Timorren duen misioak handik alde egingo du urte amaieran. Iragan maiatzean bete ziren hamar urte Ekialdeko Timorrek independentzia lortu zuenetik; urteurrenean egindako hauteskunde prozesuek gorabehera politikoak amaitu, eta independentziaren lehenbiziko aroa ixteko helburua dute. Egonkortasun politikoa lortuta, ekonomia garatzeko, nazioartearekiko menpekotasuna murrizteko eta pobrezia gutxitzeko erronka du herrialdeak.

NBEren misioak (UNMIT) urte amaierarako paratu zuen Ekialdeko Timor uzteko epe muga. Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina lasaiak berma dezake segurtasun nazionalean atzerriko indarren esku hartzea bukatzea. Ekonomiari dagokionez, ordea, gehienbat nazioarteko laguntzari esker irauten du Ekialdeko Timorrek. UNMITen arabera, herritarren %75 landa guneetan bizi dira, eta horien %75, gainera, iraupen hutseko nekazaritzatik.

Australia eta petrolioa

Burujabetza ekonomikoa lortzeko, Timorko Itsasoan dauden petrolio eta gas erreserba aberatsetan dute itxaropena. Baliabide naturalen kudeaketan, ordea, bi oztopo nagusi dituzte Ekialdeko Timorren: bata, Australiaren interesak, eta bertzea, azpiegituren falta, eta, horrekin lotuta, indar politiko nagusiek kudeaketarekin duten desadostasuna.

Dilik eta Canberrak akordio bat sinatu zuten 2006an petroliotik ateratako irabaziak banatzeko, baina ez zuten bi herrialdeen arteko itsasoko mugarik ezarri. Ezkerreko eta gobernuz kanpoko erakunde anitzek salatu zuten akordioa bidegabea zela Ekialdeko Timorrentzat. Hango agintariak kexu agertu zirenean, gainera, Australiak giza laguntza murriztu zuen. Izan ere, Ozeaniako erraldoiak aspalditik ditu jomugan petrolio eta gas erreserba horiek, eta horrek eragina izan du Ekialdeko Timorren bilakaeran. 1975ean, adibidez, Australiak ontzat jo zuen Indonesiaren inbasioa, eta Jakartarekin negoziatu zuen erreserbei buruz. 1999ko erreferendumak, ordea, statu quo-a aldatu zuen, eta ur horien jabe legitimoarekin negoziatzera behartu zuen Canberra. Jose Maria Vasconcelos Taur Matan Ruak presidenteak negoziazioetan jarraitzeko asmoa du, baina Australia «beti arazo bat» dela uste du, «aldi oro portzentaje handiagoa nahi duelako».

Petrolioaren auziak irekita segitzen duen arren, UNMITen arabera estatuak jada nabaritu ditu haren onurak, 2005etik aurrekontua hamar aldiz handitu baitu. Herritarrek, ordea, ez dute hainbertze nabaritu hazkunde hori. Dili hiriburuak nolabaiteko garapen maila bat lortu duen arren, landa eremuek hagitz azpiegitura eta zerbitzu eskasekin segitzen dute. UNMITen arabera, estatuak ez du baliabiderik petrolioaren irabaziak inbertitzeko, ekoizpenerako bitartekoak eskasak dira, eta Ekialdeko Timorrek nagusiki inportaziora jo behar du. Horri irtenbidea bilatzeko, bi alderdi politiko nagusiak ez dira ados jartzen: CNRT Timor Berreraikitzeko Kontseilu Nazionalak azpiegitura sare bat eraiki nahi du lehenbailehen, baina Fretilin Ekialdeko Timor Independenteko Fronte Iraultzaileak dio horrek berehala hustuko lukeela diru funts publikoa.

Fretilinen eta CNRTren lehia

Petrolioaren eztabaidak berebiziko garrantzia izanen du aurrerantzean; izan ere, emaitza ofizialen esperoan, inkestek ez baitiete gehiengo absoluturik iragarri ez CNRTri, ez Fretilini. Fretilin, hain zuzen, Portugalen kolonialismoari aurre egiteko sortu zuten, eta 1975etik aitzinera Indonesiaren okupazioaren aurkako borrokan aritutako erakunde nagusia izan zen. Mari Alkatiri aurkeztu dute berriz ere lehen ministro izateko hautagai —karguan egon zen 2002-2006 artean—. CNRT 2007an sortu zuten, eta ordutik itzal egin dio Fretilini. Xanana Gusmao egungo lehen ministroa, independentziako heroietako bat eta Fretilineko militante ohia berriz ere aurkeztu da CNRTrekin. Ospeak garrantzi berezia du boto-emaileak mobilizatzeko; hau da, Fretilinek erakunde gisa duen prestigioa, eta Gusmaok, berriz, buruzagi karismaduntzat duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.