Lehenbiziko saiotik banatuta agertu da Irakeko Parlamentua

mikel rodriguez
2014ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Irakek pairatzen duen muturreko banaketa parlamentuan bertan ere nabaritu da —edo alderantziz ere izan liteke; parlamentuko banaketa nabaritu dela herrialdean—. Apirilaren 30ean egin zituzten hauteskundeak, eta legebiltzarrak atzo zuen lehenbiziko saioa. Ganberaren ordezkariak hautatu behar zituzten, presidentea eta presidenteordea, baina atsedenaldi baten ondoren, diputatu gehienek alde egin zuten, eta quoruma ez zen bete. Batasunerako gobernu bat egiteko bidean lehenbiziko atzerapausoa izan da.

328 diputatuetatik 255 agertu ziren lehenbiziko saiora, baina atsedenaldiaren ondoren, 75 itzuli ziren. Kurdistango Rudaw hedabide taldearen arabera, nagusiki ordezkari sunitek eta kurduek uko egin zioten saioan jarraitzeari; hala, herrialdearen banaketa erlijioso eta etnikoa agerian gelditu da legebiltzarrean ere. Horiek Nuri al-Maliki lehen ministro xiitari modu sektarioan agintzea leporatzen diote. Joan den asteburuan, Koalizio Nazionala indar laiko nagusiak jakinarazi zuen ez zuela parte hartuko atzoko saioan. Iyad Alaui lehen ministro ohia da Koalizio Nazionaleko burua.

Al-Malikiren Zuzenbide Estatua koalizioak irabazi zituen hauteskundeak apirilean, baina ez zuen bakarrik gobernatzeko adinako babesik lortu. Ekainaren hasieran ISIS Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoaren eta haren aliatu suniten erasoaldia hasi zenetik, herrialdetik bertatik eta atzerritik presio egin diote Al-Malikiri batasun nazionaleko gobernu bat eratu dezan. Oposizioko indarrek, ordea, Al-Malikik agintea uztea nahi dute. Nechirvan Barzani Kurdistango Eskualde Autonomoko lehen ministroak jakinarazi duenez, Massud Barzani kurduen presidenteak eskutitz bat bidali dio Ali al-Sistani xiitek Iraken daukaten buruzagi erlijioso nagusiari. Al-Maliki lehen ministro bihurtzea «eragotz» dezala eskatu dio Barzanik Al-Sistaniri.

Kalifa-herrira joateko deia

ISISek, berriz, kalifa-herria aldarrikatu ondoren, musulman guztiei dei egin die Sirian eta Iraken kontrolpean dauzkan eremuetara bizitzera joateko. Taldeak bere izena laburtu du, eta orain Estatu Islamikoa deitzen da. Siriako bertze talde armatu islamista nagusiek, ordea, agiri batean baztertu egin dute kalifa-herriaren ezarpena. Oposizioko iturrien arabera, Estatu Islamikoak Irakeko mugan dagoen hiri bat hartu du Sirian.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.