Lehendabizi, ezagutza

Galesko biztanleen %20k dakite galesez. Kopuru hori bikoiztea eta 2050ean milioi bat hiztunetara iristea du helburu Galesko Gobernuak, batez ere hezkuntza sostengu daukan planarekin.

Lehendabizi, ezagutza.
Igor Susaeta.
Andoain
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Ipar Irlandan zein Eskozian gaelikoek bizi duten egoerari erreparatuta, Erresuma Batuko estatuko hizkuntza gutxituen artean osasuntsuen dagoena da galesa. Galesen, 3,1 milioi lagun bizi dira, eta, Galesko Gobernuak emandako datuen arabera, 562.000 biztanlek dakite galesez, hitz bakarren bat bada ere; %20k, alegia. Horrek ez du esan nahi, ordea, horiek hizkuntza erabat menperatzen eta erabiltzen dutenik. Izan ere, Alun Davies Galesko Gobernuko Gales Hizkuntza eta Etengabeko Ikaskuntzako ministroaren esanetan, ingelesez bizi beharrean egunerokoan galesez bizi direnak 360.000 bat dira. %10 pasatxo, beraz. Bi kopuruak, hiztunenak eta erabiltzeenak, bikoiztu nahi ditu Galesko Gobernuak 2050era bitartean, eta, horretarako, Hizkuntza bizi bat. Bizitzeko hizkuntza bat-Aurrera eginez plana jarri du martxan. «Batez ere» hezkuntzaren bidez iritsi nahi du milioi bat hiztunetara.

Hango ordezkaritza batek Euskal Herriko hainbat eragileri aurkeztu berri die egitasmoa, eta BERRIAko erredakzio nagusia ere bisitatu du. Daviesek dio onartutako planak ezagutza duela lehentasun. «Gero helduko diogu erabilerari».

Cymdeithas yr Iaith Gymraeg galesaren aldeko elkarteak egin zuen proposamena iazko udan, eta bere egin du gobernuak. Galesko Parlamentuan Alderdi Laboristak dauka agintea, baina Davies laboristak argi utzi nahi izan du gainontzeko alderdi politikoen babesa eduki duela, Gales Hizkuntzaren estrategia: 2012-2017-ren lekukoa hartu duen planak. Beste bi indar nagusiak Alderdi Kontserbadorea eta Plaid Cymru alderdi independentista dira, hurrenez hurren, hamabi eta 11 eserlekurekin —bigarrena, dena den, oposizioan dago—.

Galesa, batik bat, herrialdearen mendebaldean eta iparraldean hitz egiten da. «Toki horietan badauka indarra», zehaztu du Daviesek. Kalean, dendetan... Ez dauka presentzia bera, ordea, hegoaldean edota ipar-ekialdean, han ere «biziberritze» bat gertatu den arren. Baina baikorra da: «Hizkuntzaren ikusgarritasuna duela 20-30 urte baino hobea da. Gobernuak esku hartu du hori gerta dadin, elebidunak sortzeko». Halere, erroldak dio 2001ean gales hiztunak 20.000 gehiago zirela: 582.000.

Hiru urrats

Egitasmoa 84 orrialdeko txosten batean bildu du gobernuak, eta,horrek dioena aintzat hartuta, hiru urrats egin behar ditu helburuak betetzeko. Aurreneko pausoarekin, hiztun kopurua areagotzea du asmo. Oraintxe bertan, eskolen %22an galesez ematen dira ikasgai guztiak. «Gure intentzioa da 2030erako kopuru hori %30era igotzea, eta 2050erako %40ra». Orduan, galesez dakiten irakasleak «prestatu» behar dituzte. «Galesko haurtzaindegietan, 400 talde ditugu galesa irakasten. Hamar urte barru, 550 talde izatea nahi dugu». Badaude, gainera, helduentzako eskolak ere.

Gales hiztunik «ohikoenak», Daviesen hitzetan, «zaharrak eta gazteak» dira. «Helduen artean dago, hain zuzen ere, hutsunea». Egitasmoa kontuan hartuta, puntu horretan eman beharko da bigarren pausoa: «Behin eskola bukatu eta gero, hizkuntzari eusteko mekanismo batzuk sortzea da gure asmoa». Ministroak berriro nabarmendu du, baina, helburu nagusia hiztun berriak sortzea dela. Hala, eskola aroa amaitutakoan, gutxienez galestarren %70ek galesez hitz egiteko gai izan beharko luketela dio txostenak.

Hirugarren pausoa litzateke, bai azpiegituretan eta baita testuinguruan ere, «aldeko baldintzak» sortzea. Daviesek azaldu du «iragarkiak-eta» bi hizkuntzetan ikus-irakur daitezkeela, eta «enpresa inportanteek» galesa erabiltzen dutela. «Zantzuak onak dira». Hizkuntza ez da, dena dela, ezinbesteko baldintza lanpostu publiko guztietarako: «Lanpostu batzuetarako bada baldintza bat. Lan horretarako egokia den hizkuntza ezagutu behar duzu». Tokiaren arabera, hortaz. «Esaterako, galesa nagusi den enplegu bulego batean lan egiten baduzu, jakin beharko duzu. Baina enplegu bera eduki dezakezu beste leku batean, eta ez du zertan beharrezkoa izan».

Gobernuak berak eredu izan behar du erabilerari dagokionez, txostenaren arabera. Halere, Daviesek argitu du berak eta Carwyn Jones lehen ministroak badakitela galesez, mintzo direla, baina gobernuko 11 ministroetatik hiruk soilik dakitela. Haren ustez, galesez jakitea ezin liteke ministro izateko ezinbesteko baldintza bilakatu. «Ezin duzu halako baldintzarik jarri. Demokrazia batean gaude, eta herrialdeko edonor izan daiteke hautagaia, edonor izan daiteke hautatua. Uste dut ez lukeela funtzionatuko».

Azpiegiturei eta testuinguruari dagokienez, komunikabideek funtzio garrantzitsua dute. «Badira irrati bat eta telebista kate bat, galesez emititzen dutenak—biak dira BBCren baitakoak—, baita tokian tokiko egunkari batzuk ere, soilik galesez argitaratzen dutenak». BBCk gaelikoetan ere emititzen du Eskozian eta Ipar Irlandan. Dena dela, Daviesek ez dio gehiegi erreparatzen bataren zein bestearen egoerari. «Herri bakoitzaren historia, baita egungo egoera ere, diferenteak dira». Badute harremanik —askoz gehiago ez—, Eskozian zein Ipar Irlandan gaelikoak bultzatzen dituztenekin. «Kontseilu moduko bat dago».

«Ez digu axola»

Daviesen alderdia Erresuma Batuaren «aldekoa» da. Argitu du, baina, Westminsterrek erantzukizun gutxi duela Galesko zenbait auzitan; «kulturan eta hezkuntzan», esaterako. «Halere, zerbait gehiago egin beharko luke hizkuntza gutxituak babesteko. Londresi bakarrik begiratzen dio».

Eusko Jaurlaritzari, berriz, eman diote proposamenaren berri. «Txalogarria da Jaurlaritzak hizkuntzaren alde egiten duena. Gisa horretako esperientzietatik ikasi beharra daukagu». Cymdeithas yr Iaith Gymraeg elkartearentzat «iraultzailea» da plana. Barre egin du Daviesek. «Galesa galestarren hizkuntza izatea nahi dugu eta hiztun berriak bilatzen ditugu»; ezagutza, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.