Lehengoaren segida ala islamismoa

Presidentea aukeratzeko bozak egingo dituzte gaur eta bihar 50 milioi egiptoarrek; boikota egitera ere deitu dute hainbat taldekAmro Musa inkestetan nagusitu arren, lau hautagaik dute aukera bigarren itzulirako

Kairo
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Egipton herritarrak gorabeheratsu daude, ilusioaren eta etsipenaren artean.Hosni Mubarak betiko zegoela zirudienean ordezkoa aukeratuko zuten garaiarekin amesten zuten, eta orain, hitzordu historikoaren garaia heldu denean, ez da uste bezain pozgarria. Tarteka gustura dagoenik topa daiteke, baina desinteresa eta konbentzimendurik eza ere badago; prozesu luze eta zalantzazkoa izan da honainokoa, eta gerokoak kezka sortzen du. Dena den, kalean ez dago beste gairik, presidentea aukeratu behar izatea nobedadea baita.

«Hautagai onena Khaled Ali da, baina Ahmed Xafiki emango diot botoa». Mohamed zerbitzariaren erabakia da hori, ezkerraren hautagaiari botoa eman beharrean, Mubaraken erregimenaren segida denari ematea. Mohamed garagardoa ateratzen ari zaio Abdeli, eta hark ere iritzi bera dauka: «Nik ez ditut islamistak nahi boterean, eta Alik aukerarik ez duenez, Xafiki emango diot botoa».Hori da egiptoar askoren logika. Edozein kasutan, gaur eta bihar artean erabakiko dute 50 milioibat herritarrek historian lehen aldiz demokratikoki buruzagia nor den.

Mohamed edo Abdelen erabakiaren atzean egiptoar askoren egonkortasun nahia gordetzen da, Mubarak joanez gero nora ezean baitago herrialdea. Jende guztia ez da protestetan izan, urrun izan ditu, eta kultura demokratikoaren gabeziaren ondorioz herritar askok nahiago dituzte hautagai ezagunak; Xafik bera edo Amro Musa, zeina Mubaraken Atzerri ministro izan zen hamar urtean eta Arabiar Ligaren idazkari beste horrenbestean.

Horregatik denagatik, zaila da jakitea zein bi hautagai igaroko diren bigarren itzulira —ekainaren 16an eta 17an izango da inork botoen %51 eskuratu ezean—. Jatorri ezberdina eta zalantzazko sinesgarritasuna duten inkestetan Musari aurre egiteko ondoen ezarrita Abdel Muniem Abul Futuh dago, Anaia Musulmanen kide ohia. Oposizioan luze aritu da, eta gai izan da ideologia askotako egiptoarrak erakartzeko: Wael Gonim iraultzailetik Nur alderdiko muturreko kontserbadore salafistetaraino.

«Doktorea [Abul Futuh] ideologia guztiak elkartzeko gai izan da; ideiak ez dira hil». Hil hasieran Alejandriako mitin batean Gonimek esan zuen hori. «Une honetarako egokiena da, iraultzailea eta moderatua delako», uste du Hend Xahin gazteak. Abul Futuhen aldeko kanpainan bi hilabetez buru-belarri aritu da. Askok islamista bat gehiago soilik dela uste duten arren, beste askori gustatzen zaio berejarrera moderatuaeta Egiptozduen Turkia erarako ikuskera, islamismo tolerante eta batasun zalea. Erregimenari jarraipena emango ez dion hautagai aukeradun bakarra iruditzen zaio, baita Anaia Musulmanak nahi ez dituenarentzat ere.

Hain zuzen, Anaia Musulmanen makineria boteretsuak ahalbidetu du laugarren hautagaia Mohamed Mursi izatea. Hark aurre egin beharko dio herritar askok kofradiarekiko erakutsi duen mesfidantzari. Anaia Musulmanek zin egin zuten ez zirela hauteskundeetara aurkeztuko, eta kontrako erabakiak egiptoar asko erakundetik aldendu ditu.Gainera, legebiltzarretan haien alde egindako beste askok oraingoan ez dute bide bera hartuko, ez daudelako pozik egin duten lanarekin edota ez dutelako botere osoa haien esku utzi nahi.

«Mursi hamabost urtean prestatu da, eta gai da karguan behar bezala aritzeko». Mohamed Gamal 43 urteko informatikaria, anaien militantea da. Protestatan makina bider parte hartu du, eta haren ustez, boterean dagoen islamista bati susmoa hartzen dionak jakin behar du «benetako xaria bat, ongi antolatutakoa zein ona» den: «Inork ez du inor ezertara behartzen, eta erlijioa zerbait pertsonala da».

Laburbilduz, eta ezusteko handi bat gertatzen ez bada, egiptoarrek Amro Musaren, Abul Futuhen, Ahmed Xafiken eta Mohamed Mursirenartean aukeratuko dute —11 dira hautagaiak—.Musak «iraultzailetzat» jotzen du bere burua, nahiz eta Mubaraken ondoko iragana duen. Pobreen aldeko neurrietan oinarritu du kanpaina. Futuh islamista moderatuak Mubaraken kontra oposizioan egin duen lanari eutsi dio; Ahmed Xafikek «segurtasuna eta ordena» proposatzen ditu; Mohamed Mursirentzat, islama da herrialdearen arazo guztien irtenbidea, eta Anaia Musulmanak ordezkatzen ditu. Bosgarrena lehian —azken inkestetan igo egin da—, Hamdin Sabahi joera sozialistako hautagai nazionalista da.

Edonor dela irabazten duena, zalantza bat dute ahotan herritarrek hauteskundeen atarian: zer egiteko boterea izango du presidenteak? Behin-behinean gobernuan den Junta Militarrak presidentearen eskumenak zehaztuko dituen konstituzio erreformaren berri emango zutela zabaldu zen atzo. Oraindik ez dute osatzerik lortu konstituzioa idatzi behar duen batzordea —ekainaren 30erako egin behar dute—. Alegia, egiptoarrak presidente bat aukeratzen ari dira, zeinaren funtzioak ez dauden argi, eta etorkizuneko buruzagiaren nortasunaren araberako inprobisazioak kezkatzen ditu. Iraganean jakin izan dute zer den hori.

Boikota

Bien bitartean, mikrokosmos blogaria eta sare sozialak hauteskudeei boikota egin edo ez eztabaidatzen ari dira, eta gose grebak egiten dituzte, militarren aurkako liskarretan atxilotu eta espetxeratu dituztenekiko elkartasuna adierazteko.Hermas Fawzy ekintzaileak boikoterako deia egin du, eta bera bezala iraultzan aritutako gazte mugimendu laikoak. «Ez dut bozkatuko ziur nagoelako hauteskundeak ez direla garbiak izango. Ez dut joko horretan parte hartu nahi. Parte hartzeak prozesuari zilegitasuna ematen dio, baina iraultza lurperatzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.