Ezbeharra

Leherketa bat izan da Londresko tren geltoki batean

Oraingoz ez dakite zerk eragin duen leherketa, baina agintariek baztertu egin dute atentatu terrorista bat izan daitekeenik. Inguruko bizilagunei eskatu diete etxean gelditzeko eta leihoak itxita edukitzeko. 

2021eko ekainaren 28a
16:39
Entzun

Londresko hainbat tokitatik ikus daitezke leherketa handiak eragindako ke adar luzeak. Elephant and Castle deituriko tren geltokian gertatu da, Londresko Southwark udalerrian. Dagoeneko lanean ari dira suhiltzaileak, eta, hainbat iturriren arabera, 15 kamioi baino gehiago eta 100 suhiltzaile baino gehiago joan dira bertara. Oraingoz ez dakite zerk eragin duen leherketa, baina agintariek baztertu egin dute atentatu terrorista bat izan daitekeenik.

Suteak hainbat kalte eragin ditu dagoeneko: besteak beste, trenbideko arkuak, hainbat saltoki, sei auto eta telefono kabina bat. Geltokiaren inguruko eremu guztiak hustu dituzte, eta oraingoz ez dute leherketaren biktimen edo zaurituen berri eman. Halaber, inguruko bizilagunei eskatu diete etxean gelditzeko eta leihoak itxita edukitzeko.

Ezbeharra bertatik bertara bizi izan duten hainbat lekukoren arabera, leherketa handi bat gertatu da lehenik, eta jarraian «su bola handi bat» hasi da. Beste lekuko batzuen arabera, «noizean behin ke adar berriak eta are ilunagoak» ikus daitezke. Horietako batzuek sakelakoarekin harrapatu dute leherketa bera, eta irudi ikusgarriak zabaldu dituzte sare sozialetan.

Lineak, blokeatuta

Ezbeharraren ondorioz, behin-behinean blokeatu dituzte Elephant and Castle tren geltokiarekin konexioren bat duten tren lineak, eta, Thameslink enpresaren ordezkari baten esanetan, inguruko eremuak eta tren lineak zer egoeratan dauden ebaluatzen ari dira suhiltzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.