Indiak atzera egin du, gay eta lesbianen sexu harremanak zigortzen zituen garaira: lau urtez legezko izan ostean, sexu bereko pertsonen arteko «haragizko harremanak» berriro delitu izango dira hemendik aurrera.
2009ra arte, hamar urte arteko espetxe zigorra jar ziezaieketen sexu bereko pertsonekin harremanak zituztenei; praktikan, gutxitan sartzen zen indarrean. Duela ia 150 urteko lege bat dago zigor kodearen oinarrian: «naturaren ordenaren kontrako harremanak» delitu jotzen ditu Britainiar Inperioak kolonialismo garaian idatzitako artikuluak.
Indiako LGTB lesbiana, gay, transexual eta bisexualen mugimenduak bultzatuta, lege hori indarrik gabe utzi zuen duela lau urte New Delhiko auzitegi batek, eta, legez behintzat, bertan behera utzi zuen lesbiana eta gayen aurkako kriminalizazioa. Hainbat talde erlijiosok, ordea, helegitea jarri zioten epaiari, eta orain Indiako Auzitegi Gorenak ebatzi du ez dela Justiziaren betebeharra 1861eko legea aldatzea, parlamentuarena baizik. Gobernuaren esku utzi du, beraz, auzia.
Indiako sexu askatasunaren aldeko mugimendua haserre agertu da erabakiarekin. Azken urteotan, auzitegiek sarri bete dute legebiltzarraren funtzioa, gobernuak burura eraman ez dituen neurriak onartuz; besteak beste, industriari, energiari eta ustelkeriari dagozkion legeak indargabetu ditu. Lesbiana eta gayen eskubideak, ordea, alde batera uztea egotzi dio Auzitegi Gorenari Laxmi Narayan Tripathi transexualen aldeko ekintzaileak: «Parlamentura joateko esan digu, baina hark onartzeko dauzka oraindik emakumeen gutxieneko kuotari eta GIBari buruzko legeak. Parlamentariekin sexualitateaz hitz egin dezakegula uste al dute? Beste ehun urte beharko dituzte».
«Armairura berriro ez»
Orain arte, Asia hegoaldeko bi herrialdek soilik onartzen zituzten sexu berekoen arteko harremanak: Indiak eta Nepalek. 2009ko ebazpena lagungarri izan zen Indiako LGTB komunitate gero eta zabalagoari arnasa apur bat emateko, baina sexu berekoen arteko harremanek aurreiritzien eta diskriminazioaren itzalpean jarraitzen dute oraindik. Gizarteko mailaketa eta arau zurrunak direla medio, euren sexu aukera ezkutatu behar izaten dute askok. Horregatik, legea aurka ez edukitzea aurrerapauso handitzat jo zuten 2009an.
Orain, Indiak «ehun urte atzera» egin duela salatu duteLGTBen elkarteek, eta ohartarazi dute gay eta lesbianek arrisku handiagoa izango dutela aurrerantzean bazterkeria eta indarkeria sufritzeko. «Armairura itzuliko naizela espero duen herrialde batean bizi naiz», esan du Shaleen Rakesh ekintzaileak: «Ez nago prest berriz armairura itzultzeko». «Honek ez du zerikusirik moralitatearekin edo erlijioarekin», azaldu du haren kide Ashok Row Kavik: «Gizartean integratzeko dagozkigun eskubideak eskatzen baino ez gara ari».
Lesbiana eta gayen sexu harremanak debekatuta egongo dira berriro Indian
2009an indargabetu zuten sexu berekoen arteko harremanak zigortzen zituen legea, baina atzera egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu