Gaur hasi du Annanek Ekialde Hurbilean egingo duen bira. Libanoko Parlamentuko presidente Nabih Berrirekin eta lehen ministro Fuad Siniorarekin bildu da NBEko idazkari nagusia eta Libanon bakea lortzeko itxaropentsu agertu da. “Bake iraunkorra nahi dugu”, esan du Annanek.
1701 ebazpenaren arabera, NBEk Libanoko bake indarrak areagotuko ditu, eta haien ardura izango da Israelekiko muga liskartsua zaintzea. Era berean, su-etena betetzen den ere kasko urdinekzainduko dute. 15.000 soldadu zabaltzea erabaki zuen NBEk, eta, besteak beste, hori guztia nola gauzatu aztertzen ari da Annan Libanoko buruzagiekin.
Libanoko parlamentuko presidentea ere pozik atera da bileratik eta eskerrak eman dizkio Annani Libanon bake lortzeko egiten ari den ahaleginagatik. Israelek Libanori egiten dion “blokeoaren inguruan, eta 1701 ebazpena urratu izanaren inguruan” mintzatu direla gaineratu du. Libanok txostena “betetzeko ahal duen guztia” egiten duela adierazi du.
Ekialde Hurbileko bidaia osatzeko, Israel, Qatar, Turkia, Saudi Arabia, Egipto eta Jordania bisitatuko ditu Annanek, eta oraindik erabat zehazteke badago ere ziurrenera, baita Siria eta Iran ere.
Ekialde Hurbila
Libanok eta Israelek NBEren ebazpena betetzeko hitz eman dutela esan du Annanek
Libanoko arazoa konpontzeko NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak onartu zuen 1701 ebazpena betetzeko konpromisoa hartu dute Libanok eta Israelek, gaur NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek jakinarazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu