Libanok eta Siriak harreman diplomatikoak hasiko dituzte, 60 urteren ostean

Bi herrien arteko muga zehaztuko eta gerran desagertuei zer gertatu zaien argituko dutela hitzeman diote elkarri

2008ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Libano eta Siria artean harreman diplomatiko «erabatekoak» hastea hitzartu dute bi herrialdeetako presidenteek; Michel Suleimanek eta Bashar el Assadek. Hirurogei bat urteko egoera ez ohiko bati amaiera emango dion erabaki honen berri herenegun eman zuen Libanoko presidenteak. Suleimanek Siriara eginiko bidaia ofizialaren lehen egunean egin zuen iragarpena. Atzo, aldiz, bi herrialdeen arteko auziak konponbidean jartzeaz arduratuko diren lan batzordeen eraketa iragarri zuten bi aldeek.

«Michel Suleiman eta Bashar el Assad presidenteek hitzartu dute gure bi herrialdeen artean harreman diplomatiko ofizialak indarrean jartzea, Nazio Batuen itunarekin eta nazioarteko legearekin bat eginez». Bussaina Saaban Siriako presidentearen aholkulari politikoak egin zuen iragarpena: «Libano zein Siriako Atzerri ministroei harreman diplomatiko hauek gauzatzeko egin beharreko guztiak bidean ezar ditzaten eskatu diete presidenteek».

Libanoko eta Siriako presidenteen sinadura zeraman agiriakbi herrialdeen artean harreman diplomatikoak hitzartu ondorengo lehengo urratsak zeintzuk izango diren zehazten du. Hala, bi herrialdeetako ordezkariek osatuko dituzten lan taldeak eratuko edo suspertuko direla jakinarazi zuten, modu horretan, aspaldian trenkatzekotan diren auzi edo arazoak konpontzeko.

Hauen artean minberena da Libanoko gerra garaian (1875-1990) eta Siriaren okupazioaren garaian (1990-2005) desagertutakoen auzia. Hauetatik gehienak -650 inguru- Damaskok Libanon esku hartzearen kontra ziren libanoarrak dira. Siriak ukatu du beti desagerpen hauekin zerikusia zuenik, baina orain dela gutxi askatu zuten desagertutakoen zerrendan libanoar bat zegoen.

Libano eta Siria artean, Frantziako potentzia kolonialak bertatik ihes egin zuenetik, dirauten muga arazo batzuei irtenbidea bilatzean adostu dira, halaber, bi herrialdeetako agintariek. Arazo hauetako gehienak Libano, Siria eta Israelen arteko mugan kokatuta dauden Sheebako etxaldeak deitutako eskualdean sortu dira bereziki.

Sheebako etxaldeen arazoa

Israelek 1967ko gerraz geroztik okupatzen du eskualde hau eta Tel Aviven iritzian, Sheebako etxaldeak Sirian kokatzen dira. Damasko eta Beirut bat etortzen dira, aldiz, esateko lurralde hau Libanokoa dela. Dena den, Libanoko Atzerri ministro Fauzi Salukekin bateraatzo egin zuen prentsaurrekoan, Siriako diplomazia buru ualid Mualemek adierazi zuen: «Sheebako etxaldeen inguruan muga zehaztea ezinezkoa izango da Israelen okupazioak iraungo duen bitartean».

Beirut eta Damaskoren arteko harreman korapilatsuen bilakaerak zerikusia dute Michel Suleiman Libanoko armadaburu ohia presidente izendatu izanarekin, iragan maiatzaren 25ean. Siriaren adiskide eta aurkari diren indar politikoen artean lau egun lehen lortutako akordioak hemezortzi hilabete iraun zuen krisi politikoari amaiera eman zion.

Libano eta Siria arteko harremanen bilakaeraz pozik agertu da Frantzia. Parisentzat, «aurrerapauso handia da, baldin eta Siriak benetan errespetatzen badu Libanoren subiranotasuna».



Sheebako etxaldeetan mugak finkatzea ezinezkoa da Israelek okupatzen duen tartean»

ualid mualem
Siriako Atzerri ministroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.