Libanoko Sidon hiriko setioa bukatu du armadak

Xeke salafista bat matxinatu, eta haren 40 jarraitzaile, hamazazpi soldadu eta bi zibil hil dira bi egunean

Erredakzioa
2013ko ekainaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bi egun iraun dute Libanoko Sidon hirian armadaren eta Ahmad Assir xeke salafistaren jarraitzaileen arteko borrokek. Soldaduek Assirren egoitzan sartzea lortu zuten herenegun gauean, eta, hala, setioa bertan behera utzi. Borroketan bi zibil, hamazazpi soldadu eta xekearen berrogei jarraitzaile hil dira. Assir, ordea, ez zuten egoitzan harrapatu, eta atzo armadak Sidon etxez etxe arakatzeari ekin zion. Xekea eta haren 123 jarraitzaile atxilotzeko agindua eman du Estatuko Fiskaltzak. Gertaerak are gehiago gaiztotu du Libanoko egoera politiko zaila. Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari bereziak Siriako gatazka inguruko herrialdeetara hedatzeko arriskuaren adibidetzat jarri du Sidonen gertatutakoa. Genevan (Suitza) egin ditu adierazpen horiek, AEBek, Errusiak eta NBEk edukitako bilera baino lehen. Konferentziarako adostasunik gabe bukatu dute.

Assir xekea duela bi urtetik da ospetsu, Hezbollah milizia xiitaren eta Baxar al-Assad Siriako presidentearen aurkako hitzaldiak ematen hasi zelako. 1980ko hamarkadan ekin zion islamismo sunitaren inguruko militantziari. Sidonen Bilal bin Rabah meskitako imam bilakatu zen, eta handik eratu zuen bere mugimendua. Joan den igandean, armadaren aurka matxinatu zen —kontrol postu bati eraso, eta hiru soldadu hil zituzten—. Hezbollah gobernuan denetik, estatuko indarrak milizia xiitaren aldekotzat jotzen ditu xekeak. «Gaurdanik, jende armatuaren presentzia ez dugu onartuko», adierazi zuen atzo Marwan Txarbel Barne ministroak Sidonera egindako bisitan. Izan ere, azken egunetan Beiruten ere hainbat tiroketa izan dira —tentsio politikoarekin zerikusirik ez dutela diote agintariek—, eta Tripoli hirian suniten eta xiiten arteko liskarrak maiz lehertu dira Siriako gatazka hasi zenetik.

Genevan, adostasunik ez

Siriako egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz egin nahi den konferentziak, ordea, oraindik ez du egunik, ezta edukiaren inguruko adostasunik ere. Brahimi mandatariaren ustez, uztailerako ere ezingo da konferentzia egin, besteak beste, oposizioko koalizio nagusia uztailaren 4an elkartuko delako bilkuraren inguruan hartu beharreko jarrera erabakitzeko. AEBen eta Errusiaren desadostasunek ere bere horretan segitzen dute. Iranen parte hartzea da horietako bat; Errusia alde dago, «Iranek eremuan eginkizun garrantzitsua duelako», Gennadi Gatilov Atzerri ministrordearen hitzetan, baina AEBak aurka daude. John Kerry AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa hurrengo astean elkartuko dira Brunein, aurrerapausoren bat egiteko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.