Liberalek alde txikiarekin irabazi diete laboristei Herbehereetan

Laboristekin koalizioa osatzea da Rutteren aukeretako bat; bestea, berriz, nabarmen gora egin duen eskuin muturrarekin batzea

arantxa elizegi egilegor
2010eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Irabazi, irabazi dute liberalek, baina lanik zailena geratzen zaie egiteko. VVDko buru Mark Ruttek diputatu bakarraren aldea atera baitie Job Cohenen laboristei. 31 eserleku izango ditu lehenak 150 aulkiko Legebiltzarrean, eta bat gutxiago bigarrenak. Hala, gobernu aldaketa dagoeneko ziurra bada ere, gobernu berriaren kolorea geratzen da erabakitzeko.

Bi aukera argi ditu Ruttek: eskuinera jauzi egitea lehena, eta purpura koloreko koalizioa osatzea bigarrena -horrela deitzen diote osatuko luketen alderdien koloreengatik, liberalen urdina, laboristen gorria, eta berde eta liberal-demokraten berdea-. Bigarren aukera hautatuz gero, ordea, bi handienek, liberal eta laboristek, euren programak moldatu beharko dituzte talka egin nahi ez badute. Izan ere, Ruttek lau urtean gastu publikoa 20.000 milioi euroan murriztea proposatu du, baina aberatsenei zergak igo gabe; Cohenek ere murrizketak iragarri ditu, baina zortzi urteko epean eta errenta altuenak dituztenei zergak igoz. Ekonomian ez ezik, immigrazioan ere ikuspegi desberdinak dituzte biek. Lehenak estatuan hamar urte baino gutxiago daramaten etorkinei gizarte segurantza ukatzea proposatu du, eta bigarrenak gizarteratze politiken alde egin du. Bestalde, koalizioak 81 diputatuko gehiengo zabala izango lukeen arren, bi buruzagiek zail izango lukete aliantza euren alderdiei aurkezterakoan.

Rutteren beste aukera, baina, ez da askoz hobea. Parlamentuan gehiengoa izateko behar dituen 76 eserlekuak eskuratzekotan Geert Wildersen Askatasunaren Alderdiarekin bat egin beharko bailuke, eta aukera horren aurka daude Alderdi Laboristako hainbat kide. Wildersek ez du batere irudi ona, nahiz eta azken bozetan izugarrizko gorakada egin eta hamabost diputatu gehiago lortu. Gainera, eskuin muturreko liderra epaitu egingo dute urte bukaeran, musulmanen aurkako gorrotoa bultzatzeaz akusatuta. Horrek, baina, ez dirudi PVVko buruzagia gehiegi kezkatzen duenik: «Benetako garaileak gu gara. Ezin gaituzte atzean utzi, hori demokraziaren aurkakoa litzatekeelako. Gure alderdiak defendatzen dituen ideien artean daude segurtasuna eta kriminalitatea eta islama gutxitzea». Wildersek defendatzen dituen proposamenen artean daude mezkitak eta Korana debekatzea.

Zortzi urteren ondoren, kalera

Eskuineko balizko koalizio horretako kideetako bat izango lirateke demokristauak. Baina horiek Legebiltzarrerako hauteskunde horietan izan duten porrotaren ostean -hogei diputatu gutxiago izango dituzte-, nahiko lan izango dute etxean bertan. Horretaz gain, herritar askok ez lukete begi onez ikusiko bozetako galtzaileak, beste behin, agintean egotea.

Horiek hala, eta porrota onartuta, politikagintza utziko duela iragarri zuen atzo Jan Peter Balkenende orain arteko lehen ministroak. «Alderdiko buruzagitza utziko dut, eta ez naiz hurrengo legealdian Parlamentuan izango. Kolpe gogorra izan da guretzat, baita etsigarria ere. Baina bozetan irabazi edo galdu egiten da; hori da demokrazia».

Alderdietako buruzagiak gaur bilduko dira Beatrix erreginarekin, eta hark erabakiko du nori dagokion gobernua osatzea. Horren ondoren hasiko dira negoziazio ofizialak. Dena den, itxaropentsu agertu da Rutte, eta iragarri du uztailaren 1erako osatu nahiko lukeela koalizioa, datorren urteko aurrekontua garaiz onartzeko. «Zaila izango da, baina hautesleak subiranoak dira, eta politikariei dagokie orain gobernu on bat eratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.