Hauteskundeak irabazita, Carneyk Trumpi esan dio Kanadak aurre egingo diola

Lehen ministroa buru dutela, liberalek irabazi dituzte Komunen Ganberarako hauteskundeak, nahiz eta ez duten gehiengo osorik lortu. Carneyk iragarri du AEBekin beste molde bateko harremana izan nahi dutela aurrerantzean. «Bukatu da».

Marc Carney lehen ministroa, liberalen hautagaia, garaipena ospatzen. ERIC REID / EFE
Marc Carney lehen ministroa, liberalen hautagaia, garaipena ospatzen. ERIC REID / EFE
Igor Susaeta.
2025eko apirilaren 29a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nahiz eta ez duen gehiengo osorik lortu, PLC Alderdi Liberalak laugarrenez jarraian irabazi ditu Kanadako Legebiltzarrerako hauteskundeak, Mark Carney jarduneko lehen ministroa buru duela. Botoen %99 zenbatuta zeudela, liberalek 168 (%43) aulki lortu dituzte Komunen Ganberan. PCC Alderdi Kontserbadorea izan da boto gehien lortutakoetan bigarrena, eta 144 eserleku bildu ditu (%41). Behe ganberan gehiengo osoa lortzeko, 172 behar dira. Carneyk badaki gutxiengoan gobernatu beharko duela, eta aliatuak bilatu beharko dituela horretarako. Horregatik, goizaldean, emaitzez hitz egiteko Ottawa hiriburuan hitza hartu duenean —astelehen gaua Kanadan—, nabarmendu du «alderdi guztiekin eta lurralde guztiekin» gobernatuko duela. Eta Donald Trump AEBetako presidenteak azken hilabeteetan haizatutako anexioaren mamuari dagokionez, kanadarrei adierazi die aurre egingo diotela, eta iragarri hegoaldeko bizilagunarekin beste molde bateko harremanak izan nahi dituela aurrerantzean: «Bukatu da AEBekin genuen harremana, integrazio gero eta handiagoan oinarritutakoa».

Inkestek aurreikusten zuten liberalek irabaziko zutela, eta hala izan da. Duela lau urteko bozetan baino emaitza hobeak lortu dituzte, gainera, zortzi ordezkari gehiago izango baitituzte Komunen Ganberan. Bestalde, kontserbadoreek, irabazi ez arren, gorakada handiagoa izan dute, 25 aulki gehiago izango baitituzte. Parte hartzea %67,15 izan da, hau da, 19,1 milioi lagunek bozkatu dute.

Bi alderdi horiek gora egin dute, behe ganberan ordezkaritza lortuko duten beste indarrek boto asko galdu baitituzte duela lau urteko bozen aldean. BQ Bloke Quebectarra subiranistak, 33 diputaturen ordez 23 edukiko ditu (%6); eta NDP Demokrata Berrien Alderdia sozialdemokrata amildu egin da (%6)  —haren lider Jagmeet Singhek dimisioa eman du—: 25 zituen, eta zazpi izango ditu. Berdeek bi zituzten, eta aurrerantzean bakarra izango dute (%1).

Quebec probintzian bertan liberalak nagusitu dira: botoen %55 bildu dituzte, eta BQ boto gehien lortutakoetan bigarrena izan da han (%29). Carneyk lankidetzarako keinua egin dio BQri, zeren esan du kanadar guztien «ordezkaria» izan nahi duela, «berdin du nongoak diren, zer hizkuntzatan hitz egiten duten». Lehen ministroa ingelesez mintzo da, eta, datu ofizialen arabera, Quebecen %80 inguru dira frantses hiztunak. «Defendatu egingo ditut probintzietako gobernuekin elkarlanean jardutera bultzatzen gaituzten balioak; Quebecek jarrai dezala aurrera egiten, Kanada batuaren barruan», gehitu du, horren guztiaren harira.

Liberalek aliatuak beharko dituzte gobernatzeko. Historikoki, hauteskundeak irabazten dituen alderdiak gobernatzen du Kanadan, baita behe ganberan gutxiengoan egonda ere, eta ez dute koaliziorik egiteko ohiturarik. Aurreko legegintzaldian, esaterako, sozialdemokratak izan zituen lagun Justin Trudeau  —eta azken asteetan Carney— buru zuen gobernuak. Ez dirudi, ez, liberalek kontserbadoreen laguntza izango dutenik. Hain zuzen, kontserbadoreen lehen ministrotarako hautagai Pierre Poilievrek Carney zoriondu du goizaldean, eta nabarmendu du Trumpi aurre egiteko orduan haren ondoan izango dela, baina, bestela, gobernuari «kontu eske» jardungo duela oposizioan. Aintzat hartu behar da, bide batez, Alderdi Kontserbadoreak azken 35 urteotako emaitzarik onenak erdietsi dituela.

«Trump presidenteak menperatu egin nahi gaitu, AEBak gure jabe izan daitezen. Baina hori ez da gertatuko»

MARK CARNEY Kanadako jarduneko lehen ministroa

Zenbait hedabidek Alderdi Liberaleko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Carneyren asmoa da bi asteko epean gobernua osatzea. Iturri horien arabera, aurreko kabineteak baino kide gutxiago izango ditu orain osatu asmo dutenak: 37 zituen, eta 30 edukitzekoa da.

«Bazkide fidagarrien» bila

Hauteskundeak aurreratu egin dituzte oraingoan. Beranduenez urrian ziren egitekoak, baina, martxoan, Carneyk erabaki zuen aurreratzea. Trudeau lehen ministroak (2015-2025) urtarrilean dimisioa eman, eta Carneyk hartu zuen kargua, primario batzuk irabazita; lehen ministro gisa bi aste ere ez zeramatzala erabaki zuen bozak aurreratzea. Eta ondoriozta daiteke asmatu zuela, duela bost hilabete eskas kontserbadoreek hogei punturen aldea ateratzen baitzieten liberalei inkestetan.

Baina Donald Trump heldu zen AEBetako presidentetzara, gerra komertziala deklaratu zion iparraldeko bizilagunari, anexio mehatxua zabaldu zuen, eta horrek, nolabait, liberalak susperrarazi ditu. Carneyk irmo erantzun zien AEBei, hango produktu batzuei ere muga zergak ezarriz. 60 urte ditu Carneyk, ibilbide luzeko ekonomialaria da  —Kanadako Banku Zentralaren gobernadorea izan zen (2008-2013), baita Ingalaterrako Bankuaren burua ere (2013-2020), besteak beste—, eta bi ideia izan dira haren kanpainaren zutarriak; batetik,  eskarmentu profesionala goratu diote, lehen ministro izateko berme gisa, eta, bestetik, Trumpi aurre egiteko erakutsitako erabakitasuna azpimarratu.

Hain zuzen, gaur esan du Etxe Zuriko maizterrarekin hitz egin nahi duela «segurtasun eta ekonomia kontuez». Eta kanpainan plazaratutakoen ildotik, mezu hau utzi du: «AEBek gure lurrak nahi dituzte; gure baliabideak, gure ura, gure herrialdea. Ez dira alferrik egindako mehatxuak. Trump presidenteak menperatu egin nahi gaitu, AEBak gure jabe izan daitezen. Baina ez da halakorik gertatuko». Eta aurreratu du ahaleginduko dela «bazkide fidagarriagoekin» dituen harremanak «sendotzen», Asiakoekin eta Europakoekin, besteak beste.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.