Libiako batasun gobernuaren aldeko indarrek jakinarazi dutenez, aurrera egin dute Sirte hirian, eta, EI Estatu Islamikoaren defentsa lerroak apurtuta, portutik kanporatu dituzte. Hiriaren ekialdeko etxebizitza auzoak ere bereganatu dituzte gobernuaren aldeko tropek, eta hirigunean setiatu dituzte jihadistak. Portua erdiguneko auzoetatik bost bat kilometrora dago, baina kostata ari dira aurrera egiten soldaduak, jihadistek gunea minez eta tranpez josita utzi dutela salatu baitute. Herritar gehienek ihes egin dute, baina oraindik 30.000 inguru geratzen direla uste da. Iazko ekainetik du Sirte kontrolpean talde jihadistak, esanahi sinboliko handiko hiria; Muammar Gaddafi Libiako agintari zena hiri horretan jaio zen, eta hantxe bertan hil zuten.
Nazioarteak 2011ko matxinada babestu zuenetik anabasan hondoratuta dago Libia, huts egindako estatu bat bihurtuta. Hiru gobernu daude Afrika iparraldeko herrialdean: Tripoli hiriburuan bat, islamistek babestua eta nazioarteak arbuiatuta; Tobruken beste bat, hainbat herrialdek onartua; eta, azkenik, Europako Batasunak eta NBEk inposatutako batasun gobernua, baina beste biek zilegitasunik aitortzen ez diotena. Bestalde, hego-mendebaldean tuareg herrien miliziek agintzen dute. EIk eta beste talde jihadistek etekina atera diote egoera horri, eta eragin eremua zabaldu eta lurraldeak bere gain hartu dituzte.
Maiatz hasieran hasi zituzten Sirte hartzeko prestakizunak. Batasun gobernuaren aldeko milizien koalizioa sortu zuten, eta tartean batu ziren Misrata hirikoak.
Kalez kaleko borroka
Herenegun iluntzean hasi zuten miliziek portua hartzeko erasoa, eta atzo goizeko ordu txikietan lortu zuten azkenean jihadistak kanporatzea. Aire erasoen laguntzarekin, infanteria unitate batzuek aurrera egitea lortu dute, eta bi kokapen garrantzitsu bereganatu dituzte: Abu Hadi uhartea, hiriko ekialdeko atea, eta Al-Zafran, mendebaldeko beste toki estrategiko bat.
Ostiralean borroka gogorrak izan ziren hirigunean; NBEk babestutako gobernuaren aldeko indarrek Uagadugu konferentzia egoitza bonbardatu zuten, Gaddafiren garaiko eraikina, eta EIren egungo egoitza nagusia. «Hegazkinen eta artilleriaren gerra zen, orain kalez kale ari gara borrokatzen», esan dio gobernuaren aldeko borrokalari batek AFPko berriemaileari.
Sirte da EIk Libian duen gotorleku nagusia, eta hiritik kanporatzea kolpe handia litzateke taldearentzat. Halere, analistek ohartarazi dute hiria berreskuratuta ere ez litzatekeela EI guztiz garaituko.
Zalantza handiak eragin ditu Sirteren ondorenak, jihadisten aurkako indar guztiak ez baitaude koordinatuak. Khalifa Hafter jeneralak ekialdeko frontean agintzen du, Tobrukeko gobernuaren alde; jeneralak ez du NBEren batasun gobernua onartzen.
Libiako batasun gobernuko indarrek Sirteko portutik egotzi dute Estatu Islamikoa
NBEk babestutako gobernuak, Misratako miliziek lagunduta, hiriko bi toki estrategiko hartu ditu. Talde jihadista bere gotorlekuan inguratuta dago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu