Libiako erregimena harremanetan jarri da nazioarteko koalizioarekin

Erresuma Batuko hedabideen arabera, Gaddafiren irteera negoziatzen saiatu da haren ordezkari bat

mikel rodriguez
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren erregimena nazioarteko koalizioarekin hitz egin nahian ari da, Libiako lehen ministro ohi Abdul Ati al Obeidik aitortu duenez. «Britainiarrekin, frantziarrekin eta amerikarrekin hitz egiteko ahaleginetan ari gara, herritarren hilketak geldiarazteko. Konponbide bateratua nahi dugu». Erresuma Batuko hedabideen arabera, horietako saio bat Londresen egin du erregimenak, Gaddafiren bigarren seme Seif al Islamen hurbileko aholkulari baten bidez. Iturri horrek dioenez, Mohammed Ismail Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkariekin elkartu da, «Gaddafiren irteera» negoziatzeko. Londresek harreman hori onartzeaz gain, Libiako «goi funtzionario» gehiagorekin elkartu dela ere jakinarazi du, baina erregimenari eskaintzarik ez diola eginen ziurtatu du. Matxinoak, berriz, su-etena onartzeko prest agertu dira, Gaddafik hainbat baldintza betetzearen truke.

Erresuma Batuko hedabideek diotenez, Gaddafiren seme-alabetako hiru, Seif el Islam —azken urteetan aitaren oinordekotzat hartu izan dena—, Saadi eta Mutassim, nazioarteko koalizioarekin negoziatzen saiatu dira, familiaren edo behintzat Gaddafi aitaren irteera segurua bermatzeko. Erresuma Batuko Gobernuaren eledun batek adierazi du Seif el Islamen aholkulari Ismaili «mezu argia» bidali diotela. «Gaddafik alde egin behar du». Ismail dagoeneko Libiara itzuli dela diote Erresuma Batuko hedabideek.

Negoziazioei buruzko berriak erregimenak jasandako desertzioen ingurukoekin batera ailegatu dira, eta denetan Londres da erdigunea. Libiako Atzerri ministro Musa Kusarena izan da desertziorik entzutetsuena, Gaddafiren laguntzaileen artean hurbilenetakoa baitzen, eta erregimenak azken hamarkadan Mendebaldearengana egindako hurbilketa politikoaren sustatzaile nagusienetakoa izan baita. The Independent egunkariaren arabera, Erresuma Batuko Gobernua harremanetan dago erregimeneko bertze hamar goi kargudunekin, Gaddafi utz dezaten konbentzitzeko. Al Jazeerak dioenez, berriz, Kusaren ondotik desertzio gehiago egon dira. Horien artean daudela dio Herri Batzordeen presidente Mohammad Abu Al Kassim Al Zaui eta Abu Zaied Dorda lehen ministro ohia (1990-1994). Shokri Ganem erregimenaren petrolio arduraduna ere ihes egindakoen artean zegoela argitaratu dute, baina Ganemek berak Tripolitik hori gezurtatu egin du. Frantziak «azkar» alde egiteko eskatu die Gaddafiren hurbilekoei.

Baldintzapeko su-etena

Matxinoen Kontseilu Nazionala, berriz, gerra lehertu zenetik lehenbiziko aldiz su-etena onartzeko prest agertu da. Erakundeko buru Mustafa Abdeljalilek azaldu duenez, baina, horretarako honako baldintza hauek bete beharko ditu Gaddafik. «Setiatutako hirietan» posizioak uztea, «mendebaldeko hirietako anai-arrebei adierazpen askatasuna bermatzea», eta «mertzenarioak eta teilatuetako soldaduak» kentzea. Baldintza horiek NBE Nazio Batuen Erakundeko mandatari Abdelila al Khatibi azaldu dizkio Bengazin, matxinoen hiriburuan. Al Khatib herenegun Tripolin egon zen erregimeneko ordezkariekin, su-etenaren inguruko baldintzei buruz galdezka hura ere.

Borroka frontean, baina, ez da su-eten zantzurik antzeman oraindik. Bigarren egunez jarraian, gainera, NATOren esku hildako zibilen berri eman dute. Alde batetik, mediku batek jakinarazi duenez, ekialdeko Brega herritik gertu —han dago frontea, Bengazitik 200 kilometro hegoaldera—, aliantzako hegazkinek Gaddafiren indarren konboi bat bonbardatu dute, eta, leherketaren ondorioz, zazpi zibil hil dituzte, guztiak 12 eta 20 urte artekoak. Horrez gain, Giovanni Innocenzo Martinelli Tripoliko apezpikuak adierazi du Surten (Tripolitik 450 kilometro ekialdera) bonbardaketetan zortzi zibil eta Gaddafiren aldeko 40 militar hil dituztela. Apezpiku berberak salatu zuen herenegun Tripoliko bonbardaketa batean 40 zibil hil zituela nazioarteko koalizioaren eraso batek. Aliantzak jakinarazi duenez, joan den ortzegunean eraso guztien ardura hartu zuenetik, haren hegazkinak 178 irteera egin dituzte Libiako zerura, eta horietako 74tan «helburuei» eraso egin diete.

CIA matxinoak entrenatzen

Matxinoen eta erregimenaren arteko borrokak, berriz, Bregan ez aitzinera ez gibelera gelditu dira. Frontetik hurbil dauden hedabideek jakinarazi dutenez, matxinoek lehenbiziko borroka lerroan militar profesionalak paratu dituzte boluntarioen ordez. BBCko berriemaileak dio ez dagoela argi militar horiek nondik ailegatu diren. Horrez gain, berri agentziek diotenez, erreboltariak arma pisutsuak eramaten hasi dira Bregara, eta AEBetako hedabideek argitaratu dute duela egun batzuetatik CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko agenteak Libiako ekialdean daudela, bertzeak bertze matxinoak trebatzen. Azken mugimendu horiekin eta NATOren aire erasoekin, Gaddafiren ekinaldia gelditzeko itxaropena dute erreboltariek. Mendebaldean, berriz, Misrata hiriko egoera salatu dute matxinoek. Haiek diotenez, atzo ere tankeekin eta artilleriarekin bonbardaketa gogorrak egin zituen erregimenak, portuan eta etxebizitza auzoetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.