Libiako Harremanetarako Taldeak diruz lagunduko ditu matxinoak

Herritarrei laguntzeko 310 milioi dolar behar dituela jakinarazi du NBEk; orain arte erdia ere ez dute lortu

Erredakzioa
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Matxinoei ahalik eta laguntza gehien ematea adostu dute Libiako Harremanetarako Taldeko kideek Qatarren egin duten lehen bileran. Lehenik eta behin oposizioa finantzatzea onartu dute. Armak ematea ere eztabaidatu dute, baina taldeko kide guztiak ez datoz bat proposamenarekin.

Nazioarteko operazioaren zuzendaritza politikoa biltzen du taldeak. Horrez gain, NBE, NATO, Arabiar Liga eta Afrikako Batasuna erakundeek ere hartu dute parte bilera horretan, beste hainbat elkarterekin batera.

Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak bilera baliatu du, beste behin, NATOri parte hartze handiagoa eskatzeko. Atzo, Erresuma Batuak eta Frantziak eskatu zioten ahalegin militarrak areagotzea, baina NATOk baliabiderik ez duela erantzun zuen. Armak ere eskatu dituzte matxinoek, zibilak babesteko behar dituztela argudiatuz. NBEren 1973 ebazpenak, ordea, Libiarako armen blokeoa biltzen du, eta hala gogorarazi dute Harremanetarako Taldeko hainbat ordezkarik. Dena den, ez dute baztertu matxinoak defentsarako armez hornitzea.

Muammar Gaddafi presidenteak boterea uztea ere premiazkotzat jo dute lehen bilera horretan parte hartu duten kide guztiek. Horixe da, hain justu, matxinoek negoziazioetarako jarri duten lehen baldintza.

Horrez gain, matxinoek uko egin diote Musa Kusa Gaddafiren ministro ohiarekin biltzeari.Qatarren dago ministroa, eta bere burua eskaini du oposizioaren eta Gaddafiren arteko bitartekari lanak egiteko; baina, matxinoen aburuz, ez da pertsona egokia. Izan ere, Kusa denbora luzez Gaddafiren ondoan egon dela salatu dute. Urte guzti horietan Libian egin diren giza eskubideen urraketetan zerikusia duela gaineratu dute.

Laguntzahumanitarioa

Horrez gain, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak jakinarazi du 3,6 milioi lagunek laguntza behar dutela. Horiei laguntzeko 310 milioi dolar bildu nahi ditu erakundeak, eta oraingoz erdia ere ez dutela lortu jakinarazi dute.

NATOk Jefra eta Al Azizija hiriak bonbardatu zituen atzo. Matxinoek eta nazioarteak laguntza nahikoa ematen ez duela leporatu diote erakundeari egunotan. Gaur eta bihar, hain justu, bilera egingo du NATOk operazioaren martxa eztabaidatzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.