Joan den hilaren bukaeran NATOk Libiako erregimenaren aurkako operazioaren buruzagitza militarra hartu zuenetik, matxinoek kritika ugari egin dizkiote, haien ustez Muammar Gaddafiren indarrei gain hartzeko borrokan nahikoa laguntzen ez dielako. NATOk ez ditu kritika horiek onartu, eta erantzun du erasoak egiteko zailtasunak dituela, erregimenaren tropak zibilen inguruan mugitzen direlako —«giza ezkutuak» erabiltzea ere egotzi die—. Orain, ordea, nazioartetik egin diote kritika NATOri; Gaddafiren aurkako koalizioko sustatzaile nagusiek, gainera. Frantziaren ustez aliantza ez da nahikoa egiten ari, eta Erresuma Batuak dio «ahalegin militarrak mantendu edo areagotu» egin beharra dituela. NATOk ez ditu ongi hartu kritika horiek, eta gehiago egiteko nahikoa baliabide ez duela erranez defendatu da.
«Gehiago edukiz gero, gehiago egin dezakegu», adierazi du Mark van Uhm NATOko militar buruak. Hala ere, dauzkaten baliabideekin «lan handia» egiten ari direla erran du Van Uhmek. Militar buruak oroitarazi du Gaddafiren aurkako operazioaren parte hartzen ari diren herrialdeek erabaki dutela zer baliabide utzi NATOren esku —200 hegazkin inguru eta hemezortzi itsasontzi ditu denera—. «Misio hau erritmo bizian ari gara gauzatzen. Indar horiekin tanke eta helburu anitz deuseztatu ditugu». Aliantzaren datu ofizialen arabera, operazioaren ardura hartu duenetik haren hegazkinek egunero bataz bertze 155 hegaldi egin dituzte, eta horien %40ak Gaddafiren lurreko indarrei erasotzea zuen helburu.
Matxinoak Bruselan
Frantziako Atzerri ministro Alain Juppe, ordea, ez du aliantzaren jardunak asebete. «NATOk bere lana erabat bete behar du. Operazioaren zuzendaritza hartu nahi izan zuen, eta guk onartu egin genuen. Orain bere lana bete behar du, hau da, Gaddafik herritarrak bonbardatzeko arma pisutsuen erabilera saihestu». EB Europako Batasuneko atzerri ministroek bilera izan zuten atzo Bruselan, eta hainbat gairen artean, Libiako egoeraz mintzatu ziren. Bilkuraren ondotik, aurrez egindako adierazpenak zertxobait zuzendu nahi izan zituen Juppek, eta NATOrengan «konfiantza» duela berretsi du.
Libiako matxinoen Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko ordezkaritza bat ere Bruselan izan da, eta nazioarteari Libian «ahalegin gehiago» egiteko eskatu dio berriz ere. Ali Esauik azaldu duenez, NBE Nazio Batuen Erakundearen 1973 ebazpena betetzeko «mundu guztiak» lagunduko dituela espero dute matxinoek. Gatazka hasi denetik, Gaddafiren indarrek 10.000 lagun hil eta 30.000 zauritu dituztela dio Esauik. Bertze 7.000 «hiltzeko arriskuan» daudela gaineratu du. Desagertuak ere badaudela erran du, eta 20.000 direla zehaztu du.
Erreboltarien ordezkariek «trantsiziorako asmo handiko plana» aurkeztu dute Bruselan, Italiako Atzerri ministro Franco Frattinik jakinarazi duenez. «Bide orri» horrek «talde guztiak» hartuko ditu bere gain, Gaddafiren menpeko lurraldeetakoak barne. Frattinik azaldu duenez, planak «etapa argiak» ditu, adibidez, Gaddafik boterea uzterakoan batzorde nazional eragile baten sorrera, behin-behineko konstituzio baten eraketa eta hauteskundeak egitea.
Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak aldeko jarrera aurkitu du Bruselan. EBk, gainera, matxinoen erakundearen oinarrizko eskariarekin bat egin du, Libiako egoeraren konponbide orok Gaddafik boterea uztea exijitzen duela aldarrikatuz. Kritikak, baina, Afrikatik jaso dituzte erreboltariek. Konponbidea lortzeko «elkarlan» gehiago exijitu die Afrikako Batasunak. Erakundeak ohar baten bidez azaldu duenez, matxinoen «baldintza politikoek» berehalako su-etena ezartzea «ezinezko» egiten dute. Gaddafi Afrikako Batasunaren baldintzak onartzeko prest agertu da, baina erreboltariek ezezkoa eman dute, diktadoreak eta haren hurbilekoek boterea uztea exijitzen ez duelako.
Mertzenarioen «frogarik ez»
Bertzelako gai bati buruz ere mintzatu da Afrikako Batasuna. Mertzenarioen erabileraren berri ez dutela adierazi du Ramtane Lamamra bakerako eta segurtasunerako komisarioak. «Hedabideen bidez jakin dugu Afrikako mertzenarioak erabili diren akusazioak zeudela, baina ez dugu horien izatearen inguruko frogarik aurkitu». Matxinoek, baina, Aljeriari egotzi diote mertzenarioen garraioan Gaddafiri laguntzea. Herrialde horretako Atzerri Ministerioaren ustez akusazio «desegoki» eta «arduragabea» da.
Libiako Harremanetarako Taldea, berriz, gaur elkartuko da Qatarren. Nazioarteko operazioaren zuzendaritza politikoa da hori, eta Londresen eratu zenetik lehen aldiz bilduko da. Gaddafiren Atzerri ministro ohi Musa Kusa ere Qatarren dago, bertzeak bertze, matxinoekin biltzeko asmoz.
Libiako operaziorako behar beste baliabide ez duela dio NATOk
Frantziaren ustez, Aliantza Atlantikoa ez da nahikoa egiten ari, eta Erresuma Batuak ekintza militarrak areagotzeko eskatu dioAfrikako Batasunak dio matxinoen jarrerak su-etena ezartzea «ezinezko» egiten duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu