Begoña Lasagabaster. Emakumeak-NBEko Tunisia eta Libiarako ordezkaria

«Libian, emakume izatea eta ahotsa altxatzea arriskuan jartzea da»

Lasagabasterrek nabarmendu du urteotan «urrats handiak» egin dituztela Tunisian eta Libian emakumeen eskubideen alorrean, baina ohartarazi du orain horiek errealitatean islatzea falta dela.

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herrira iritsi berritan hitz egin du BERRIAk Begoña Lasagabasterrekin (Irun, Gipuzkoa, 1962). Tunisia eta Libia artean egiten du egun denbora gehiena; izan ere, badira urte batzuk NBE Nazio Batuen Erakundearentzat lan egiten duela. «2010ean sortu zuen erakundeak emakumeentzako adarra, eta hura sortzen parte hartu nuen. Ordurako tartean zen [Txileko presidente ohi Michelle] Bachelet anderea ere, eta zoragarria izan zen harekin elkarlanean aritzea».

Tarte luzea egin du Lasagabasterrek New Yorken (AEB), NBEren egoitzatik gertu bizitzen, baina duela hiru urte zerbait desberdina probatzea erabaki zuen: «Arduradunei esan nien tokian bertan lan egin nahi nuela. Hasieran ezezkoa eman zidaten, baina azkenean onartu zuten».

Badira hamar urte NBErentzat lanean ari zarela. Nolakoak izan ziren lehen urte haiek?

Oso urte interesgarriak izan ziren; besteak beste, Udaberri Arabiarren garaia ere bazelako. Gainera, orduan NBEko Emakumeen adarreko presidentea zen [Michelle] Bachelet, eta harekin oso ondo konpontzen nintzen. Lan handiko urteak izan ziren, gauza asko baitzeuden egiteko, baina asko gozatu nuen.

Gero etorri ziren beste postu batzuk, politikoagoak. Baina, une batean, aldaketa beharrean aurkitu nuen neure burua. Gauzak gertatzen ziren tokian egon nahi nuen. New York oso ondo dago, baina egoitza ofiziala da, eta nik beste zerbait behar nuen. Horregatik esan nion zuzendari berriari aldaketa nahi nuela. Hala, Libanora bidali ninduten, eta han zabaldu nuen Emakumeak-NBEren ordezkaritzaren lehen bulegoa; gero, Tunisia eta Libiara bidali ninduten. Bi urte daramatzat han, eta gustura nago oso, hango bizitza eta errealitatea ezagutzeko aukera eman didalako.

Zein dira Emakumeak-NBEren helburuak?

Batez ere emakumeen ahalduntzea eta berdintasuna lortzea. Ahalduntzeaz ari garenean, ez gara soilik politikaz ari, baita gizarte arloaz ere: justizia, giza eskubideak, generoa aintzat hartuko dituzten aurrekontuak eta abar. Horrez gain, ahalduntze ekonomikoa ere jorratzen dugu: enplegua, soldata arrakala, emakume nekazarien egoera eta abar. Bestetik, noski, indarkeria dugu: genero indarkeria, eremu publikoetan gertatzen den indarkeria, politikan aurki genezakeena...

Ondoren etorriko litzateke emakumeen, bakearen eta segurtasunaren puntua, 1325 ebazpenari erreferentzia egiten diona. Eta, azkenik, oinarrizko alor bat dena, estatistika eta informazioarena, hori gabe ezinezkoa baita taxuzko politika publikoak bultzatzea. Oinarri horiekin egiten dugu ondoren herrialdearen analisia, eta bertako gobernuarekin zehazten dugu estrategia. Nazio Batuen Erakundea hor dago laguntzeko eta babesteko, beti errespetuz.

Tunisian aste honetan hamar urte bete dira gerora Udaberri Arabiar izena jaso zuten protesten hasieratik. Zer aldatu da herrialde hartako emakumeentzat?

Tira, hamar urte hauetan gauza asko aldatu dira, baina aldaketa ez da erabat amaitu. Adibidez, legeen arloan urrats handiak egin dituzte. Genero indarkeriaren aurkako legea oso ona da, baita parte hartzeena ere, zeinak hautagaien gutxieneko bat emakumezkoa izatea eskatzen baitu.

Esaterako, udal hauteskundeetan zerrendek emakume eta gizon kopuru bera izan behar dute lehen postuetan. Horri esker, duela hiru urteko bozetan aukeratu ziren ordezkarien %47 emakumezkoak ziren. Beste gauza bat da lege horiek nola baliatzen diren, edo hartzen diren neurri sozioekonomikoak herritarrentzako onuragarriak ote diren. Alde horretatik uste dut bide luzeagoa dutela egiteko.

Bide horretan jaso zuten lehen kolpea 2014ko atentatuena izan zen; izan ere, turismotik bizi da hemen herritarren gehiengoa, eta, arlo horretan bere onera itzultzen hasiak zirenean, COVID-19a heldu zen. Asko atzeratu dira hartutako erabakien onurak, eta horrek herritarren mesfidantza eragin du, eta sistema kolokan jarri. Horri gehitu behar zaio ustelkeriaren arazoa, zeina [Zine El Abidine] Ben Ali presidentearen garaietatik datorren.

Gizarte zibilaren lana ere izugarria izan da. Hura gabe, gizarte indartsu hori gabe, ezinezkoa zatekeen trantsizioaren arimari eustea. Haiek ere, finean, gobernuaren zati dira: nahiz eta aginte karguetan egon ez, erabakietan eragiteko indarra dute.

Alde horretatik, lortuak ziruditen elementu asko kolokan jarriko zituen COVID-19aren krisiak, ezta?

Krisi honetan ere, emakumeak egon dira lehen lerroan. Tunisian, emakumeak dira osasun erietxeetako langileen %70: horren barruan ditugu medikuak, erizainak, botiketako langileak eta, nola ez, garbitzaileak. Gero, hala ere, egia da lege dekretuak onartzeko garaian onurak gehiago izan direla gizonezkoentzat, ez norbaitek hala erabaki duelako, lan egiteko moduak berak ondorio hori duelako baizik.

Adibidez, erretiroa handitzeko lege dekretuak gehiago eragiten die gizonei. Zergatik? Bada, gizonezkoak direlako erretiroa dutenetatik gehienak, emakumeek ez dutelako kotizatu. Horrelako asko zerrendatu ditzaket, ikerketa ugari egin ditugulako. Berdin gertatzen da langabezia laguntzetan ere. Hor ditugu emakume nekazariak, krisi honetan oinarrizkoak izan direnak, haiei esker iritsi baita janaria etxeetara, baina ez dute kontraturik.

Kontua ez da, beraz, gobernuak erabakitzen duela soilik gizonei laguntzea; kontua da betidanik ezagutzen ditugun sistema horiek ez dituztela berdin lagundu gizonak eta emakumeak.

Datuek erakusten dute indarkeria ere handitu egin dela.

Itxialdiak iraun zuen artean, izugarri handitu ziren deiak emakumeentzako laguntza telefonoetan; ez bakarrik Tunisian, mundu osoan baizik. Jasotako deien artean ikusi genuen %40 indarkeria ekonomikoarekin zeudela lotuta. Indarkeria mota hori jasotzen du duela hiru urteko legeak, baina oraindik argitzeke dago zer den zehazki.

Eta horretan ari gara orain, sortu berri duten Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Behatokiarekin batera, legeak ez baitu balio ez badakigu zer den zigortu behar den hori. Adibidez, emakumeek, emakume izateagatik, irabazitako dirua ez jasotzea, edo beren diruarekin zer egin nahi duten erabaki ezin izatea, edo kontu korronte bat zabaldu ezin izatea... Finean, COVID-19ak lupa bat jarri du gizarteko desberdintasun eta arrakala guztietan, eta horri esker ikusi dugu parekidetasunik ezak alor guztiak zeharkatzen dituela.

Beste adibide bat emango dizut: 24 orduan lehen aipatu dugun gizarte zibilak irauli zuen lege dekretu bat, zeinaren arabera pandemiaren ondorioz etxetik atera ezin zirenen artean zeuden 15 urtetik beherako haurren amak. Ikusten duzu zein azkar egiten duen testuinguruak atzera, ezta?

Berehala aldatu zuten, gizartearen gehiengo handi batek salatu zuelako. Baina honekin esan nahi dut erne egon behar dugula, estereotipo eta arau sozial horiek alde guztietan baitaude.

Tunisia utzi, eta begira diezaiogun Libiari. Zer-nolako egoera dute han?

Libiak ateak itxiak izan ditu 40 urtez, eta, gero, gatazka lehertu zen. Orain, gatazka horretatik irteteko bidea abiatu du. Gatazka ugari piztu dira: batetik dago nazionala, ekialdearen eta mendebaldearen artekoa, alegia; bestetik, nazioarteko gatazka dago, zeinean herrialdeek bataren edo bestearen alde egin duten, arazoa areagotuz.

Otsailean bilera bat egin zen Genevan, eta hara joateko ordezkaritzaren zati bat NBEk aukeratu zuen. Erakundeak ordezkaritzeran hamar emakume sartzea erabaki zuen, bake elkarrizketetan parte hartzeko.

Puntu honetan esan beharra dut Libiako emakumeak izugarriak direla. Izugarrizko lana egin dute gatazka honetan, eta maiz eurek kudeatu dituzte preso trukeak ere.

Tira, esaten ari nintzen moduan, guk lagundu genien emakume horiei Genevara, eta, negoziazio haietan akordio garrantzitsurik lortu ez zen arren, lortu genuen emakumeek parte hartzea. Eta hori zoragarria da, esan nahi duelako behin urratsa eginda ezin dela atzera egin.

Gerora, joan den azaroan egin zen beste bilera batean urrats handiagoak egin zituzten, eta, kasu hartan, emakumeen parte hartzea ere handiagoa izan zen. Batzar hartan, gainera, emakumeek lortu zuten adostea datorren urte amaieran egingo diren bozetan hautagaien %30 emakumezkoak eta %20 gazteak izango zirela.

Egoera horretan zeintzuk dira zuen helburu nagusiak Libian?

Lehenik eta behin, emakumeekin lan egiten dugu plano politikoan. Emakumeen sareak sostengatzen ditugu, zeinak gurekin elkarlanean aritzen diren eta informazio iturri benetan garrantzitsua diren. Pandemia lehertu aurretik, esaterako, galdetegi bat banatu genien galdetuz ea non uste zuten egongo zela beharrik handiena osasun krisiaren ondorioz.

Horrez gain, eta giza laguntzaren lehen lerroa ez garen arren, hura emakumeengana iritsi dadin ahalegintzen gara. Arlo horretan, beste askotan bezala, gizonak baitaude erabakiguneetan, eta, nahigabe bada ere, gizonentzako erabakiak hartzen baitituzte. Hortaz, gu saiatzen gara giza laguntza horrek emakumeen beharrak ere aintzat har ditzan.

Honekin zer lortzen dugu? Giza laguntzarako erakundeen begirada aldatzea, eta ikusteko modu berri horretan emakumeak ere oso kontuan izatea. Libiara giza laguntza sartzea oso zaila baita; zaila zen lehen, eta are gehiago koronabirusaren harira.

Pandemiak asko murriztu du emakumeen mugikortasuna, eta, Tunisian bezala, han ere asko handitu da emakumeen aurkako indarkeria. Horrekin lotuta, jendaurrean hitz egitera ausartzen diren emakumeen aurkako erasoak ohikoak dira.

Hori ere neurtu beharko duzue, ezta? Alegia, emakumeek eurek egin beharko dute lehen urratsa, kontuan izanik horrek izan ditzakeen arriskuak.

Bai. Azken urtean emakume ugari hil dituzte jendaurrean iritzia ematera ausartu direlako. Batzuetan aldez aurretik deitzen digute, mehatxuak jaso dituztelako, eta haiek babesteko neurriak hartzen ditugu, kasuren batean baita herrialdetik atera ere.

Lortutakoaren meritu guztia haiena da, argi eta garbi, eta gure lana laguntzea da, haiekin egotea, besterik ez. Hala ere, esan duzun moduan, maiz kontu handiz ibili behar dugu emakume horiek arriskuan ez jartzeko. Libian, emakume izatea eta ahotsa altxatzea arriskuan jartzea da.

Diozunagatik, argi geratu da asko dagoela egiteko.

Bai, asko: izugarrizko lana dugu egiteko. Mundu osoan hogei emakumezko soilik daude politikako lehen lerroan, eta, estatistiketara hotzen badugu, %24,7 dira emakumezko parlamentariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.