Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroak argi dauka egunen batean «Gaza okupatu» beharko dutela, «Hamasen erregimena eraisteko», Tel Avivek Hamasekin su-etena sinatu berri badu ere. «Lau hilabete baino gehiago beharko lirateke Gaza okupatzeko eta Hamas eraisteko», eta halako operazio bat hauteskundeak egin eta bi hilabete lehenago abiaraztea oker bat litzateke. «Herritar gehienak aurka daudela jakinda» hartu du Israelgo Gobernuak su-etena adosteko erabakia,Liebermanen esanetan, operazioa abiaraztekohelburuak lortu dituelako.
Lieberman eskuin muturrekoak Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin batu ditu indarrak urtarrileko hauteskundeetarako, Likud Beitenu alderdia osatuta. Alderdi horrek, su-etena sinatu berritan egindako inkesta baten arabera, erraz irabaziko lituzke hauteskundeak, Segurtasunerako oinarria operazioa hasi aurretik aurrikusten zitzaizkion 37 eserlekuak ematen dizkiotelako orain ere. Gainerako alderdiek ere, Yesh Atidek izan ezik —12 eserlekuko aurrikuspenetatik5era jaitsi da—, Gazaren aurkako erasoa hasi aurreko emaitza bertsuak lituzkete orain.
Batzuk su-etena sinatu izanaren aurka altxatu dira Israelen. Defentsa ministro Ehud Baraken ustez, iritzi publikoak ez ditu halako erabakiak baldintzatu behar: «Gobernua da erabakiak hartzen dituena, ez iritzi publikoa».
Atxiloketak Zisjordanian
Israelgo armadak, berriz, 28 pertsona atxilotu ditu Zisjordaniako Ramallahen, Qalkilian eta Hebronen. Atxilotuetako bi Hamaseko legebiltzarkideak dira.
Israelgo zerbitzu sekretuen arabera, berriz, Tel Aviven asteazkenean autobus baten aurka egindako atentatuaren egilea atxilotu dute. Israeldar herritartasuna daukan Zisjordaniako palestinar bat ei da. Atxiloketa gehiago egingo dituztela iragarri dute.
Lieberman: «Hamasen agintea eraitsi beharko dugu egunen batean»
Israelgo Atzerri ministroaren arabera, lau hilabete beharko lirateke Gaza okupatu eta Hamas eraisteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu