Limjaroenratek ez du babes nahikoa lortu Thailandiako lehen ministro izateko

Hautagai sozialdemokrata 53 botora gelditu da parlamentuko bozketan. Hauteskunde Batzordeak haren aurkako salaketa jarri du Auzitegi Konstituzionalean

Lehen ministro izateko hautagai Pita Limjaroenrat, Thailandiako Parlamentuan, atzo goizean. RUNGROJ YONGRIT / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Thailandiako lehen ministro izateko 53 botora gelditu zen atzo Mugitu Aurrera alderdi sozialdemokratako hautagai Pita Limjaroenrat. Thailandiako Parlamentuan egin zuten bozketa, eta, emaitza ikusita, hurrengo asteazkenean egingo dute bigarren bozketa, hilaren 19an. Bigarren saioak ere huts egiten badu, litekeena da ostegunean, hilaren 20an, bozketa berriz egitea. Horiek horrela, koalizio progresistak sei egun ditu orainLimjaroenraten hautagaitza mantendu edo beste hautagai bat aurkeztu erabakitzeko.

Bi ganberen artean —Senatua eta Ordezkarien Ganbera— 376 diputaturen babesa behar zuen Limjaroenratek lehen ministro izendatua izateko, baina 323 boto lortu zituen. Oposizioko beste zazpi alderdirekin koalizioa osatuta, dagoeneko 310 eserlekuren babesa zuen sozialdemokratak, baina Senatuko hamahiru diputatuk bakarrik bozkatu zuten haren alde; aurka bozkatu zuten 182k —148k Ordezkarien Ganberan, eta 34k Senatuan—, eta abstentzioa eman zuten 198k —39k Ordezkarien Ganberan, eta 159k Senatuan—. Thailandiako hauteskunde sistemaren arabera, horiexek dute, hain justu, herrialdeko lehen ministroa hautatzeko azken hitza: Ordezkarien Ganberako 500 diputatuek eta junta militarrak hautatutako 250 senatariek; 750 boz, guztira.

Maiatzeko presidentetzarako bozetan, Mugitu Aurrera alderdi progresistak aise lortu zuen herritarren babesa —lehen indarra izan zen, eta 151 eserleku lortu zituen Ordezkarien Ganberan—, baina zailagoa ari da izaten Senatua limurtzea. Junta militarraren aldeko indarrek osatzen dute Senatua, eta harritzekoa litzateke 250 diputatu horiek oposizioaren alde egitea.

Izan ere, Mugitu Aurrera alderdiko hautagaiak erreforma «sakonak» agindu ditu monarkian eta armadan. Zehazki, Zigor Kodearen 112. artikulua erreformatzeko asmoak iragarri ditu. Artikulu horrek zigortu egiten ditu monarkiaren aurkako kritikak, eta, lege horren bidez, hamabost urterainoko espetxe zigorrak ezarri eta ehunka herritar auzipetu dituzte. Lehen ministro izateko hautagaiaren arabera, oposizioa isilarazteko tresna gisa erabiltzen dute militarrek.

Zigor Kodearen erreformak, baina, ez ditu soilik militarren kritikak eragin. Bozetan bigarren indarra izan zena ere, Pheu Thai populista, ez dago ados monarkiaren aurkako kritikak zigortzeari uztearekin, eta argi utzi du ez duela onartuko inolako erreformarik. Halere, prest agertu da parlamentuan hari buruzko eztabaida bat izateko.

Atzo, parlamentuko bozketa saiotik atera berritan, Limjaroenratek azpimarratu zuen ez duela «amore emango», eta bere esku dagoen «guztia» egingo duela senatarien zalantzak argitzeko. «Hau ez da nire edo nire alderdiaren alde bozkatzea, baizik Thailandian normalitatera itzultzeko aukera baten alde bozkatzea». Halere, esan zuen ez duela «atzerapausorik» emango, eta «eutsi» egingo diela orain arte iragarritako asmo guztiei. Halaber, hauteskundeen emaitza errespetatzeko «deia» egin zuten bai Mugitu Aurrerak, bai Pheu Thaik.

Hautagaia, ataka estuan

Oraingoz, Limjaroenrat da koalizio progresistak etorkizuneko lehen ministrotzat aurkeztu duen hautagaia. Baina Senatuaren babesa lortu behar izateaz harago, boterera iristeko uxatu beharreko beste mamu batzuk ere baditu 42 urteko enpresariak. Thailandiako Hauteskunde Batzordeak haren aurkako salaketa bat jarri zuen herenegun, Auzitegi Konstituzionalean. Zera egozten diote: parlamentuko hautagai gisa erregistratzeko baldintzak ez betetzea, eta, horiek urratzen zituela jakinda ere, aurkeztea.

Batzordeak auzitegiari adierazi zionez, Limjaroenratek telebista kate bateko akzioak jaso zituen oinordetzan 2006an —handik urtebetera itxi zuten telebista kate hori—. Baina hauteskunde legeek debekatu egiten dute hautagaiek komunikazio enpresa batean akzioak izatea. Auzitegi Konstituzionalak batzordearen aldeko epaia ematen badu, lehen ministro izateko hautagaiak aurre egin beharko die hamar urterainoko espetxe zigorrari eta hogei urteko inhabilitazio politikoari.

Salaketa horri erantzun zien Limjaroenratek herenegun, telebista kate batean egindako elkarrizketa batean. Eta aitortu zuen ezen, salaketak berak baino gehiago, hura aurkezteko uneak «harritu» zuela. «Diputatua izan naiz lau urtez, eta, orain, lehen ministro hautatua izateko bozketa baino egun bat lehenago, zerbait gaizki dago, bat-batean. Zer gertatzen ari den galdetzen diot neure buruari». Haren aurkako salaketa iragarri eta gutxira, beste kolpe bat hartu zuen Mugitu Aurrera alderdiak. Auzitegi horrek berak, Konstituzionalak, alderdi sozialdemokrataren aurkako erreklamazio bat onartu zuen. Konstituzioaren 49. artikulua urratzea egotzi zioten alderdiari: «Erregea estatuko buru gisa duen sistema demokratikoa suntsitzen saiatzea», monarkiaren aurkako kritikak zigortzearen legea erreformatzeko asmoen harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.