Litio ustiaketari traba Argentinan

Ebazpen historiko batek debekatu egin du Catamarca eskualdean litioa erauzteko baimen gehiago ematea. Indigenek eta elkarte ekologistek garaipena ospatu dute.

Liex enpresaren Tres Quebradaseko litio ustiategia, Argentinako Catamarca eskualdean. MEATZARITZA IDAZKARITZA / EFE
Liex enpresaren Tres Quebradaseko litio ustiategia, Argentinako Catamarca eskualdean. MEATZARITZA IDAZKARITZA / EFE
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Urteak dira litio ustiaketak ezinegona pizten duela Argentinako herritarren artean, ingurumenean eta bizi baldintzetan duen eraginagatik. Duela zenbait aste, gai horrek egunkarien azalak bete zituen berriz ere, Catamarcako Probintzia Auzitegi Nagusiak —ingurumen asanblada herritarren eta indigenen eskaera bati erantzunez— debekatu egin baitzuen litioa ustiatzeko baimen gehiago ematea, baita eskualde horretan egitekoak diren proiektu guzien eragina aztertzeko exijitu ere. Eta preseski, ebazpen hori kolpe gogorra da hala litioa ustiatzen duten multinazionalentzat nola Catamarca probintziako gobernuarentzat.

Litioa, urre zuria izenez ere ezaguna, funtsezko baliabidea da gailu elektronikoen bateriak egiteko, baita hainbertzetan aipatzen den trantsizio energetikoa aitzinera eramateko ere. Boliviako, Txileko eta Argentinako mugek bat egiten duten eremuan, Litioaren Triangelu deituriko tokian, gatz lautadak eta Goi Andeetako urmaelak daude, denak ere mineral iturri handiak. Aldi berean, ekosistema bakanak dira, ingurune natural askotariko eta hauskorrak, eta handik litio gatzuna ateratzeak okertu egiten ditu inguru horietako bizi baldintzak; izan ere, estres hidrikoa handia da toki horietan, eta gatzuna ateratzeko, preseski, ur anitz behar izaten da.

Jatorrizko herriak eta inguru horietako herritarrak litio meatzaritzaren kontra daude, hala ingurumenean eta gizartean duen eraginagatik, nola Argentinako legeek eta giza eskubideen nazioarteko hitzarmenek indigenei aitortzen dizkieten eskubideak urratzeagatik. Argentinako Konstituzioaren 124. artikuluan biltzen denaren arabera, «probintzien mende egonen dira beren eremuaren barrenean dauden natura baliabideak», eta, 1994an gehitutako pasarte batean, adierazi zuten indigenen komunitateak eta haien lur komunitarioak jada existitzen zirela probintziak sortu baino lehen ere. Litio erauzketaren auzian, aitzinetik eta inongo presiorik gabe informatuak eta kontsultatuak izateko eskubidea urratu zaie herritarrei; izan ere, legediaren arabera nahitaezkoa da halako proiektuak egiten diren lurraldeetako biztanleei eskura paratzea informazioa eta parte hartzeko mekanismoak.

Alde horretatik, epai historikoa urteak iraun duen borroka baten ondorio da, eta, hartan, «partez onetsi» da auzitara jotakoek eskatutako kautelazko neurria. Epai horri bide eman dion auzibidea Roman Guitian kazikeak abiatu zuen, 2021ean, Antofagasta de la Sierrako goi lautadako atacamar komunitatearen izenean, eta Argentinako eta probintziako gobernuen kontra. «Catamarcako Justizia Auzitegiak probintziako gobernuaren kontrako ebazpena eman du, eta eskatu dio zuzendu ditzala meatzaritza enpresei Salar del Hombre Muerton, hau da, Antofagasta de la Sierran litioa erauzteko emandako baimenak». Hala adierazi du Santiago Kosicki abokatuak Tierra Viva agentziaren ohar batean. Ebazpenean, auzitegiak galdetu du aztertu dadila zenbatekoa izanen den erauzte proiektuen ingurumen eragin metatua eta osoa Salar eremuan.

Egarri handiko jarduera

Ingurumena babestearen aldeko mugimenduetako kideek salatu dutenez, herritarrek ura falta izatea da halako proiektuen lehenbiziko ondorioetako bat. Gainera, zehaztu dute enpresek ez dutela litioa erauzten, ura baizik. Puna ekosistema hagitz idorra da, eta urteetan eta urteetan ura pilatuz sortuak dira hango ur erreserbak. Enpresak, baina, inongo mugarik gabe aritzen dira litioa erauzten; azkenean, arroak idortzen dituzte, eta, ur aski ez dutelarik, bertze arro batetik ateratzen dute. Halaxe gertatu zen Trapiche ibaian: 380.000 litro ur ateratzen zituzten handik orduko, eta, agortu zelarik, Livent enpresak —2023an Allkem multinazionalarekin fusionatu zen, eta, hala, litioa erauzten aritzen diren mundu zabaleko enpresa handienetan hirugarrena osatu zuen; Catamarcan Arcadium izenarekin jarduten du orain— erabaki zuen Los Patos ibaira mugitzea, Catamarcako punako ur iturri nagusira, eta han ubide bat eraikitzea.

«Catamarcan, eta Argentina osoan, gatz lautadetatik ateratzen dira mineralak, arroen behereneko partetik: milioika urtez, urak hara eramaten ditu mendi guzietako mineralak, eta leku berean pilatzen dira», esplikatu du Evelyn Vallejos ingurumen kudeatzaile eta Pucara taldeko kideak.

«Herritarrek modua izanen dute irudikatzeko meatzaritzak zenbateko eragina izanen duen eskualdean».

MANUEL FONTENLAIbarra Mugimenduko kidea

Bertzalde, ebazpenean zehazten da ura erabiltzeko eta erauzteko baimena eskatu duten konpainia guztien eragina hartu beharko dela kontuan, bere osotasunean, eta aztertu beharko dela zenbateraino aldatuko duten eremu horretako ingurune naturala. Gainera, txostenean, enpresa guzien proiektu guzien eragina batean neurtu beharko da, eta ez proiektu bakoitza bere aldetik hartuta, argitu ahal izateko nolako eragina izanen lukeen konpainia guziek batean ura erauzteak. Manuel Fontenla Filosofian lizentziaduna da, Ibarra Mugimenduko kidea, eta, haren erranetan, «neurtzeko irizpide horrekin, balantzea arrunt aldatuko da, eta, lortutako emaitzaren bitartez, Antofagastako herritarrek eta indigenen komunitateak modua izanen dute irudikatzeko meatzaritzak zenbateko eragina izanen duen eskualde horietako gizartean eta ingurumenean».

Bukatzeko, ebazpenean azpimarratu dute Catamarcako Gobernuak ez duela legedia bete, ez baitie beharrezko informazioa helarazi herritarrei, ezta parte hartzeko eta kontsultarako biderik bermatu ere. Argentinako Gobernuari dagokionez, epaian azaltzen da ez dituela bete bere betebeharrak, ez baitu modurik egin giza eskubideen inguruko hitzarmenetan indigenei aitortzen zaizkien eskubideak errespeta daitezen. Halaber, epaileen iritziz, Los Patos ibaian litioa erauzteko abiatutako proiektuetako gutxienez zortzitan, egitasmoak eragindakoek ez dute informazio eguneraturik; beraz, baimen gehiago ematea debekatu dio gobernuari, eta jada emanak daudenak bertan behera uzteko eskatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.