Litvinenkoren hilketari Putinek onespena eman ziola uste du epaile batek

Erresuma Batuko Gobernuak agindutako ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte.Bi susmagarri nagusiak estraditatzeko eskatua du Londresek.Errusiak salatu du txostena «politizatuta» dagoela

Alexander Litvinenkoren alargun Marina Litvinenko, atzo, Londresko Auzitegi Gorenaren atarian. FACUNDO.ARRIZABALAGA / EFE.
Jone Amonarriz.
2016ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Alexander Litvinenkok hil aurretik esandakoa berretsi dute: Vladimir Putin Errusiako presidenteak baimendu zuen Litvinenko pozoitzea. «Ziur aski» hala izan zela ondorioztatu du Erresuma Batuko epaile Robert Owenek. Krimena gertatu eta hamar urteren ondoren, 2014an hasitako ikerketa publikoaren ondorioak aurkeztu zituen atzo magistratuak. Erresuma Batuko Gobernuak hala aginduta, Owenek ezin du akusazio zibilik eta kriminalik egin; heriotzaren zirkunstantziak eta ustezko erantzukizunakematera mugatu behar duela dio ikerketako baldintzetako batek.

Polonio 210 gai erradioaktiboaz pozoituta hil zen Litvinenko, 2006ko azaroaren 23an. Erresuma Batuan bizi zen orduan, Errusiako presidentearekin izandako liskarrengatik —Putinekin oso kritikoa zen—. Londresen eman zion segida espioia ibilbideari. Hil baino hiru aste lehenago, Andrei Lugovoi eta Dmitri Kovtun kide ohiekin bildu zen Londresen.

Errusiako bi agenteei —Lugovoiri eta Kovtuni— leporatzen die krimena Erresuma Batuko Poliziak, baina haiek ukatu egiten dute Litvinenkoren hilketaren atzean egotea. Kasuaren inguruko azken ikerketak ere —300 orriko txosten bat aurkeztu du Robert Owenek— erruduntzat jotzen ditu. Indarrean da bi susmagarriak atxilotzeko agindua Erresuma Batuan, baina Errusiak ez dauka estraditatzeko asmorik.

Ez zuten espero txostenaren ondorioen bidez Errusiako Gobernuari ezer egotziko ziotenik, bi herrialdeen arteko harremanei kalte egingo zielakoan; baina presidentea zipriztindu du kasuak. Vladimir Putinek «ziur aski» Litvinenko pozoitu eta hiltzea «onetsi» zuen, Owe magistratuaren arabera. Erresuma Batuaren eta Errusiaren arteko lotura konplexua tenkatu du horrek.

Arrazoi beragatik luze borrokatu behar izan du Marina Litvinenkok, espioi zenaren alargunak, ikerketa judiziala abiatzeko. Azkenean, 2014ko uztailean iragarri zuen Erresuma Batuko Barne Ministro Theresa Mayk Litvinenkoren heriotza argitzeko ikerketa publiko bati ekingo ziotela. Aurkeztutako ondorioekin eta, bereziki, Putinen inputazioarekin «pozik» agertu da Marina Litvinenko. Auzitegi Gorenaren atarian eginiko agerraldia baliatu du David Cameroni eskatzeko «kaleratu» ditzala Errusiako enbaxadan dauden zerbitzu sekretuetako agente guztiak.

«Asaldagarriak». Hala izendatu ditu ikerketa publikoaren ondorioak David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Jakinarazi du aztertzen ari direla zein «beste neurri» hartu: «Hilketa Errusiako Estatuko mailarik gorenak agindu izana zinez aztoratzekoa da».

Errusiak ere bere bertsioa kaleratu du. Erresuma Batuak agindutako ikerketa «politizatuta» dagoela salatu du Kanpo ministro Sergei Lavroven bozeramaileak: «Dokumentuaren edukiak aztertzeko denbora behar dugu orain; aurrerago emango dugu gure balorazioa».

Talka baten burrunba

Balorazioa eman dutenen artean da akusatuetako bat. Andrei Lugovoi diputatu eta agente ohiak ukatu egin du, berriz ere, Litvinenko pozoitu izana. «Nire aurkako akusazioak absurdoak dira. Ikerketen emaitzek berretsi egin dute Londresek Errusiaren aurka duen jarrera», adierazi du. Kasua Erresuma Batuaren helburu politikoetarako «instrumentu eroso» bat bilakatu dela gaineratu du. Krimen handia egozten diote Lugovoiri, baina, oraindik ere, kalean da, Errusiaren babespean.

Errusiako enbaxada deitu du Erresuma Batuak. Besteak beste, salatu du «onartezina» dela Errusia egiten ari dena: «Ez da ari ziurtatzen krimen beldurgarri horren erantzuleak epailearen aurretik pasatuko direla». Alexander Yakovenko Erresuma Batuko enbaxadore errusiarrak erantzun du esanez «Londresen probokazio higuingarriak» elkarren arteko harremanei kalte egingo diela «ezinbestean».

Ikertutakoa eta eskuratutako frogak kontuan hartuta, epaileak dio FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzuetako zuzendari Nikolai Patrushevek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak onetsi egin zutela Litvinenko hiltzea. Bestalde, Litvinenkoren eta Putinen artean zegoen lehia aipatu du. Espioi ohiak «hainbat alditan egin zizkion eraso pertsonalak» Putini. Funtsean, Owenen arabera, Putinen gobernuak —presidentea bera eta FSB barne— «arrazoiak» zituen Litvinenkoren aurka egiteko. Gainera, Polonio 210 substantzia erabiltzea «estatuaren parte hartzearen adierazle argia» dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.