Argibideak eskatu dizkio Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroari, azken horrek Kataluniako erreferendumaren finantziazioari buruz egin dituen adierazpenen harira. Ministroak aitortu du ez dakiela iazko urriaren 1eko erreferenduma nola ordaindu den, baina diru publikorik ez dela erabili ziurtatu du. El Mundo egunkariak astelehenean argitaratu zuen elkarrizketan egin ditu adierazpenok.
Ministroaren hitzak bete-betean egiten dute talka Llarenak defendatu duen tesiarekin. Izan ere, epaileak diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatu die Kataluniako prozesu subiranistaren arduradun jotzen dituen auzipetuei, baliabide publikoak legez kanpoko erreferendum bat antolatzera bideratzeagatik.
Adierazpen horiek egiteko dituen frogak bidaltzeko eskatu dio Llarenak Montorori, "ahalik eta azkarren". Epaileak nabarmendu du ministroaren esanak instrukzio faseko "froga iturrien kontrakoak" direla.
Ogasun ministerioak jakinarazi du epailearen eskariari erantzungo diola.