Katalunia

Llarenak Sanchezi ez dio baimenik eman bihar inbestidura saioan parte hartzeko

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak bertan behera utzi du biharko deitua zuen inbestidura saioa, eta ezohiko bilerara deitu du parlamentuko mahaia. Bilera horretaran, Llarena auzitara eramateko proposamena aztertuko du mahaiak.

Cuixart eta Sanchez aske uzteko eskatzen duen, afixa bat. GUILLAUME HORCAJUELO, EFE
2018ko apirilaren 12a
07:40
Entzun

Nazio Batuen Erakundeak Espainiari Jordi Sanchezen eskubide politikoak bermatzeko "beharrezko neurriak" har ditzala eskatu arren, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak ez dio baimenik eman bihar Kataluniako Legebiltzarrera joateko. Sanchezen beraren inbestidura saioa dago antolatuta biharko Bartzelonan, eta hara joateko baimena eskatu zuen Sanchezek. Ezin izatekotan, bideo konferentziaz parte hartzea ere galdegin zuen. Baina ez. Biak ukatu dizkio epaileak.

Ordu gutxitara iritsi da Roger Torrent Kataluniako parlamentuko presidentearen erantzuna. Sanchezen hautagaitza eztabaidatzeko saioa bertan behera utzi du. Horrez gain, Auzitegi Gorenaren "eskubide urraketari" nola aurre egin erabakitzeko ezohiko bilerara deitu du parlamentuko mahaia. Bilkura horretan, Llarena epailea auzitara eramateko aukera aztertuko dute. Kataluniako hainbat hedabidek ziurtatu dutenez, Torrentek Llarena epailearen kontrako kereila aurkeztea proposatuko du. JxCk eta ERCk erabakia onartzeko gehiengoa dute mahaian.

Llarenak Sanchezen gaineko erabakia hartu baino lehen, Torrentek ohartarazi zuen nazioarteko erakundeetara joko zuela epaileak JxCko diputatuari inbestidura saioan parte hartzea galeraziz gero.

Llarenak aurretik ere erabili izan duen argudioa eman du, eta esan du Sanchez aske utziz gero arriskua dagoela hark delitua berriz egiteko. Epaileak dio arrazoiak daudela pentsatzeko Sanchez lehendakari balitz "ordena konstituzionala haustera" bideratua egongo litzatekeela haren agintaldia. Espainiar guztien eta Kataluniako hautesleen "eskubide politiko kolektiboa" lehenesten duela dio, nahiz eta auzipetuari Nazioarteko Eskubide Zibil eta Politikoen Hitzarmenaren 25. artikuluan jasotzen diren eskubideak "partzialki murriztu".

Sanchez aurretik ere izan zen hautagaia, eta lehen ere eskatu zion legebiltzarrera joan ahal izatea, eta orduan ere ezetz erantzun zion epaileak.

Asteartean eskatu zuen biharko bilkuran parte hartzeko baimena Sanchezek. Roger Torrent legebiltzarreko presidenteak ere egin zion eskaera hori Llarena epaileari. Izan ere, Torrentek aurkeztu zuen Sanchez hautagai, legebiltzarreko taldeekin egin beharreko bilera sorta egin ostean. Carles Puigdemontek ere Sanchezen hautagaitza babestu zuen larunbatean, Alemaniako espetxetik atera ostean egindako prentsaurrekoan. NBEren ebazpena jarri zuen horretarako argudio nagusi. Nabarmendu du ez diola kendu botoa emateko eskubidea.

Bestalde, Eskoziako Auzitegiak gaur jakinarazi du Clara Ponsatiri buruzko erabakirik ez duela emango abuztura arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.