Mundua

Lobsang Sangay Harvard Unibertsitateko irakaslea izango da Tibeteko lehen ministro

2011ko apirilaren 27a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lobsang Sangay Harvard Unibertsitako irakaslea izendatu dute gaur Tibeteko lehen ministro. 43 urte ditu, Zuzenbidean lizentziatua da, eta tibetarrek martxoaren 20ko hauteskundeetan eman zituzten 49.200 botoen %55 jaso zuen. Gaur jakinarazi ditu emaitzak Jamal Chosang hauteskunde batzordeko presidenteak. 

Sangayren lehen zeregina Dalai Lamaren lekukoa jasotzea izango da. Tibeteko liderrak aginte politikoa uzteko asmoa iragarri du, eta aurrerantzean soilik erlijio buru izango da. Erbesteko Gobernuaren hirugarren lehen ministroa izango da Sangay. "Inoiz lehen ministro batek jaso duen emaitzarik onena da", adierazi du Chosangek.

Hauteskundeetan bigarren Tenzin Namgyal goi funtzionarioa geratu da, botoen %37,4 jasota. Hirugarren Tashi Wangdi diplomatikoa izan da, botoen %6,44rekin. Tibetarren %58,9k hartu du parte hauteskundeetan, aurreko batzuetan baino gehiago. Erbesteko Legebiltzarra osatuko dute 43 parlamentariak hautatu dituzte tibetarrek. Sangay maiatzean joango da Indian Gobernuak duen egoitzara, eta abuztuaren 15ean hartuko du kargua, Samdhong Rinpoche orain arteko lehen ministroaren agintaldia amaitu ondoren.

Sangayk Dalai Lamak zituen zenbait funtzio jasoko ditu, nahiz eta erreforma Parlamentuak noiz onartu eta Konstituzioa noiz aldatu falta den. "Oraindik ez dago ezer erabakita. Osatu berri den Parlamentuak maiatzean erabakiko du erreformaren inguruan", esan du Tenzin Norbu Legebiltzarreko idazkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.