Londres beste hegaldi bat prestatzen ari da asilo eskatzaileak deportatzeko

Estrasburgoko auzitegiak bertan behera utzi du Ruandara ateratzekoa zen lehen bidaia. Barne ministroak esan du gobernuaren plana «moralki arduratsua» dela

Erresuma Batuko Gobernuaren deportazio planaren kontra egindako protesta bat, iragan astelehenean, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Gobernua «harrituta eta etsituta» dago Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertan behera utzi duelako atzo gauean asilo eskatzaileak Ruandara deportatzekoa zen lehen hegaldia, baina, halere, Priti Patel Barne ministroak jakinarazi du planari bere hartan eusteko asmoa dutela, eta jada hasi direla beste hegaldi bat prestatzen: «Konprometituta gaude oraindik ere. Auzitegiak ez du ebatzi legez kanpokoa denik».

Patel migrazioaren aferaz mintzatu zitzaien atzo diputatuei Komunen Ganberan, eta erasokor agertu zen, gobernuaren asmoa defendatzen aritu baitzen une oro. Besteak beste, «kezka» agertu du Estrasburgoko auzitegiaren erabakiaren «izaera opakoa dela eta», azken orduan eman zuelako agindua, eta argudiatu zuen asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzea «moralki arduratsua» eta egokia dela «legez kanpoko immigrazioari» aurre egiteko.

«Ez digute eragotziko egoki jokatzea. Erresuma Batuak eta Ruandak bide bat erakutsi dute immigrazioaren arazoari aurre egiteko», azaldu zuen Barne ministroak. Eta, hori egiteko, Patelen agerraldiaren aurretik, Therese Coffey Lan eta Pentsioen ministroak iradoki zuen gobernuak helegite bat aurkeztuko duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiaren kontra; Sky News telebista katean egindako elkarrizketa batean esan zituen hitz horiek, eta adierazi zuen gobernuak «bide legal eta seguruak» sortu nahi dituela jendeak asiloa eska dezan.

Erresuma Batuko Gobernuaren migrazio planak eztabaida handia sortu du herrialdean eta nazioartean, helburutzat baitauka Mantxako kanala gurutzatzen duten migratzaile batzuk —herenegun 444 pasatu ziren— Ruandara bidaltzea, asiloa han eska dezaten Europako herrialdean eskatu beharrean. Horiek onartzearen truke, Londresek 138,2 milioi euro emango dizkio Kigaliri, eta Erresuma Batuko Gobernuak finantzatuko ditu bidaiak —576.000 euro balio zuen lehen hegaldiak—.

Lehena herenegun gauean zen ateratzekoa, zazpi lagun eramateko —hasieran, 130—, baina oraingoz Erresuma Batuan geratu dira; halere, Patelek atzo gauean esan zuenez, haien «asmoa» da horiek hurrengo hegaldian bidaltzea Afrikako herrialde horretara.

Hori bai, ez Barne ministroak ez gobernuko inork ez du jakinarazi hurrengo bidaia noiz izango den, eta baliteke gainontzeko hegaldiekin atzoko gauza bera gertatzea migrazio plana legezkoa ote den erabaki arte; Erresuma Batuko Auzitegi Gorena horretaz eztabaidatzekoa da, eta, printzipioz, uztailean eman beharko luke erabakiaren berri.

Ruanda, lasai

Yolande Makolo Ruandako Gobernuaren bozeramaileak, berriz, ez zion garrantzi handirik eman Estrasburgoko auzitegiaren erabakiari, eta atzo «lankidetza» hori irtenbide gisa aurkeztu zuen berriz ere, «bizitzak salbatzeko» balioko duela argudiatuta.

«Ruanda harrera lurralde bilakatu nahi dugu pertsona zaurgarrientzat», azaldu zuen Ruandako Gobernuaren bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.