Londresek 21 pertsona atxilotu ditu, hegazkinak lehertuko zituztelakoan

Erresuma Batuaren eta AEBen arteko hamar hegaldiri erasotzeko asmoa zuten ustezko ekintzaileek

arantxa elizegi egilegor
2006ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Londresko Heathrow aireportua, Europako handiena, itxi egin zuten atzo, eta besteetan bertan behera utzi zituzten hegaldi gehienak. Arrazoia: ustezko atentatu saio bat. Erresuma Batuko segurtasun indarrek 21 pertsona atxilotu zituzten asteazken gauean. Antza, agintarien esanetan, AEBetara, zehazki New Yorkera, Washingtonera eta Los Angelesera, zihoazen sei eta hamar hegazkin artean leherrarazteko asmoa zuten. «Beren asmoak bete izan balituzte, orain arte baino zibil errugabe gehiago hilko ziren», nabarmendu zuen Erresuma Batuko Barne ministro John Reidek.

Atxiloketak Londresen, Birminghamen eta High Wycombe hirietan egin dituzte. Horretaz gain, baina, dozenaka etxe eta bulego miatu dituzte. Ustez gehienak Erresuma Batukoak diren arren, Pakistanekin nolabaiteko loturak zituztela, eta mundu osoko sare bateko kideak zirela zabaldu zuten komunikabideek. Atxilotuak galdekatzen ari dira Londresen, baina segurtasun indarrek ez dute haien inguruko datu gehiagorik eman. Antza, aspaldian zebilen Polizia pertsona horiek jarraitzen. «Uste dugu terroristen asmoa zela lehergailuak eskuko poltsetan ezkutatzea, eta hegazkina airean zegoela zartaraztea», azaldu du Paul Stephenson poliziaburuak. Lehergai mota zein zen adierazi ez duten arren, azaldu dute likidoa zela.

Erresuma Batuaren eta AEBen arteko hegaldiak egiten dituzten konpainiei erasotzeko asmoa zutela uste dute agintariek, baina ez dute zehaztu zein izan daitezkeen konpainia horiek. Nabarmendu dute erasoak antolatu zituztenak preso daudela jada. Baina badaezpada ere, alerta gorria -maila altuena- ezarri dute Erresuma Batuko aireportuetan, eta segurtasun neurriak gogortu egin dituzte.

BEREHALAKO ERASOA. «Behar zituzten tresnak pilatzen eta prestatzen ari ziren. Atentatua egiteko azken zehaztasunak soilik geratzen zitzaizkien», azaldu du AEBetako Segurtasun Nazionalerako Departamentuko idazkari Michael Chertoffek. Atentatua prestatu dutenak Al Kaedakoak izan daitezkeela pentsarazten duten zenbait aztarna aurkitu dituztela adierazi du. «Azken bi asteotan soilik jakin ahal izan dugu ekintzaileen helburua AEBak zirela». Operazioak irekita jarraitzen du.

AEBek ere neurriak hartu dituzte arriskuak saihesteko, eta kaleko jantzitako guardia armatuak jarri dituzte AEBetarako hegaldietan. «Ez dugu arrazoirik pentsatzeko beste erasoren bat egon daitekeela, baina ez dugu zertan guztia jakin», esan du Chertoffek.

AEBetako presidente George Bushen iritziz, eraso saioak frogatzen du ez dagoela erabateko segurtasunik: «Okerra da AEBen kontrako mehatxurik ez dagoela pentsatzea. Nazio hau gerran dago faxista islamikoekin». Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair, bestalde, Karibean dago oporretan, bainaune oro egon da harremanetan Londresekin, eta bere baimenarekin egin dituzte atxiloketak.

«ETENGABEKO MEHATXUA». Europako Segurtasun, Askatasun eta Justizia komisario Franco Frattinik goratu egin ditu Erresuma Batuko segurtasun indarrak, erasoa saihesteko gai izateagatik. «Gaur gertatu denak frogatzen du terrorismoa etengabeko mehatxua dela Europarentzat eta beste herrialdeentzat». Frattinik nabarmendu du Europako Batzordea une oro egon dela harremanetan Erresuma Batuarekin.

Erresuma Batuko Gobernuko larrialdietarako batzordea hiru aldiz bildu zen atzo, egoeraren nondik norakoak aztertzeko. Blair, baina, ez zen bileretan izan. Horrek bere aurkarien kritikak eragin ditu, nahiz eta gehienek goratu egin duten Gobernuaren jarrera. Baina Reiden iritziz, exekutiboa prest dago halako mehatxuei aurre egiteko. «Lehendik ere badugu esperientzia halako jendearen kontra egiten». Hala ere, Barne ministroak nabarmendu du erasoak ez duela zerikusirik erlijioen arteko gatazkarekin.

«Ekintzaileek beren asmoak bete izan balituzte, orain arte baino zibil errugabe gehiago hilko ziren»

john reiderresuma batuko barne ministroa
«Okerra da mehatxurik ez dagoela pentsatzea;nazio hau gerran dago faxista islamikoekin»

george bushAEB-etako presidentea

Lehergai likidoak: egiten errazak etaoso arriskutsuak

Ekintzaileek sei eta hamar hegazkin artean zartarazteko asmoa zutela, eta horretarako lehergai likidoa erabiliko zutela uste dute Erresuma Batuko segurtasun indarrek. Lehergai mota hori bera erabili zuten iazko uztailaren 7an Londresko metroaren eta hainbat autobusen kontrako erasoa egin zutenek. Agintariek lehergaia zer-nolakoa den zehaztu ez duten arren, azaldu dute ur botiletan ezkutatzeko asmoa zutela. Erresuma Batuko Aberdeen Unibertsitateko irakasle Clifford Jonesek azaldu duenez, erraza da oso lehergai likido bat egitea, eta, aldi berean, oso arriskutsuak ere badira lehergai mota horiek.

Lehergailu bat zartarazteko gainpresioa behar da, hau da, presio atmosferikoa baino presio handiagoa. Lehergai likidoen kasuan, gainpresioa %1ekoa bada, leherketak leihoak apurtuko ditu. Baina %10 baino handiagoko gainpresioak eragindako leherketak pertsonak hil eta eraikinak honda ditzake. Halako lehergailu bat zartarazteko behar diren tresnak, berriz, leku txikian eraman daitezke. Lehergaiz betetako bizkar zorro batek izugarrizko hondamena eragin dezake. Jonesen ustez, arazoa zera da, lehergai likidoak errazago igarotzen direla aireportuetako segurtasun neurrietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.