Eskozia

Londresek %60tik gorako babesa jarri du Eskozian bigarren erreferenduma onartzeko baldintza gisa

Erresuma Batuaren Eskoziarako ministroak jakinarazi duenez, herritarrak «epe luze batez» agertu behar dira galdeketaren alde gobernuak hori egitea onartzeko.

Alister Jack Erresuma Batuaren Eskoziarako ministroa, artxiboko irudi batean. EFE
Berria
2021eko abuztuaren 27a
19:23
Entzun

Erresuma Batuko Gobernua prest dago Eskozian bigarren independentzia erreferendum bat onartzeko, baina baldintza bat jarri du horretarako: herritarren %60 baino gehiago galdeketa hori egitearen alde agertzea «epe luze batez».

Alister Jack Erresuma Batuaren Eskoziarako ministroak eman du jarrera horren berri, Politico atariari emandako elkarrizketa batean: «Ikusten badut biztanleriaren %60 erreferenduma egitearen alde dagoela, orduan aitortu egingo nuke horretarako nahia dagoela».

Theresa May lehenik, eta Boris Johnson ondoren, Londresen bigarren independentzia erreferenduma onartzearen aurka izan dira urteotan, 2014koak auzia «belaunaldi batentzako» konpondu zuelakoan. Eskoziako Gobernuak, ordea, argudiatu du brexit-ak egoera aldatu duela, eta bigarren galdeketa egitea beharrezkoa dela.

Gainera, Edinburgoren iritziz, iragan maiatzeko bozetan SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko eta Alderdi Berdeko independentistek parlamentuko gehiengo osoa handitu izanak eta iragan astean bi indar horiek adosturiko lankidetza akordioak sendotu besterik ez du egin erreferendumerako nahia eta zilegitasuna.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroari osasun pandemiari buruzko prentsaurrekoan galdetu diote Jacken adierazpenez, eta erantzun azkarra eman du: «Alderdi batek bozak proposamen jakin baten inguruan irabazten baditu, proposamen hori inplementatzeko aukera izan beharko luke».

Erresuma Batuaren Eskoziarako ministroaren aurretik, Michael Gove Kabinete ministroak aitortu zuen Eskozian bigarren erreferenduma egingo luketela «horretarako nahi adoretsua balego». Hortaz, badirudi Londres iritzia aldatzen ari dela auzi horren inguruan, baina bere jarrera ofiziala oraindik jakinarazi ez izanak zuhurtzia eragin du.

2020ko udaren eta aurtengo udaberriaren artean, baiezkoa ezezkoaren aurretik agertu zen independentziari buruzko inkesta guztietan, baina harrez geroztik Erresuma Batuan geratzearen aldeko jarrera nagusitzen ari da, alde txikiaz. Hori bai, YouGov etxearen uztaileko inkesta baten arabera, Eskoziako herritarren %59 galdeketa «laster» egitearen alde leudeke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.