Erresuma Batua

Londresek maila gorenera igo du larrialdi egoera

Erasoak "berehalakoak" izan daitezkeela ondorioztatuta jarri dute egoerarik larriena, eta militarrak jarriko dituzte toki estrategikoetan. Bost pertsona atxilotu dituzte ustez atentatuarekin zerikusia dutelakoan, Manchester hegoaldean.

Polizia bat Manchesterren. ANDY RAIN, EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko maiatzaren 24a
08:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Mugimenduak jarraitzen du Erresuma Batuan, herenegun Salman Abedi ustezko suizidak 22 pertsona hil eta 64 zauritu ondoren, Manchester Arena estadioan. Poliziak eman du hiru gizonen atxiloketaren berri —ustezko hiltzailearen anaia da haietako bat—, eta atzo beste bat atxilotu zuten, denak Manchester hegoaldean. Wiganen, berriz, Manchesterretik 30 bat kilometrora, bosgarren pertsona bat atxilotu dute.

Informazio zerbitzuek Abedi jomugan zutela-eta hasi dira miaketak egiten bere inguruan. Izan ere, Erresuma Batuko informazio zerbitzuek uste dute "litekeena" dela ez zela bakarrik aritu. Barne ministro Amber Ruddek esan duenez, "ohikoak direnak baino lehergailu sofistikatuagoak erabili zituen, plangintza ere ezohikoa da, eta beste hainbat elementu kontuan hartuz, pentsatzekoa da talde bat izan zuela atzean".

Taldean aritu izanak alerta berezian jarri ditu segurtasun indarrak. 800 tropa aterako dituzte kalera, eta leku publiko garrantzitsuenetan egongo dira polizia armatuei laguntzeko. Datozen asteetan kontzertu edota beste ekitaldi masiboetan ere egongo dira.

Maila gorena ikerketa amaitu arte egongo da. Rudden arabera, "ahalik eta lasterren kentzea da helburua. Ikerketa azkar doa, eta ikertzaileak zantzu berriak aurkituz doaz etengabe, baina bien bitartean, garrantzitsua da ulertzea segurtasun neurri bereziak behar direla".

Erresuma Batuak segurtasun egoera "larria" 2014tik jarria izan du —bost mailatan bigarrena—, eta lehen maila azken aldiz 2007ko uztailean jarri zuen, Glasgowko aireportuan izandako ekintzaren ondoren. Bi pertsona saiatu ziren autoz nazioarteko terminalean sartzen, baina segurtasun neurriek oztopatu egin zuten, eta autoa suak hartu zuen. Bezperan Londresen bonba-auto bidezko ekintza bat eragotzi zuten.

Barne ministroak Cobra premiazko bi bileretan parte hartu du Erresuma Batuko Gobernuko ordezkariekin, eta segurtasun indar eta informazio zerbitzuetako buruekin. Gaur beste bilera bat egitekoak dira.

Salman Abediri buruz

Erresuma Batuko komunikabideak barra-barra ematen ari dira informazioa Salman Abediri buruz, informazio zerbitzuek "jomugan" zutenari buruz. Erresuma Batuan jaioa zen, eta senideak Libiako errefuxiatuak zituen, Muammar Gaddafiren garaian ihes egindakoak. Hortik aurrera, ofizialki, Gerard Collomb Frantziako Barne ministroak eman du informazioa:  BFMTV telebista katean esan duenez, "bat-batean, Libiara egindako bidai baten ondoren, eta dudarik gabe Sirian ibili ostean, erradikalizazu egin zen, eta atentatua egitea erabaki zuen".

Baina segurtasuna dela-eta eman beharreko informazioaz ika-mikan hasi dira. Amber Rudd Erresuma Batuko Barne ministroak AEBei leporatu die ikerketa iturri ziren xehetasunak argitara eman dituztela, besteak beste, ustezko suizidaren nortasuna. "Oso gogaikarria da", eta halaxe jakinarazi dio Donald Trumpen administrazioari, BBC kateko 4 Irratian esan duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.