Mexiko

Lopez Obradorren alderdiak gehiengoa eskuratu du legebiltzarrerako bozetan

Mexikoko presidentearen Morena alderdiak egun dituenak baino eserleku gutxiago izango ditu hurrengo legealdian, 190 eta 203 artean. Aliatu dituen Langileen Alderdiaren eta Berdeen babesarekin gehiengo osoa izango luke.

Morenako buru Mario Delgado, emaitzen bei izan osteko agerraldian. CARLOS RAMIREZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 7a
11:36
Entzun

Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduak irabazi ditu parlamenturako hauteskundeak, nahiz eta, behin-behineko emaitzen arabera, aurreko legealdian baino eserleku gutxiago izango dituen: 190 eta 203 artean —500 aulki ditu legebiltzarrak—. Dena den, bozketetan gehiengo osora heltzeko arazorik ez du izango, betiere, aliatu dituen PT Lanaren Alderdiaren eta PVEM Mexikoko Alderdi Berde Ekologistaren babesarekin, hiruren artean.

Dena den, kolpea ere jaso du estatuburuaren alderdiak; izan ere, legealdiko helburuetako bat zuten konstituzioa erreformatzea, eta horretarako legebiltzarraren bi herenen babesa beharko luke, 334 diputaturena, alegia, eta, gaur-gaurkoz, ez dute halakorik. Dena den, oposizioak ere ez ditu erdietsi bere buruari jarritako helburuak, eta ezin izan dio aurrea hartu agintean den taldeari. Hala, Va por Mexico koalizioak —PAN, PRI eta PRD alderdiek osatutakoak— 181 eta 218 eserleku artean izango ditu, gehiengo absolututik urrun.

Legebiltzarrerako bozak ez ezik, eskualdeetakoak ere egin dituzte Mexikon, eta horietan bi koalizio nagusiek aldarrikatu dute garaipena. Va por Mexico koalizioak sei estatutan aldarrikatu du garaipena, eta beste hainbeste egin du Morenak ere. PAN, PRI eta PRDk osatutako zerrenda nagusitu egin da Mexiko Hirian, baita Cayoacan eskualdean ere. Aldiz, Morena izan da garaile Zacatecasen, Michoacanen eta Guerreron, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.