Lopez: «Zilegi zen kongresu bat egiteko eskatzea»

Perez Rubalcabaren alde egin du Lopezek, baina esanei eutsiz: «Egoera larriegia da primario batzuek konpontzeko»

Erredakzioa
2011ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
PSOEk hartutako erabakiei leial izan zaiela nabarmendu du Madrilgo bileran Patxi Lopezek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak. Asteartean hautsak harrotu zituen, PSOEk kongresu berezi bat beharko lukeela ohartarazita. Horren alde egin du orain ere: «Eskari zilegia zen». Baina hitzak oker ulertu dituztela adierazi du: «Interpretazio faltsuak egin dituzte».

Ikusmina sortu zuen PSOEko buruzagien aurrean Lopezek egitekoa zuen hitzaldiak. Primarioak soilik aski ez direla iritzita, alderdiaren kongresu berezi bat eskatu zuen, eta, modu horretara, aurka egin zion Jose Luis Rodriguez Zapatero alderdiko idazkari nagusiaren asmoari. Hedabideen aurrean lau haizeetara egin ere. Tentsioa eragin zuen alderdian, atzoko bileraren atarian, eta, egoera horretan, hautagaitzari uko egin zion Carme Chaconek.

Alderdiko zuzendaritzaren ildoaren aurka agertuagatik ere, leialtasunez jokatu duela nabarmendu du Lopezek PSOEko buruzagien aurreko hitzaldian, minduta: «Oker ulertu dira hitzak: ez naiz desleiala izan, lehendakari izatea da nire anbizio bakarra».

Rubalcaba hautagaitzarako proposatuta, gainerakoen bideari heldu dio lehendakariak ere, eta Rubalcabaren alde lerratu da. «Pauso bat aurrera eman behar du, eta hauteskundeak irabazi». Modu horretara, itxitzat eman ditu alderdiaren barruan sortutako ezinegonak eta tentsioak, betiere nabarmenduta ez dela aritu horiek sustatu nahian: «Ez naiz barne apustuetan-edo jardun». Eta egon zitezkeenak ere gaindituta daude: «Alderdia batuta, ilusioz eta indartuta atera da».

Kongresua egiteko nahia ez du erabat bete Lopezek, baina bai neurri batean: irailean batzar bat egingo du PSOEk, egoera aztertzeko eta aurrera begira jartzeko. Hala, lorpen hori eskuan, astearteko adierazpenei eutsi egin die lehendakariak: «Sakoneko arrazoiak nituen adierazpen publiko hura egiteko: egoera larriegia da primario soil batzuekin konpondutzat jotzeko». Horrenbestez, irailean jarri du begia: «Alderdia indartzeko garaia dugu, errealismoz eta autoatseginik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.