Ostiral gauerdirako ordu eta erdiren faltan, Barack Obama AEBetako presidenteak egindako aurrekontu proposamena aztertzen jarraitzen zuten errepublikanoek. Denbora kontra zuten, negoziatzeko epea bukatzear zelako. Gauerdia zuten muga —Euskal Herrian 06:00ak—, eta minutuek aurrera egin ahala, itzaltzen zihoan akordiorako itxaropena. Denek zekiten ados ez jartzeak zerondorio ekarriko zizkion herrialdeari: gobernua itxi beharko zutela eta 800.000 langile publiko lanik eta soldatarik gabe geratuko zirela aldi batez. Baina, epea bukatzeko ordubete besterik gelditzen ez zenean, ustekabean, prentsaren aurrera azaldu zen Ordezkarien Ganberako presidentea, John Boehner errepublikanoa, eta estatubatuar guztiek entzun nahi zutena esan zuen: akordioa egitea lortu zutela, alegia.
2011rako aurrekontuak hitzartu zituzten baieztapena entzun nahi zutenek, ordea, zain gelditu behar izan zuten. Izan ere, larrialdiko aurrekontuen indarraldia datorren ostegun gauerdira arte luzatzea adostu zutela baino ez zuen argitu errepublikanoen ordezkariak. Behin betiko aurrekontu proiektua hitzartzeko behar izan duten denboran, larrialdiko aurrekontu batzuekinfinantzatu dute Administrazioaren jarduna. Eta aurrekontu horiek beste egun batzuez indarrean jarraitzea hitzartu zuten herenegun, Boehnerren esanetan. Luzapen hori, baina, denbora irabazteko tramite bat baizik ez da. Izan ere, ahoz hitzartu dituzten aurrekontuak idazteko eta onartzeko denbora behar du Kongresuak, eta luzapen horrek ostegun gauerdira arteko epea ematen dio.
Aurrekontu berriak datorren ostegunean sartuko dira indarrean, eta irailaren 30era arte egongo dira —AEBetan urriaren 1ean hasten da zerga urte berria—. Hitzartu dituzten murrizketa neurriei esker, sei hilabeteotan 38.500 milioi dolar aurreztuko dituzte AEBek, Obamaren proposamenak gastu handiagoa aurreikusten baitzuen. Errepublikanoek behin baino gehiagotan kritikatu izan dute demokraten gastatzeko zaletasuna, eta, oraingoan, gastua eurek zehaztutako mailara jaistea jarri dute akordiorako baldintza. Duela hiruzpalau egunera arte, gastura 33.000 milioi dolar gutxiago bideratzeko prest zeuden demokratak, baina hori baino gehiago murrizterik ez zutela onartuko zioten. Aldiz, azkenean, ia oso-osorik irentsi behar izan dute errepublikanoek eskatutako 39.000 milioi dolarren murrizketa.
Boehnerrek prentsaren aurrean agerraldia egin eta minutu gutxira, Obamak telebistaz hitz egin zien estatubatuarrei. «Gure etorkizunerako inbertsio bat dira demokratek eta errepublikanoek hitzartu dituzten aurrekontuak; gastu publikoan inoizko murrizketarik handiena egin beharko dugu, ordea». Murrizketa horietako batzuk «mingarriak» izango direla aitortu zuen AEBetako presidenteak berak, besteren artean, herritarrek babesten dituzten programei eta herrialdearentzat beharrezkoak diren azpiegiturei eragingo dietelako. «Baina, gaitasunaren arabera bizitzen hasi behar dugu, hori delako AEBei esparru berrietan lehiatzea ahalbidetuko dien inbertsioak babesteko modu bakarra».
Gizarte gaiak oztopo
Harry Reid demokraten Senatuko buruzagiak nabarmendu zuzenez, aurrekontua negoziatzeko prozesua oso zaila eta korapilotsua izan da. «Azken ordura arte luzatu bagara, ez da egoera dramatizatzeagatik izan, ados jartzeko benetako zailtasunak izan ditugulako baizik».
Boehnerrek eta Reidek, Obamaren laguntzarekin, bi astetik gora igaro dituzte ia etenik gabe negoziatzen. Ostegun iluntzean lortu zuten gastuan egin beharreko murrizketaren zenbatekoa adostea. Baina, artean, desadostasunak zituzten beste puntu batzuetan, batez ere, oinarri soziala duten gaietan. Baldintza jakin batzuetan abortuak egiteko aukera eskainiko lukeen Planned Parenthood osasuneko hornitzaileari zentimorik ez ematea exijitzen zuten errepublikanoek; azkenean, atzera egin, eta Senatuan bozketa bidez erabakitzea onartu behar izan dute. Eta Ingurumenaren Babeserako Agentzia berotegi efektua eragiten duten gasak neurtzeko dirurik gabe uzteko asmoan ere atzera egin behar izan zuten.
«Aurrekontuetan egin beharreko murrizketen inguruko eztabaida zen hau, ez emakumeen osasuna eta ingurumena zaintzea bezalako gizarte gaien ingurukoa. Gai horietako bakoitzak eztabaida berezi bana egitea eskatzen du, diru sailei buruzko eztabaida batean aipamen bat egitea baino askoz gehiago, beraz».
Boehnerrek errepublikanoen garaipen gisa jo zuen gastu publikoa nabarmen murrizteko erabakia, «horrek herritarrei zuzenean eragiten dielako eta enplegua sortzen hasteko baldintzak sortzen lagunduko digulako».
Obamak azaroan aurkeztutako proposamena baino askoz murriztaileagoa da datozen egunetan Kongresuak onartuko duena. Obamaren proposamenak 3,8 bilioi dolarren gastu publikoa eta 1,3 bilioi dolarren defizita aurreikusten zituen; herenegun, ordea, gastura 78.500 milioi dolar gutxiago bideratzea hitzartu zuten. Datozen hamar urteetan gastu publikoa 500.000 milioi dolarretan murriztea da errepublikanoen xedea.
AmeriketakoEstatu Batuak. Aurrekontuen gatazka
Lortu dute, azken-azkenerako
Aurrekontu berriekin, datozen sei hilabetean 38.500 milioi dolar gutxiago gastatu beharko ditu AdministrazioakObamak onartu du murrizketa batzuk «mingarriak» izango direla herritarrentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu