NZAk gerra krimenengatik epaitu nahi ditu hala Kony nola bere bi laguntzaile. LRAko buruak jakin nahi du NZAren atxilotze agindua baliogabe uzteko Ugandako Gobernuak aurreikusitako mekanismo judizial alternatiboak indarrean jarriko dituzten. LRAri bortxaketak, hilketak, torturak eta umeen bahiketak egin izana leporatzen dio Hagan (Herbehereak) egoitza duen epaitegiak.
Gerrilla kristauko eta Gobernuko ordezkariak 2006ko uztailaren 14tik ari dira bake akordioa negoziatzen, eta hura egunotan zuten sinatzekoa. Lehenik Kony zen izenpetzekoa, Sudango hegoaldean duen kanpamenduan, eta geroago, apirilaren 15ean, Ugandako presidente Yoweri Museveni.
BAKE PROZESUA KOLOKAN. Matsangak negoziazioak utzi izanak egoera zaildu besterik ez du egiten. Negoziazioei lotutako iturrien iritziz, litekeena da elkarrizketek porrot egitea. «Bitartekariei gezurrak esatera behartu naute, Joseph Kony prozesu honetan serio jokatzen ari zela esateko. Baina, sentitzen dut, ez da serio jokatzen ari», kexatu da LRAko ordezkaria.
Negoziazioetarako bilera gehienak Juba hirian egin dituzte, Sudango hegoaldeko gobernu autonomoaren bitartekaritzarekin.
LRAk, duela 21 urte, 1987tik ari da borrokan, Ugandako iparraldean. Behiala acholi etniaren sostengu zabala izan zuen, baina eginiko sarraskiengatik sostengua galtzen joan zen. Umeak bahitu eta psikologikoki nahiz fisikoki behartu ondoren, haietako asko gerrillari gisa erabili izan ditu. Erlijio kristauaren irakurketa fundamentalista egiten du, eta Hamar Manamenduak lege gisa ezarri nahi ditu. Berak dioenez, «indigenen eskubideak» defendatu nahi ditu. Konyk duela urte batzuk adierazi zuenez, Museveni presidente duen Ugandako gobernua «deabruak zuzendurik» dago.
Erasoak egiten hasi zenetik LRAk milaka lagun hil eta 2.000.000 baino gehiago desplazarazi ditu, iturri ofizialen arabera. Gobernuari lagundu izanaren susmoagatik hainbat herritar hil izana egotzi diete giza eskubideen aldeko taldeek matxinoei.
Kony eta beste buruzagi batzuk, hainbat gerrillarirekin batera, Sudango hegoaldean aterpetuta daude. Sudango Gobernuak haien presentzia onartzen du, Ugandako Gobernuak SPLA Sudango Herriaren Askapen Armada gerrilla taldea sostengatzen duela argudiatuta.
GerrILLa KrISTau FunDamenTaLIsTareKIKo GaTazKa
1987. Espirituen medium gisa lehen agerraldia egin zuen Joseph Konyk. Alice Aurnaren HSM Espiritu Santuaren Mugimenduaren lekukoa jaso, eta kristautasunaren muturreko bere irakurketa ezartzeko LRA Jainkoaren Erresistentziaren Armada gerrilla taldea sortu zuen Konyk, UPDA Ugandako Herriaren Armada Demokratikoa gerrilako buruzagi ohi Odong Lateken gomendioari jarraiki.1991. LRAren lehen erasoak herrietan elikagaiak eta bestelako gaiak lortzearekin zeuden lotuta. Acholi etniaren babesa izan zuen hasieran, baina gerora harremanak gaiztotu, eta etnia horretako herritar asko kontra azaldu zitzaizkion, lantza eta arkuekin borrokatuko zitzaion taldeak osatuta.
1996. 1986an NRA Erresistentziaren Armada Nazionalak boterean ezarri zuen agintari bera, Yoweri Museveni, presidente hautatu zuten bozetan.
2002. LRAren jarduna murrizteko akordioa sinatu zuten Sudanek eta Ugandak.
2004. Otsailean 200 lagun baino gehiago sarraskitu zituen LRAk Uganda iparraldean, desplazatuentzako kanpamendu batean. Abenduan lehen elkarrizketak egin zituzten Ugandak eta LRAk, baina emaitzarik lortu gabe.
2005. Nazioarteko Zigor Auzitegiak LRAko bost agintari atxilotzeko agindu zuen.
2006. Ugandaren eta LRAren arteko bake elkarrizketen hasiera, Sudanen. Jarraian su-etena hitzartu zuten, baina elkarrizketetan ez zuten asko aurreratu.
2008. Otsailean «su-eten iraunkorra» sinatu zuten Ugandako Gobernuak eta LRAk, Juban (Sudango hegoaldea) eginiko elkarrizketetan. Apirilean bi aldeak sinatzekoak ziren bake akordioa oraingoz zintzilik geratu da, LRAko buruak hainbat kontu argitzeko denbora eskatu duelako.