Luis Abinaderrek irabazi ditu Dominikar Errepublikako hauteskundeak

Oposizioko hautagaiak botoen %53 eskuratu ditu, eta Gonzalo Castillok garaipena aitortu dio.

Abinader, garaipena ospatzen. FRANCESCO SPOTORNO, EFE
2020ko uztailaren 6a
09:22
Entzun

Boto kontaketa amaitu gabe dagoela, Gonzalo Castillo PLDko hautagaiak aitortu egin dio garaipena Luis Abinader PRM oposizioko hautagaiari. Dominikar Errepublikako presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten atzo, eta 2004. urtetik agintean izan den alderdiak, Dominikar Askapenerako Alderdiak (PLD), galdu egin du. Albinaderrek botoen %53 eskuratu ditu, eta Castillok, %37, botoen herenak zenbatu ostean. Lehen datu horien arabera, gainera, Alderdi Iraiultzaile Modernoak (PRM) gehiengoa izango du Senatuan ere.

Castillok aitortu du botoen herenak zenbatuta ez dela aldaketarik izango, eta zoriondu egin du Abinader. Irabazlea 52 urteko enpresari aberats bat da. PLD bezala, PRM ere zentro-ezkerreko alderdi bat da. Abinaderrek, ordea, estatua modernizatu egingo duela zin egin du, eta ustelkeriaren, inpunitatearen eta klientelismoren aurka egingo duela: hain zuzen ere, PLDri egozten dizkion jarduerak. 2004tik gobernuan izan den alderdiaren irudiari kalte egin dio horrek. Lau agintaldi daramatza PLDk agintean, lehenengo Leonel Fernandezekin eta gero Danilo Medinarekin.

Hauteskunde gauean Abinaderrek esan du garaipena urrats sendo bat dela herrialdea "demokratizatzeko eta garatzeko". Osasunaren alde egingo duela esan du, eta enpresen ekoizpena bultzatzeko eta deuseztutako enpleguak berreskuratzeko ere bai. "Egiteko daukagun bidea ez da erraza izango, sendo baina zuhurtziaz egingo dugu aurrera", esan du.

Oraindik ez dute parte-hartze daturik eman, baina hauteskundeak pandemia garaian egin arren handia izan dela iragarri dute. Maskara jantzita bozkatu behar izan dute dominikarrek, eskuak garbitu ondoren eta ilaran metro eta erdiko distantzia mantenduz. Kanadan, Erresuma Batuan, Panaman eta Argentinan bizi direnek, ordea, ezin izan dute bozkatu. Bai, ordea, Hego Euskal Herrian bizi direnek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.