Lularen bide beretik

Dilma Rousseffek irabazi ditu Brasilgo presidentetzarako bozak; bera izango da kargua beteko duen lehen emakumea

2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Begiak malkotan, eta emaitzagatik pozarren agertu zen atzo Dilma Rousseff hedabideen aurrean. «Nire bizitzako misiorik garrantzitsuena da hau, baita inoizko desafio zailena ere», adierazi zuen Brasilgo presidente aukeratu berriak. Kargurako hautatzen duten lehen emakumea delako, garaipenak berdintasuna lortze aldera izan dezakeen garrantzia nabarmendu zuen Rousseffek, presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituela jakitean: «Herritarrek egin duten aukerak herrialdeak aurrera egin duela erakusten du; izan ere, emakume bat arduratuko da lehen aldiz Brasil gidatzeaz».

Langileen Alderdiko (PT) hautagaiak, Rousseffek, botoen %56 eskuratu ditu hauteskundeen bigarren itzulian. Hortaz, bere aurka lehiatu den hautagai sozialdemokratari dezenteko aldea atera dio: Jose Serrak botoen %43,99 eskuratu ditu. Inkestek iragarritakoa bete da horrela; lehen itzulian hautagai bakar batek gehiengo osoa eskuratu ez bazuen ere, bigarrengoan Rousseffek aise irabaztea espero baitzen. Haatik, inor gutxik uste zuen hain parte-hartze eskasa izango zela: diktadura amaitu zenetik, hain zuzen, sekula ez zen Brasilen halako abstentziorik izan. Hauteskunde Batzordeak emandako datuen arabera, herritarren %21,5ek ez du botorik eman; Rousseffen alde egin dutenen erdiak, hain zuzen.

Luiz Inacio da Silva Lula Jose Serraren aurka lehiatu zenean ere -Rousseffen aurka lehiatu denak 2002ko hauteskundeetan Lularen aurka galdu zuen- ez zen hain parte-hartze baxua izan: orduan abstentzioa %20,5ekoa izan zen. Aurtengo presidentetzarako lehen itzulian, berriz, are txikiagoa, %18koa, izan zen. Adituen ustez, hauteskunde eguna jaiegun bezpera izateak eta Amazoniako hainbat estatutan hauteslekuetara iristeko herritarrek izan dituzten zailtasunek eragin dute parte-hartzea murriztea.

Pobrezia amaitzea helburu

«Jakinda beti zabalik egongo dela, beharrezko denean joango naiz Lularengana ate-joka». Hein batean bada ere, Brasilgo presidenteak emandako babesari esker lortu du Rousseffek garaipena. Kanpaina hasi zenetik izan du alboan Lula-urtarrilaren 1ean utziko du kargua-; bere agintaldia azkenetan egonda ere, herritarrak alde baititu oraindik Lulak: gaur egun herritarren %80ren baino gehiagoren onespena du presidenteak, behartsuen artean batez ere. Izan ere, Lularen zortzi urteko gobernuaren ondoren, 29 milioi behartsu gutxiago daude Brasilen. Hala ere, 73 milioi bizi dira oraindik behar gorrian, herena baino gehiago. Haiek denek Rousseffek Lularen politika berarekin jarraitzea espero dute.

Hala egingo duela jakinarazi du Brasilgo presidente aukeratu berriak. «Lulak urratutako bide beretik, pobrezia amaitzeko konpromisoa hartzen dut», adierazi du Rousseffek, presidenteak egindakoak goraipatuz. Ez da egin duen promesa bakarra izan hori; besteak beste, adierazpen askatasuna, lan duina izateko eskubidea, errentaren banaketa, etxebizitzarako eskubidea, bake soziala, eta prentsa eta erlijio askatasuna sustatzeko konpromisoa hartu baitu. Zeregin horietan guztietan Lularen laguntza izango du, nahiz eta presidenteak jakinarazi duen dagoeneko ez dela gobernuko kide izango.

Hauteskunde emaitzak jakinarazi zituztenean, herritarrak kalera irten ziren, Rousseffen garaipena ospatzeko. Haatik, etxekoen zorion hitzak ez ezik, atzerriko dozenaka agintariren deiak ere jaso ditu. Hala nola Cristina Fernandez Argentinako presidentearenak -joan den astea hil zitzaion senarra, Nestor Kirchner presidente izandakoa-: «Ongi etorri genero berekoen klubera». Urrutiagotik, Irandik, harreman adiskidetsuak eraikitzeko gonbita egin diote Rousseffi.



Soslaia

DILMA ROUSSEFF

Presidentearen besoetakoa

Prentsak justizia egin ez diolakoan, kexu agertu da Dilma Rousseff: «Emakume batek kargu autoritatedun bat hartzen duenean, burdinazko damaren estereotipora jotzen du». Kazetarien irudiko, kemen handikoa, serioa, gogorra, zorrotza eta jenio bizikoa da Rousseff; aldiz, adjektibo horiekin janzten dutenak sinplistak direlakoan dago bera. Brasilen presidente kargua eskuratzen duen lehen emakumea da Rousseff.

Luiz Inacio da Silva Lula-ren ondo-ondokoa da. Baina besoetakoa izanda ere, gobernuburuaz oso bestelakoa: kudeatzaile zuhurra, hizlari sutsua baino gehiago. Langileen Alderdian (PT) denbora gutxiegi egin izana leporatu diote kide historikoek; dena dela, Lulak bezala, oso gazte ekin zion politikagintzari, diktaduran garaian, hain zuzen.

1964tik 1985era iraun zuen diktaduraren aurkako gerrillako kide izan zen Rousseff gaztetan. 1969an egin zen klandestino, baina urtebete geroago atxilotu, torturatu eta kondenatu egin zuten. Garesti atera zitzaion ezkerreko militantzia hura: torturengatik tiroideko arazoak ditu, eta hiru urte egin zituen kartzelan. Harekin batera gerrillako kide izan zirenek adierazi dute Rousseff talde armatuko buruzagitzako kide izan zela eta ekintza armatuetan hartu zuela parte; alabaina, Rousseffek dio baseko militantea izan zela, eta militarrek trebatu bazuten ere, ez zuela operazio bakar batean parte hartu.

Abokatu bulgariar baten eta irakasle brasildar baten alaba da Rousseff. 1947ko abenduaren 14an jaio zen, Belo Horizonten (Minas Gerais, Brasil). Han igaro zituen gaztaroko urteak; eta han konbentzitu zuten ideia marxistek. Hantxe bihurtu zen gerrillari ere. Haatik, kartzelatik irtetean hegoaldera joan zen, ikasketak egiteko. 1973an jarri jarri zen bizitzen bikotearekin, Carlos Araujo gerrillaburuarekin; harekin alaba bat izan zuen. 2000an senarrarengandik banandu zen.

30 urte zituela amaitu zituen ekonomia ikasketak. Orduan ekin zion berriro politikagintzari: 2000an afiliatu zen PTra, eta 2002an, Lularen gobernuko kide bihurtu zen, Mina eta Energia Ministerioaren arduradun gisa. Ustelkeriagatik, Jose Dirceuk presidentetza Ministerioa utzi zuenetik, kargu horretan ere aritu da Rousseff. I.Z.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.